2019ko irailaren 28a

Ayerdi kontseilariak aintzatespenak banatu dizkie 17 profesionalei beraien lan autonomoagatik

Ekitaldian, negozioen belaunaldi-erreleborako poltsaren emaitzak eta Nafarroako Lan Autonomoa deritzon app berria aurkeztu dituzte
Foto de grupo de los autónomos galardonados y las autoridades.
Foto de grupo de los autónomos galardonados y las autoridades.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik ibilbide profesionalaren aitorpenezko sariak banatu ditu 17 autonomoren artean, Nafarroako Lan Autonomoaren II. Feriaren barnean. Horrekin batera, kontseilariak negozien belaunaldi-erreleborako poltsaren emaitzak aurreratu ditu, izan ere, 200 interesdun bildu ditu dagoeneko abian diren negozioekin aurrera jarraitzeko asmotan.

Hauexek dira Lan Autonomoaren Nafarroako Kontseiluak jardun profesionalagatik, abian jarritako jardunbide egokiengatik, negozioaren nazioartekotzeagatik zein lanaren inpaktu sozialagatik hautatu eta saritu dituen pertsonak: Juan Karlos Pulido, Maria Luisa Zufiaurre, Diego Arpide, Cristina García, Iker Ibero, Santiago Cordon, Ernesto Bravo, Jaione Elizalde, Pilar Ramirez, Guillermo Garde, Jesús Zapata, Margarita Muguiro, Beatriz Zazpe, María José Moriones, Tina Asensio eta Jesús Manuel Puerta. Gainera, María Eugenia Echarrenek aipamen berezia jaso du bere ibilbide profesionalagatik.

Agerraldian, Ayerdi kontseilariak parte-hartzea eskertu die Nafarroako Lan Autonomoaren II. Ferian bildutako 125 profesionalei baino gehiagori, eta argi utzi nahi izan du “langile autonomoena giltzarrizko sektore produktiboa dela gure gizartearentzat”. Nafarroan 47.500 autonomo afiliatuta daude Gizarte Segurantzan, hots, pertsona guztien % 20 baino gehiago, Foru Komunitateko enpresa-sarearen % 90 baino gehiago osatzen dutelarik. Kontseilariak zorionak eman dizkie golardoa irabazi dutenei eta autonomo guzti-guztiei “Nafarroari ematen dioten ekintzailetza pertsonalaren eta bultzada ekonomiko eta sozialaren etsenplu handiagatik”.

Negozioen erreleborako poltsa

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko titularrak gogoratu duenez, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Lan Autonomoaren Plana abiarazi zuen 2017an autoenplegua sustatu, bultzatu eta indartzeko xedez. Plan honen barnean, azken hilabeteotan negozioen erreleborako poltsa garatu da, negozioa eten nahi duen pertsona ekintzailearekin harremanetan jarriz. “Tresna interesgarria da landa-eremuetan, ingurunean oso errotuta dagoen bertakoaren balioaren aldeko apustuari eusten dioten ekintzaileentzat, garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzen eta lurralde-kohesioa indartzen lagun dezaten”, Ayerdiren esanetan.

Poltsak 200 pertsona inskribatuak ditu, hainbat negoziotan erreleboa hartzeko prest, baita negozioa saldu edo eskualdatu nahi duten 106 pertsona eta negozioren bat erosteko asmotan dabiltzan 13 pertsona ere.

Gainera, autonomoei Nafarroako Gobernuak sektore honetan egiten dituen ekintzen berri ematen dien Nafarroako Lan Autonomoaren aldeko Ekintza Gidaren barnean, kontseilariak luze gabe erabiltzeko moduan izanen den Nafarroako Lan Autonomoa deritzon app berria aurkeztu du gaur. “Administrazioaren eta autonomoen arteko harremanak erraztea da aplikazio mugikorraren helburua, autonomoen eguneroko jarduna ere errazteko eta jardun hori bistaratzeko”, azaldu du kontseilariak.

App honek Nafarroako autonomoen sustapenerako katalogoa du, eta autonomoak kokapenaren, jardueraren eta balorazioen arabera sailkatuta daude. Horrekin batera, negozioen bilatzailea du, kategorien arabera antolatuta eta erabiltzaileen balorazioak txertatzeko aukerarekin; baita aurrekontuak eskatzeko aukera, agenda eta ekitaldien atala eta lan autonomoa babesteko entitateen zerrenda ere, aipaturiko errelebo poltsarekin batera.