2019ko irailaren 26a

Gobernuak Nafarroan Brexitaren inpaktua murrizteko neurriak aurkeztu ditu Madrilen

Ollo kontseilariak herritarren eskubideetan, kanpo-merkataritzaren gaineko inpaktuan eta bestelako esparruetan elkarrekin lan egin behar dela adierazi du Europar Batasuneko gaiei buruzko autonomien arteko konferentzian (CARUE)
Gobernuak Nafarroan Brexitaren inpaktua murrizteko neurriak aurkeztu ditu Madrilen. Irudi galeria

Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo Hualdek gaur goizean Madrilen adierazi duenez, modu bateratuan lan egin behar da Nafarroan Brexitaren efektuak arinduko dituzten neurriak ezartzeko, herritarren eskubideen galerari eta Erresuma Batuarekiko merkataritza-harremanetan nafar enpresei eragingo dieten muga-zergen politika berriari aurre eginez.

Kontseilariak Europar Batasunarekin lotutako Gaiei buruzko Konferentziaren 61. Bileran parte hartu du gaur goizean, Gobernuko departamentuak nafar enpresekin eta entitateekin koordinatuta garatzen ari diren lanen berri emateko.

Gobernuko Lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Gorteekiko Harremanetako eta Berdintasuneko ministro Carmen Calvo buru izan duen bilera honetan, Ollo kontseilariak, 2018az geroztik Nafarroako Gobernuko departamentuen ekintza gidatu duen koordinazioa nabarmendu nahiz izan du.

Kontseilariak gogoratu duenez, egoerari aurre egiteko lehenengo neurria izan zen Brexitaren Behatokia abian jartzea, eta honen bitartez, modu pertsonalizatuan informatu eta artatu dira Erresuma Batuarekin merkataritza-jarduna duten nafar enpresak.

Ollok, halaber, zenbait sozietate publiko eta pribaturen bitartez, Gobernuak abiarazi duen finantzaketa-ildoa aipatu du, Erresuma Batuarekiko zuzeneko zein zeharkako merkataritza-harremanak dituzten nafar enpresei epe labur eta ertaineko laguntza emateko.

Tresna osagarri gisa, Nafarroako Gobernuak enpresen autodiagnosia egiteko doako tresna prestatu du, Brexitaren aurrean duten esposizioa neurtzeko, eta enpresendako bonuak kaleratu ditu, Brexitaren inpaktuari buruzko kontsultoretzak diruz laguntzeko.

Kalteturiko sektoreak

Bestalde, Ollo kontseilariak Brexit gogor batean gehien kaltetuko liratekeen nafar sektoreei buruzko gaiak planteatu ditu. Automobilgintza eta nekazaritzako elikadura sektoreak aipatu ditu nagusiki, produktu galkorren esportazioari arreta berezia emanez, muga-zergekin, merkataritza barrerekin edota osasun kontrolek nahiz mugako tramiteek eragindako atzerapenekin lotutako gaietan. Esparru honetan, kreditu-ildoak eta antzeko neurriak abian jartzeko aukera aztertzea planteatu du Erresuma Batuarekiko merkataritza-eragiketak segurtatzeko, edota “Fast track” bitartekari bat ezartzea, merkantzia galkorren garraioak behar ez bezalako atzerapenak jasan ez ditzan.

Europar finantzaketa aipatu du eskualde nahiz toki mailan gauzatu beharreko ekintzei dagokienez, eta Globalizaziora Egokitzeko Europako Funtsaren esku-hartzea eskatu du lanik gabe geldi daitezkeen langileei laguntza emateko.

Halaber, kezkatuta agertu da herritarren eskubideetan gerta daitekeen murrizketaren aurrean, bereziki osasun eta gizarte laguntzetan. Une honetan, ia 1.500 nafar bizi dira Erresuma Batuan eta 500 britainiar baino gehiago Nafarroan. Azkenik, tituluen akreditazioa aipatu du, baita Erresuma Batuko zenbait medikamentu inportatzeko aukera ere, horniketarik eza gertatzekotan, edota Europako lan-mugikortasuna sustatzen duen EURES sarearen egoera, izan ere, Nafar Lansareren bitartez kudeatzen den arren, jarraibide berriak izan ditzake Erresuma Batuarekin kudeatzen ari diren eskaintza eta eskaerei buruz.

Haren hitzetan, une honetan, “Erresuma Batua Nafarroatik esportazio gehien jasotzen dituen seigarren herrialdea da. Azken hilabeteotan gutxitu diren arren, oraindik ere balantza komertziala oso positiboa da: 370,5 milioi euro 2018ko urtarriletik urrira bitartean”.

Bukatzeko, argi utzi du “Nafarroako Gobernuak lanean jarraituko duela enpresen eskubideak defendatzeko eta kaltetuak izan daitezkeen nafar enpresei informazio erabilgarri guztia helarazteko”.

Europar Batasunarekin lotutako Gaiei buruzko Konferentzia (CARUE)

CARUE osaera horizontaleko lankidetza-organoa da, eta autonomia-erkidegoek bertako erakundeetan parte hartzen dutela bermatzea du helburu, baita foro bat eskaintzea ere Estatuak informazioa eman dezan eta autonomia-erkidegoek Europa eraikitzeko prozesuaren gai garrantzitsuei buruz duten iritzia entzun dezan, gai instituzionalak izanda ezin baitira biltzar sektorial espezifikoetan aztertu.

Gaurko bileran, parte-hartzaileek Brexitek autonomia-erkidegoetan izango dituen eraginak aztertu ahal izan dituzte. Halaber, Ministeriok lan-agiria aurkeztu du autonomia-erkidegoen eta Estatuaren arteko jarduna koordinatzeko, orokorrean zein sektoreka.