2019ko irailaren 25a

Nafarroako Gobernuak zazpi industrialde berriren finantzaketa onartu du 15 milioi euroko inbertsioarekin

NASUVINSA sozietatea plan honetako jarduketak gauzaten hasi da, eta horri esker, bederatzi enpresa finkatuko dira Arakilen, Argedasen, Cascanten, Iruñerrian, Irurtzunen, Lodosan eta Irunberrin
El Gobierno de Navarra aprueba la financiación de siete nuevas áreas industriales, con una inversión de 15 millones de euros Irudi galeria

El Gobierno de Navarra, a través de la sociedad pública Nasuvinsa, va a promover en los próximos meses la creación de 309.123 nuevos metros cuadrados de suelo industrial, en siete zonas de Navarra, en las que ya se acordado la implantación de nueve empresas. La actuación, con una inversión de 15,2 millones de euros, se llevará a cabo en Arakil, Arguedas, Cascante-Monteagudo, Comarca de Pamplona, Irurtzun, Lodosa y Lumbier

Nafarroako Gobernuak, Nasuvinsa sozietate publikoaren bitartez, zoru industrialeko beste 309.123 metro koadroren sorrera bultzatuko du datozen hilabeteotan Nafarroako zazpi eremutan, zeinetan bederatzi enpresaren ezarpena adostu den. 15,2 milioi euroko inbertsioa atxikia duen jarduketa hau Arakilen, Argedasen, Cascante-Monteagudon, Iruñerrian, Irurtzunen, Lodosan eta Irunberrin gauzatuko da.

Horretarako, foru Exekutiboak gaurko bilkuran onarturiko erabakiaren arabera, baimena eman dio SODENA (Nafarroako Garapenerako Sozietatea) sozietate publikoari Nasuvinsari 6,5 milioi euroko mailegua eman diezaion finantzaketa gauzatu ahal izateko.

Jarduketak hasita daude jadanik Arakilen eta Argedasen, eta datozen hilabeteotan (abenduan) Iruñerrian abiaraziko dira. 2020an (abenduan) Irurtzunen hasiko dira, eta 2021eko ekainean Cascante-Monteagudon. Industria instalazio berri guztiak 2022ko ekaina baino lehen erabilgarri egotea da helburua.

Gobernu bilkuraren ondoko prentsaurrekoan, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak argi utzi du “plan hau arras berritzailea dela, izan ere, Nafarroako Gobernuak lehenengo aldiz aldez aurreko eskariaren arabera eta enpresen beharrei erreparatuta garatuko du zoru industriala”.

Gainera, planaren finantzaketa onartzeko akordioa mamitu du. “Honen bitartez, industria suspertzen lagundu nahi da Nafarroako zenbait eremutan, kalitateko enplegu egonkorraren sorreraren mesedetan”, azpimarratu du.

Nasuvinsak landutako bideragarritasun ekonomiko-finantzarioari buruzko txostenaren arabera, inbertsio publikoa bideragarria izanen da, eragiketak Barne Errentagarritasun Tasa (BET) positiboa baitu.

Bederatzi enpresa finkatuko dira zoru industrial berrietan: Harivenasa eta banaketa-enpresa bat Arakilen, Cárnicas Iruña Irunberrin, Congelados de Navarra Argedasen, Estampaciones Mayo eta Integralia Eskirozko Comarca II-industrialean, nekazaritza-elikadurako enpresa bat Cascante edo Monteagudo aldean, kontserba-enpresa bat Lodosan, eta beste industria bat Irurtzun aldean.

15,2 milioiko inbertsioaren finantzaketa honela eginen da: 6,5 milioi euro gaur Gobernuak Sodenari baimendutako Nasuvinsaren mesedeko kredituari dagozkio (abuztuan Sodenaren administrazio kontseiluak onartu zuen); 3,5 milioi euro enpresa publikoak biltzen dituen Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak (CPEN) emandakoa da, eta beste 5 milioi euro Nasuvinsak berak ordaindutakoa.

Inbertsioen xehetasuna

Inbertsiorik handienak Nasuvinsak Sakanan eta Iruñerrian gauzatuko dituen jarduketei dagozkie. Lehendabizikoan, 115.000 metro koadroren garapena aurreikusi da, 4,1 milioi euroko inbertsioarekin. Horietarik, 100.000 metro koadro oloaren produktu deribatuak ekoitzi eta merkaturatzen dituen Rural Kutxaren eta Artajona kooperatibaren Harivenasa enpresak hartuko ditu. Gainerako 15.000 metro koadroak muntaketan eta banaketan diharduen enpresa batendako izanen dira.

Eskirotz Galarren finkaturiko Comarca-II industrialdeari dagokion jarduketan, 66.000 metro koadro antolatuko dira, 4,5 milioi euroko inbertsioarekin. Lan horien bitartez, automobilgintza sektorerako pieza estanpatuak fabrikatzen dituen Estampaciones Mayo enpresaren instalazioak handituko dira (30.000 m2), baita mikrobusen karrozeriak ekoizten dituen Integralia enpresarenak ere (10.000 m2). Inbertsio horretaz baliatuta, Nasuvinsak beste 20.000 metro koadro garatuko ditu, Iruñerrian dagoen enpresa-eskariari aurre egiteko.

Halaber, Argedas, Irunberri eta Lodosako industrialdeak handitzeko egingo den 3.5 milioi euroko inbertsioa nabarmendu behar da, horietako bakoitzean 30.000 metro koadro inguru garatzen lagunduko baitu. Honen bitartez, erantzuna eman nahi zaio zenbait enpresaren eskariari; hala nola, nazioartekotze prozesu bizkorrean murgilduta dagoen Erriberako Congelados de Navarra enpresa; Irunberrin lantegi berria finkatuko duen Cárnicas Iruña, edota Lodosan instalazioak handitzeko asmotan dabilen kontserba eta produktu ekologikoen enpresa.

Gainera, beste 30.000 metro koadroko jarduketa bat aurreikusi da Cascanten edo Monteagudon (700.000 euroko inbertsioa tarteko), instalazio berriak irekitzeko asmoa duen Erriberako nekazaritza-elikadurako enpresa batendako. Plana osatzeko, Nasuvinsak 3.500 metro koadroko nabea eraikiko du Irurtzun aldean, inguru horretan instalatu nahian dabilen enpresaren bati alokatzeko xedez.

Hirigintza arloko zazpi esku-hartze hauek Nasuvinsaren jarduketa industrialen planaren lehen faseari dagozkio. Bigarren faseak antzeko kopuruak izanen ditu metro koadroetan zein inbertsioetan, eta lehendabiziko faseari atxikitako zazpi industrialdetako bostetan zoru gehiago garatzea izanen du helburu, bereziki Lodosan, Arakilen eta Cascanten, baina baita Argedasen eta Irunberrin ere, enpresen lehendabiziko ezarpenak finkatuz doazen heinean.