Descárgate la app
Nafarroako bostehundik gora ostalaritza-lokalek 75.000 ontzi banatuko dituzte soberako janariaren aprobetxamendua bultzatzeko
2019ko irailaren 24a
Nafarroako bostehundik gora ostalaritza-lokalek 75.000 ontzi banatuko dituzte soberako janariaren aprobetxamendua bultzatzeko
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gómez eta Toki Administrazioko zuzendari nagusi Jesús Mari Rodríguez astearte honetan izan dira Garesen, foru Komunitateko taberna, jatetxe eta aisia-lokaletako elikadura-aprobetxamendua bultzatzea xede duen “Birron egin / Que reaproveche” ekimenaren aurkezpenean.
Foru Komunitateko Elikagaiak Alferrik galtzearen aurkako I. Astearen barnean, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak ontzi konpostagarriak banatzeko ekintza hau aurkeztu du, taberna eta jatetxeetako bezeroek soberako janaria etxera eramateko aukera izan dezaten.
“Birron egin / Que reaproveche” deritzon kanpaina honetan, 75.000 tuper banatuko dira partzuergoan ordezkatuta dauden mankomunitate guztietako bostehundik gora ostalaritza-lokalen artean.
Ontziak material kospostagarriz eginda daude, eta behin erabilita, nahi adina aldiz berrerabili edo konpostontzira zein bosgarren edukiontzia deritzon zabor organikoaren edukiontzira botatzen ahalko dira.
Tuperrekin batera, lokalek kartoizko kaxak ere banatuko dituzte, ontziak eramateko plastikozko poltsarik erabil ez dadin. Gainera, ekimenari atxikitako jatetxe eta tabernek menuaren kartak kanpaina honen irudia daraman pegatina batekin aurkeztuko dituzte, bezeroak landutako elikagaien soberakinak aprobetxatzera gonbidatzeko.
Kanpaina aste honetan bertan abiarazi da, Elikagaiak Alferrik galtzearen aurkako I Asteko jarduerekin bat eginez, eta urtea bukatu arte luzatuko da.
Ekimen honen bitartez, ostalariak nahiz kontsumitzaileak kontzientziatu nahi dira kontsumorako prest dauden baina ezin merkatura daitezkeen elikagaien soberakinak murrizteko beharraz.
Kalkuluen arabera, Nafarroan urtero, 115.000 tona elikagai baino gehiago botatzen dira zaborrontzira. Kopuru horren % 42 etxeei dagokie, eta horren arabera, nafar bakoitzak batez beste 72 kilo janari alferrik galtzen ditu urtero.
Ontziak banatzeko kanpaina hau sustatu duen Hondakinen Partzuergoan Nafarroako Gobernua ordezkatuta dago Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bitartez, 15 mankomunitate hauekin batera: Goi Araxes, Baztango Udala, Bidausi, Bortziriak, Ezka Zaraitzu, Irati, Malerreka, Mairaga, Mendialdea, Jurramendi, Zangoza, Sakana, Goi Erribera, Erribera eta Izarbeibar.
EDER, Erdialdea, TEDER eta CEDERNA-GARALUR garapen-partzuergoek ere hartu dute parte kanpaina honetan dagozkien eremuetan.
“Birron egin / Que reaproveche” kanpainaren diseinua Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren esku utzi dute Jurramendiko Mankomunitateak eta TEDER elkarteak foru Gobernuak sustatutako Nafarroa Zirkularra proiektuaren barnean.
Elikagaiak alferrik galtzearen aurkako astea
Irailaren 21ean hasi eta igandean, hilak 29, bukatuko den Elikagaiak Alferrik galtzearen aurkako Astearen barnean, INTIA sozietate publikoa, Elikagaien Bankua eta Hondakinen Mankomunitateak partaide dituzten askotariko ekimenak antolatu dira. Hartara, “Janaria ala zaborra? Zuk aukeratu/ ¿Comida o basura? Tú decides” sentsibilizazio-kanpaina Altsasura iritsiko da bihar, soberako elikagaiekin landutako pintxoak banatzen dituen “food truck”-arekin, eta etzi, ostegunez, Iruñean izanen da, Gaztelu Plazan, Karlos III.arekiko izkinan, arratsaldeko 5etatik 8etara bitartean.
Kanpaina instituzional honetan, Nafarroako Gobernuaren Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularraren Sustapenerako Bulegoak, Hondakinen Partzuergoak eta Nafarroako Gobernuaren GAN-NIK sozietate publikoak parte hartu dute.
Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planaren helburuak eta neurriak martxan jartzeko prozesuari atxikita dago. Plan horren helburuen artean, 2017rako etxeko hondakinen sorkuntza %12 murriztea eta Nafarroan elikagaiak alferrik galtzearen aurkako Plan bat idaztea daude.
Planaren jarraibideen harira, Hondakinen Prebentziorako Bulegoak Elikagaiak alferrik galtzeari buruzko Mahaia jarri zuen martxan. Bertan elikagai kateko sektoreen ordezkariak daude –ekoizleak, kontsumitzaileak, ostalaritza, Administrazioa eta gizarte erakundeak–, eta Elikagaiak Nafarroan Alferrik Galtzeari buruzko Agenda izanen denaren diseinuan ari dira lanean. Bertatik sortu zen Elikagaiak Alferrik galtzearen aurkako I. Astea.