Descárgate la app
Kirolaren Europako Asteak jarduera fisikoaren eta kirolaren garrantzia nabarmendu du osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko
2019ko irailaren 23a
Kirolaren Europako Asteak jarduera fisikoaren eta kirolaren garrantzia nabarmendu du osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko
Urtero bezala, Foru Komunitateak bat egin du, gaur, irailak 23, hasi eta hilaren 30era arte luzatuko den V. Kirolaren Europako Astearekin. Kirolaren Astea da Europako Batzordeak adin guztietako herritarrak, osasuntsuak zein gaixorik daudenak, gizonak eta emakumeak, ariketa fisikoa edo kirola segurtasunez eta norberaren egoeraren arabera egitera animatzeko bultzatzen dituen ekimenetako bat.
Kirolaren Europako Astearen aurtengo edizioaren kariaz, joan den ostiralean, Nafarroa, Aragoi, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako kirol arduradun publikoek eta federazioek osatzen duten Kirolaren Mugaz Gaindiko Batzordearen jardunaldia antolatu zen Nafarroa Arena pabilioian, 140 parte-hartzaile baino gehiago bilduz, Euroeskualdeko lurraldeetako kirol arduradunen ikuspuntuak aztertzeko xedez.
Nafarroan, osasun-zentroek, udal kirol zerbitzuek eta bestelako entitate eta elkarteek hainbat informazio-sentsibilizazio jarduera antolatuko dituzte: ariketa fisikoa egiteko gomendio, informazio erakustokietan, informazio mahaiak edo komunitate giroko jarduerak. Aurten, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak informazio-liburuxkak eta 7.000 podometro banatuko ditu osasun-zentroek eta farmaziek antolatutako jarduerak indartu eta bultzatzeko.
Horren harira, emandako gomendioen artean bildu dira egiten den ariketa fisikoa mantentzea eta areagotzea edo hobetzea, praktikatutako ariketa mota edo denbora gomendatutakoa baino txikiagoa denean.
18 urtetik beheitiko herritarren artean, jarduera fisikoak sasoi fisikoa eta osasun mentala hobetzen ditu, sozializatzeko eta trebetasun psikomotorrak zein pertsonalak eta sozialak ikasteko aukera ematen du, kontzentrazioa areagotzen du, haziera eta garapen egokia errazten du eta tresna paregabea da gaixotasun kronikoak prebenitzeko, adin horretan agertu ohi direnak zein adin horren ondorengoak.
Helduei fisikoki arin mantentzen, pisua kontrolatzen eta ongizate emozionala, funtzio kognitiboa zein gizarte-ongizatea hobetzen laguntzen die. Mugitzea garrantzitsua da bizi-kalitate ona mantentzeko edo berreskuratzeko. 50 urtetik aitzinera, muskulatura, indarra, malgutasuna eta abar galduz goaz, bereziki zenbait gaixotasunen eraginez. Jarduera fisikoa baliabide garrantzitsua da gaitasun funtzionalari eusteko.
Jarduera eta ariketa fisikoa Nafarroan
Gure komunitatea ibiltarien lurraldea izan da eta da. Jende askori gustatzen zaio baratzea, ibiltzea, soroetara ateratzea, mendira igotzea, bizikletari eragitea eta askotariko kirol ekitaldi eta jardueretan parte hartzea. Askotan, naturarekin bat eginda bizi dira.
Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokiaren arabera (NOKB), hainbat inkestatako emaitzak bildurik, Nafarroa da jarduera fisikoaren maila altuko 15 eta 69 urte bitarteko pertsonen portzentajerik handiena (% 40,1) duen hirugarren autonomia-erkidegoa, Estatuko batezbestekoaren gainetik (% 24,3), honek hobekuntzarako tartea baitu oraindik.
Aisialdian, nafarrek jarduera fisikoaren portzentaje handia dute, eta hauen sedentarismoa % 29,7tik % 22,8ra murriztu da 2016tik 2017ra bitartean. Izan ere, Nafarroa izan zen 2017an aisialdi ia arras sedentarioa dutela (irakurtzea, telebista ikustea, zinemara joatea, etab.) eta ariketa fisikorik egiten ez dutela zioten pertsonen portzentajerik txikieneko autonomia-erkidegoa. Hala ere, 15 urte eta gehiago dituztenen % 39,5ek eserita egin ohi du jarduera nagusiari (lana, ikastetxea, etxea, etab.) dagokion denborarik gehiena, eta datu hau hobetzea garrantzi handikoa da.
Jarduera fisikoaren maila aztertuz gero, 15 eta 34 urte bitarteko gazteak dira jarduera fisikoaren mailarik altuena dutenak, gizonak zein emakumean, eta mailarik baxuena edo inaktiboena 35 eta 49 urte bitarteko gizonei eta 65 eta 69 urte bitarteko emakumeei dagokie. Ariketa moderatua edo altua egiten dutenen artean, emakumeek gehienbat moderatua egin ohi dute, eta gizonek altua.
NOKBek desberdintasunei buruz egindako azterlean, sedentarismo maila handiagoa antzeman zen Lizarrerian, Erdialdean eta Tutera aldean, baina estatistikoki ez ziren alde adierazkorrak aurkitu jaiotze-lekuari, ikasketa-mailari edo klase sozialari dagokienez.
Osasuna zaintzeko gomendioak
Ariketari fisikoari buruzko gomendioei dagokienez, oinarrizko proposamena azkar ibiltzea edo bizikletan paseatzea da, egunero eta ia egunero eta 30 minutuz, gutxienez (10na minutuko tarteak egin daitezke), izan ere, hori 8.000 edo 10.000 pauso ematea eta gihar-talde nagusietan indarra eta malgutasuna lantzeko ariketak egitea bezalakoxea; eta 65 urtetik goitikoa izanik, oreka lantzeko ariketak egitea komeni da astean bi aldiz eta 30 minutuz. Ariketa moderatu honen denbora erdira laburtzen ahal da jarduera gogor samarra bada.
Baita ere, egonean gauden tarteak murriztea gomendatzen da, jarduera nagusiari dagokionak barne, ondoz ondoko bi ordutik behera. Ordubetez edo bi Orduz behin mugitzea, paso txiki bat egitea, luzatze-saio laburrak egitea. Eta pantailaren aurrean (telebista, ordenagailua, mugikorra, tableta, bideojoko-kontsola, etab.) egiten den denbora murriztea.
Ariketa eguneroko bizimoduan txertatzea egiazki egiten ahal den aukera da. Lanera, erostera, laguneki egotera etab. oinez edo bizikletaz joatea gomendatzen da, baita eskailerak igotzea osasunak horretarako aukera ematen duenean, etxean zein lanean edo aisialdian ibiltzea eta gozatzeko moduko beste jardueraren bat (baratzea, dantza, paseoak, igeriketa…) gehitzea ere.
Urrats bakoitza... garrantzitsua da
Informazio gehiago:
Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokia
Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua: ariketa fisikoa