Descárgate la app
Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren lanaren ondorioak ezagutu ditu Ollo kontseilariak
2019ko irailaren 23a
Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren lanaren ondorioak ezagutu ditu Ollo kontseilariak
Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, topaketa bat izan dute gaur goizean erakundearen eta Nafarroako Gobernuaren elkarlanerako zeharkako lerroak aztertzeko. Zentzu horretan erakundeko arduradunek Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren kongresuan ateratako ondorioak jarraituz zehaztutako lan ildoak aurkeztu dituzte.
Topaketan, Asier Barandiaránek eta Arantza Cuestak ere parte hartu dute Eusko Ikaskuntzaren aldetik eta Mikel Arregik, Euskarabidearen zuzendari kudeatzaile gisa, eta aurten bi instituzioak Hitzarmenaren barruan egiten ari diren lanak aurkeztu ditu erakundeak; izan ere, Hitzarmenari esker, Nafarroan dibertsitatearen kudeaketa demokratikoarekin loturiko jarduerak garatzen ari dira, eta “arreta berezia eskaini diote aniztasun horretan bizikidetza lantzeari eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoari”.
Nafarroako Foru Aldundia, sortzaileetariko bat 1918. urtean
Nafarroako Foru Aldundia 1918. urtean Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetariko bat izan zen, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundiekin batera, komunitate horietako kulturaren adierazpen guztiak aztertzeko eta zabaltzeko.
Geroztik, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana etenda egon da 2011. urtera bitarte. 2016an, Foru Exekutiboak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen berriro erakundearekin.