2019ko irailaren 19a

Delitugile bortitzen errehabilitazioa, ekonomia berdea eta zenbakiak eta gizateria, nafar unibertsitateen azken udako ikastaroetako gaiak

UHUN, NUP ETA NUk antolatutako ikastaroak irailaren 24tik 27ra izanen dira Iruñea, Lizarra eta Tuteran

Hurrengo astean Nafarroako Gobernuak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak irailaren 24tik 27ra bitartean izanen dira Iruñea, Lizarra eta Tuteran.

-“Delitugile bortitzen errehabilitazioa” Iruñeko UHUNek antolatuta, irailaren 24tik 26ra izanen da Iruñeko UHUNeren egoitzan. Ikastaroaren helburua alarma sozial handiena sortzen duten delituen tratamenduan (juridikoa eta errehabilitatzailea) egungo egoera aztertzea da. Batetik, tokiko testuinguruan eta nazioartean dagoen ebidentzia enpirikoa aztertu nahi da, eta, bestetik, gizarte-alarmarekin sortzen diren erreakzio politikoekin alderatu nahi da, batez ere larritasun bereziko krimen zehatzen erreakzioan. Delitugile sexualen eta bikote-erasotzaileen intzidentzia, berrerortzea, tratamendua eta kondena hainbat adituk aztertuko dituzte. Ikastaroa arlo horretako adituentzat, publiko orokorrarentzat eta gaian interesa duten ikasle, irakasle eta profesionalentzat, errealitate tekniko eta zehatzagoa izan dezaten.

-“Historia eta memoria gatazkatsua Museoan”: Vianako Printzea Erakundeak - Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museoen Zerbitzuak antolatuta, NUP eta Nafarroako Unibertsitatearekin batera, irailaren 24tik 26ra izanen da Lizarrako Karlismoaren Muesoan. Historia gatazkatsua, 80ko hamarkadatik mundu osoko museoetan gertatu ziren polemikei buruzkoa da; izan ere, hainbat gizarte-sektorek iraganari buruzko kontakizun tradizionalak zalantzan jarri zituzten. Guztiek erakusten zuten gero eta garrantzi handiagoa dutela oroimenak eta iraganari buruzko kontakizunen eraikuntzan parte hartzeko borondatea. Lizarrako Karlismoaren Museoaren edukiei buruzko eztabaidaren harira, hausnarketa egingo da historia museoetan eztabaidagarriak izan daitezkeen gaien paperaz eta horiei ekiteko moduaz.

-“Ekonomia berdea ikuspuntu kritiko batetik”: Tuterako UHUNek antolatuta, irailaren 25ean eta 26an izanen da unibertsitatearen egoitzan bertan. Nazio Batuek Ingurumenerako duen Programak ekonomia berdea horrela zehazten du: karbono emisio gutxikoa, errekurtsoak erabiltzen eragingarria eta inklusiboa. 10 orduko ikastaro hau gizartea eta planeta kontuan izango dituen ze ekonomia berde behar duen aztertuz hasiko da eta modulu ezberdinetan Gizarte eta elkartasun ekonomiatik errealitate sozio-ekonomikoaren transformazioa, ekofeminismoa, elikadura burujabetza eta inbertsioak aztertuko dira.

-“Hizkuntza eta hezkuntza, elkarren laguntza: hizkuntz-erregistro akademikoaren suspertzean oinarritutako irakaskuntza” UHUN Iruñeak antolatuta, irailaren 26 eta 27an izanen da Civivox-Condestablen. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesu orotan eduki eta gaitasunak lantzean nahitaez erabili behar da hizkuntza; beraz, konpetentziak bereganatzeko eta alderdi kognitiboa garatzeko, ikasleak hizkuntza ere landu behar du derrigorrean. Izan ere, konpetentzia horiek erdiesteko eta kognitiboki garatzeko erabiltzen den erregistroa —CALP Cumminsen hitzetan (2005)— ez da kalean eta etxean jasotzen den aldaera informal hori: ezaugarri bereziak ditu. CALP delakoan mundu guztia da ikasle, baita ama hizkuntzan ere. Ikastaro honek proposamen horren oinarriak azalduko ditu eta ikastetxean aplikatzeko baliabideak eta esperientziak eskaini. Ikastaroa interesa duen edonori dago zabalik, bereziki maila guztietako irakasleei, zeinahi dela irakasten duten jakintzagaia eta darabilten hizkuntza.

-“Zenbakiak eta gizateria” UHUN-Tuterak antolatuta, irailaren 27an izanen da bertako egoitzan. Ikastaroa zenbakiaren historiari buruzko sarrera labur batekin hasiko da: orain dela 5.000 urte agertu ziren zenbakiak, baita hizkuntza eta idazketa baino lehenago ere. Harrezkero, gizateria pertsona-multzo konplexu bat bilakatu, eta haien jokabideak zenbakizko informazioan oinarritzen diren algoritmoen bidez aztertu nahi dira. Bizitza zenbait zenbakitara egokitzen bada errore-tarte txiki batekin, gizateriaren etorkizuna, planteatzen ditugun hainbat galdera handi lotzen dituen zenbaki-balioaren araberakoa da, eta galdera horiek oso lotuta daude iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin.

Kurtso hauen inguruko informazio gehiago izateko eta matrikula egiteko:

https://udakoikastaroak.navarra.es/