Descárgate la app
Chivite Lehendakariak herritar guztiek eskuratzeko moduko eta genero-berdintasunaren motorra izango den unibertsitate publikoa defendatu du
2019ko irailaren 13a
Chivite Lehendakariak herritar guztiek eskuratzeko moduko eta genero-berdintasunaren motorra izango den unibertsitate publikoa defendatu du
Nafarroako Lehendakari María Chivitek agertu du Nafarroako Gobernuak lagunduko duela herritar guztientzako moduko unibertsitate publikoa lortzen, haien egoera soziala eta ekonomikoa edozein izanda ere, eta genero-berdintasun errealaren eta eraginkorraren motorra izan behar duela, emakumeen presentzia handiagoa izanik karrera teknikoetan, irakaskuntzan eta ikerketan.
Horrela adierazi du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) 2019-20 ikasturte akademikoa irekitzeko egin den ekitaldi nagusian. Lehendakariak zuzendu du ekitaldia zentroko errektorea den Ramon Gonzalorekin batera, eta bertan parte hartu dute, baita ere, Unibertsitate-komunitateko beste agintari eta kideak ere. Inaugurazio-hitzaldia, “Adimen artifizialaren aurrean funtsezko eskubideak defendatuaz” izenekoa, José Luis Goñi Seinek eman du, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedradunak. Horrez gain, ekitaldian zehar, karguari zin egin edo kargua baietsi dute aurten plaza lortu duten 34 irakasle titular eta katedradun berritatik 30ek.
Lehendakariaren hitzaldia
María Chivitek, hasteko, errektore-talde berria zoriondu du, eta Gobernuaren babesa eskaini dio. Ildo horretan, bi erakundeak Nafarroaren garapenaren alde elkarrekin lan egitea azpimarratu du: “goi-mailako hezkuntza publikoa eta eskuragarria sozialdemokraziako lorpen garrantzitsuenetarikoa da, Ongizatearen Estatukoa. Inguruneari talentua eta ezagutza emateko aukera ez ezik, gizartea oro har, barrutik, berrikuntzaren bitartez hobetzeko aukera ere eskaintzen du”.
Hori dela-eta, unibertsitate-hezkuntzaren buru den Exekutiboaren konpromisoa agertu du; oraingoan, lehen aldiz, espezifikoki arlo horretara bideratutako departamentu bat sortu da.
Lehendakariak azaldu duenez, departamentu horren helburua da “NUP herritar guztientzat eskuragarri izatea bermatzea, ikasleen egoera sozial edo ekonomikoari erreparatu gabe”. Horretarako, iragarri du irailean bertan onartuko dutela beken deialdia, 3,3 milioi eurokoa. Halaber, erakundeari finantzaketa bermatu dio, hainbat urtetarako hitzarmenen bitartez, “kudeaketarako autonomia eta egonkortasuna” izan ditzan.
Maria Chivitek aurkeztutako bigarren helburu nagusia da unibertsitatean genero-arraila gainditzea; era horretan, karrera teknikoetan nahiz irakaskuntzan eta ikerketa-arloan emakumeen presentzia handiagoa izatea sustatuko da.
Gainera, Medikuntzako gradu berrirako eta Tuterako campuserako laguntza nabarmendu du, Erriberaren garapenerako estrategiaren motore gisa.
“Guztion artean, -amaitu du- lanean jarraitu behar dugu gure unibertsitatea bizi den errealitatea izan dadin, aldaketa sozialetara modu malguan, likidoan, egokitzeari aurre hartzeko gai izanaz. Ezagutza-guneak partekatzeko filosofia ezarri behar du, iraunkortasuna gidari moduan hartuta. Publikoa pertsona ahulenak babestea baita. Horrek orekatzen du errealitate soziala eta komunitate egiten gaituena”.
Errektorearen esku-hartzea eta inaugurazio-hitzaldia
Bestalde, Gonzalo errektoreak bere hitzaldian nabarmendu du NUPen helburuak izan behar duela “Nafarroako gizartea erakarriko duen erakunde bilakatzea, irakaskuntzaren, ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren bitartez”. Gonzalok, halaber, aipatu nahi izan ditu Unibertsitatearentzat garrantzitsutzat jotzen dituen zenbait proiektu; hala nola, Osasun Hiria sortzea, “Nafarroarentzat datozen urteetan inpaktu ekonomiko eta sozial handieneko apustua baita”, edo Berrikuntza Digitaleko Gunea, eta, bertan, NUPek lidergo-lekua bete beharko duela adierazi du.
Bestalde, Nafarroako Gobernuari eskerrak eman dizkio Unibertsitateen, Berrikuntzaren eta Eraldaketa Digitalaren Departamentu berria sortzeagatik; izan ere, “apustu estrategikoa da, arrakasta partekatu bilakatzea espero duena, Nafarroako unibertsitateen errendimendua eta eskualdearen garapenerako ekarpena hobetu ahal izateko”.
“Adimen artifizialaren aurrean funtsezko eskubideak defendatzen” izeneko inaugurazio-hitzaldia José Luis Goñi Sein jaunak eman du, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedradunak. Besteak beste, adimen artifizialak enpresaren eta lan-harremanen eremuan duen eragina aztertu du, garapen eta erabileran errespetatu beharreko printzipio etikoak nabarmentzearekin batera, funtsezko eskubideak zaintzearren.
Zehazki, honela azpimarratu du: “gure garai hauetan, adimen artifizialarekiko eta ‘big data’-rekiko ‘liluramendua’ dugu, eta efektu positibo ukaezinak dituzten aurrerapenak dira, gizakiaren aurrerapena lortzen laguntzen baitute. Pertsonak lan neketsuenak eta gogaikarrienak egitetik askatzen dituzte, mugikortasun murriztuko pertsonei laguntzearekin batera, baina enplegua suntsitzen dute eta gizarteari gizatasuna kentzen diote nolabait; beraz, beharrezkoa da gidalerro etikoak izatea”.