Descárgate la app
Administrari Laguntzailea izateko 136 lanpostutako oposizioaren lehen proba azaroaren 1ean eginen da
2019ko irailaren 12a
Administrari Laguntzailea izateko 136 lanpostutako oposizioaren lehen proba azaroaren 1ean eginen da
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zein horren erakunde autonomoen zerbitzuko Administrari Laguntzailea oposizio bidez izateko 136 lanpostutako deialdiaren lehendabiziko proba 2019ko azaroaren 1ean eginen da, ostiralez. Lehen hautaproba hau Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasgelategian eginen da, 10:00etatik aurrera.
Ondorengo egunetan argitaratuko da NAOn, deialdian onarturiko eta bazterturiko izangaien behin-betiko zerrenda tarteko duen Ebazpena. Onarturikoen behin-behineko zerrendak 7.908 pertsona zituen. 2019ko azaroaren 1ean eginen den probaren aurreko egunetan izangaien gelakako banaketa emanen da ezagutzera.
Hautaketa-probak
Oposizioaren lehendabiziko proban, test moduko galdera batzuk erantzun beharko dira hizkuntza-gaitasunari, zenbakizko gaitasunari, ortografiari eta pertzepzioko trebetasunari buruz, 0 eta 30 puntu bitarteko kalifikazioa emanen dutenak; eta jarraian, beste ariketa bat egin beharko da Nafarroako Administrazioko jarduera administratiboari eta oinarrizko araudiari buruz, eta gehienez, 20 punturekin baloratuko da.
Bi ariketak baztergarriak izanen dira, eta nahitaezkoa izanen da izangaiek gutxienez ariketa bakoitzean ezarritako puntuazioaren erdia lortzea. Txanda irekian proba 1.000 izangaik baino gehiagok gaindituko balute, bigarren proba kalifikaziorik onenak dituzten mila pertsonak baizik ez lukete egingo, baita 1.000. postuan dagoenaren kalifikazioa dutenek ere.
Gerora eginen den bigarren proba informatikako ariketa praktikoa izanen da, gehienez 30 punturekin kalifikatuko dena, eta beste ariketa batean, hamar minutuz testu bat transkribatu beharko dute, ordenagailuaren teklatuarekin duten lastertasuna eta eraginkortasuna baloratzeko (20 puntu).
Administrari laguntzailea izateko oposizioa
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 31ko Ebazpenez onartu eta ekainaren 5ean NAOn argitaraturiko oposizio-deialdi hau, uztailaren 18ko 53/2018 Foru Dekretuaren bitartez onartu zen Administrazio Erroaren barneko egonkortze tasari atxikitako lan eskaintza publiko partzialari dagokio.
Lanpostuak honela banatuko dira: 61 txanda irekian, 62 lanpostu-igoerako txandan eta desgaitasuna duten pertsonendako erreserbako txandan.
126 plazatako 20k euskara eskakizuna dute (B2 edo C1 mailak), eta titulazioaren bitartez edo dagokion ezagutza-proba eskatuz eta gaindituz akreditatzen ahalko da.