ALBISTEAK
Nafarroako Gobernuak gizarteratzeko enpresa berriak sortzearen alde apustu egin du
Foru dekretu proiektua onartu du bazterkeria-arriskuan dauden pertsonak laneratzeko laguntzak handitzeko
Asteazkena, 2019ko Irailaren 11a

Nafarroako Gobernua araudi berri bat prestatzen ari da gizarteratzeko enpresa berrien irekiera errazteko. Gainera, hainbat neurri planteatu ditu, enpresa horien lan egin eta gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonen jarraipen teknikoa areagotzeko, ohiko enpresen zein autoenpleguaren bitartez gauzaturiko laneratzeari buruzko indizeak handitu ahal izateko.

Horretarako, gaurko bilkuran, Exekutiboak horrelako gizarte enpresen egungo erregulazioa aldatuko duen foru dekretu proiektua Nafarroako Kontseiluari helaraztea erabaki du. Neurri hau PSN-PSOE, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdiek sinaturiko Nafarroako Gobernuaren Akordio Programatikoan jasota dago.

Honela, Gobernuak indartu nahi du egun Nafarroan 9 Gizarteratzeko Enpresatan erabili eta 270 pertsonari (hauetarik, 175 pertsona gizarte-bazterkeria egoeran edo arriskuan daude) enplegua ematen dien baliabidea.

Hartara, entitate berrien sorrera errazteko xedez, horiek Nafar Lansareren dirulaguntzez profitatzen ahalko dira sailkatzen dituzten uneaz geroztik eta bi urtez itxaron beharrik gabe, orain arte gertatzen zen bezala.

Gainera, bazterkeria arriskuan dauden pertsonendako zerbitzua hobetzeko eta ohiko enpresaren arloko laneratze indizeak hobetzeko, dekretu berriak bi neurri planteatu ditu.

Lehenik eta behin, Gizarteratzeko Enpresek dirulaguntzak jasoko dituzte teknikariengatik, gizarteratzeko prozesuan dauden langileen kopuruaren arabera. Orain arte, enpresa bakoitzean ez zegoen diruz lagundutako hiru teknikari baino gehiago izaterik. Murritzapen horrek Gizarteratzeko Enpresen hazkundea ere mugatzen zuen.

Bigarrenik, Nafar Lansarek % 33 gehituko du teknikari bakoitzeko emandako dirulaguntza, egungo 18.000 euroetatik 24.000 eurotara igaroz.

Egun, 9 Gizarteratzeko Enpresa daude Nafarroan: Josenea Bio, Carranza Delgado, Eurolan, Transforma Cuidamos Personas, Ilundáin, Traperos de Emaus, Verazdin, Nabut eta Interlantxo. Araudi berriaren bitartez, zentro berrien irekiera sustatu nahi da, Iruñetik eta Iruñerritik harantzago, bertan kokatzen baitira 9 enpresa horietako 9. Besteak Lizarran, Irunberrin eta Tuteran daude.

2015etik % 75 gehitu dira gizarteratzeko enpresendako baliabideak

Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aldaketa hau sustatu du gizarteratzeko enpresekin batera, pertsonarik ahulenen enplegua sustatzen lagun dezaketen baliabide eta neurriak sortzeko estrategiaren barnean.

Horrela, 2015az geroztik, Nafar Lansarek % 75 gehitu ditu gizarteratzeko enpresendako baliabideak, eta 2015ean zegoen 1.750.000 euroko aurrekontutik 2019ko 3.075.000 euroko aurrekontura igaro da. Laguntza hauen barnean, inbertsioetarako dirulaguntzak berreskuratu zituen, enpresa hauen lehiakortasunean laguntzeko.

Halaber, Nafarroako Gobernuak % 214 gehiago zuzendu dio Enplegu Sozial Babestuari, Enpleguko Politika Aktiboen Akordioaren jarraipenari buruzko azken azterketaren arabera. Aurrekontua 2,8 milioi eurokoa zen 2015ean eta 6 milioi eurokoa da egun. Gainera, udalek 1,7 milioiko ekarpen osagarria egiten dute.

Halaber, Nafar Lansarek enplegua sustatzeko neurriak indartu ditu Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonen artean (tokiko enpresek edo entitateek 323 pertsona kontratatu zituzten 2018an, 2,36 milioi euroko inbertsioa tarteko).

Gizarteratzeko Enpresa gisa sailkatuz gero, Nafarroako Gobernua enplegu-zentro bereziendako eta Gizarteratzeko Enpresendako sustatzen ari den Kontratuen Erreserbaz baliatzeko aukera errazten du. Nafarroako Gobernuak, erreserba horren bitartez, 2.469.831 euro esleitu zizkien guztira 2018an irabazi asmorik gabeko enplegu-zentro bereziei eta gizarteratzeko enpresei, 2017an baino % 85 gehiago.

Azkenik, Enpleguak pertsona ahulenei zuzendutako laneratzeko eta prestakuntza programak ere indartu ditu: Lantegi Eskolak, Prestakuntza eta Enpleguko Programa Integralak, POISES eta POEJ.

Gizarteratzeko Enpresak

Gizarteratzeko Enpresak deritzen izaera sozialeko enpresen barneko tipologia bereziak gizarte-baztekeria egoeran edo horretarako arriskuan dauden pertsonak laneratzea eta gizarteratzea ditu helburu, gerora ohiko enpresetan nahiz autoenplegu arloko proiektuetan txertatu ahal izateko. Langile hauek plantillaren % 30 baino gutxiago dira jardueraren lehendabiziko hiru urteetan eta gutxienez % 50 laugarren urtetik aurrera.

Nafar Lansarek, baliabide hau sustatuz, hiru urteko gehienezko epean ohiko lan-merkatuan txertatzeko aukera erraztu nahi die, prestakuntza eta laguntza emateko ibilbide baten bitartez. Egungo betekizuna % 10ekoa da.

2016n, Nafarroako Gobernuak entitateak estatuko lege-esparrura egokitzeko eta Gizarteratzeko Zentroak Gizarteratzeko Enpresa bihurtzen laguntzeko Foru Dekretu berria onartu zuen. Hiru urte geroago, Nafarroako Gizarteratze eta Laneratzeko Zentroak Gizarteratzeko Enpresa bilakatu dira, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzen laguntzeko baliabide egokia direla frogatuz.

Durante el primer semestre de 2019ko lehendabiziko seihilekoan, Nafar Lansarek diruz lagundu du gizarte-bazterkeria egoeran zeuden 196 pertsonaren kontratazioa. Lanbidearteko gutxieneko lansariaren % 75eko ekarpena egin du, Gizarte Segurantzaren kostuarekin batera. Nafar Lansarek, halaber, diruz lagundu ditu enpresa horietan gizarteratzen eta laneratzen laguntzen duten 21 teknikari.

Nafarroako Kontseiluari helarazitako Foru Dekretuak bestelako aldaketak ere sartu ditu; hala nola, sailkatzeko baldintzak, kontzeptuen azalpena, tramiteen eta kudeaketaren sinplifikazioa edota Datuen Babesari buruzko arautegiaren araberako egokitzapena.