2019ko irailaren 10a

Unibertsitate garaian aniztasun funtzionala eragozpena izan ez dadin aldarrikatu du Cigudosa kontseilariak

“Campus inklusiboak, mugarik gabeko campusak’ deritzon programako 16 parte-hartzaile hartu ditu
Cigudosa kontseilaria eta gainerako parte-hartzaileak ekitaldian
Cigudosa kontseilaria eta gainerako parte-hartzaileak ekitaldian  Deskargatu irudia Irudi galeria

 

Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosa kontseilariak nabarmendu duenez, “erakundeoi dagokigun erantzukizuna da unibertsitate garaian aniztasun funtzionala eragozpena ez izatea”, izan ere, “unibertsitateko talentua are aberatsagoa eta produktiboagoa izanen da anitzagoa den neurrian”.

Halaxe adierazi du gaur goizean Nafarroako Jauregian, “Campus inklusiboak, mugarik gabeko campusak”·deritzon programaren VII. edizioko parte-hartzaileei egindako harreran. Programa Iruñean egiten ari da hilaren 14ra arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Unibertsitatearen eskutik eta Kultura eta Kirol Ministerioaren, ONCE Fundazioaren eta Repsol Fundazioaren babespean.

Ekimenean desgaitasuna edo bestelako behar bereziak dituzten eta ez dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 16 ikasle parte hartzen ari dira. Honen bitartez, hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonen eskola-abandonua murriztu nahi da, unibertsitate-hezkuntzarako sarbidea sustatuz, hezkuntza inklusiboa bultzatuz eta unibertsitate-ikasketak berdintasun eta zuzentasunezko baldintzetan egiteko eskubideak eta jarraikortasuna bermatuz. Horrekin batera, campus inklusibo hau aukera bikaina izan daiteke Unibertsitateak eta unibertsitateko bizitzak ikasle hauekin espazioa parteka dezaten.

Ekitaldian izan dira, halaber, NUPeko Unibertsitate-Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreorde Begoña Pérez Eransus; NUko Ikasleen errektoreorde Tomás Gómez-Acebo; eta ONCEren Nafarroako Lurralde Kontseiluko lehendakari Valentín Fortún.

Hezkuntza eskubide gisa

Cigudosak argi utzi du unibertsitatea eta inklusioa arras lotuta dauden kontzeptuak direla, izan ere, “hezkuntza eskubidea da, herritar guztiendako irisgarria izan beharrekoa”.

Horrez gain, kontseilariak azpimarratu du, berak zuzendutako Departamentua, lehendabiziko aldiz Unibertsitatearen inguruan sortutrikoa, “beharrezko tresna guztiez baliatuko dela ezagutzaren sorkuntzan bikaintasuna lortzeko”.

Horren harira, unibertsitate esparrua “berrikuntzaren aldeko eragilea eta ekimen hau campusetan hobekuntza-arloak aurkitzeko aukera” direla esan du. Haren hitzetan, horrelako ekimenek “ez diote bakarrik mesede egiten parte hartzen duten gazteei”, baizik eta horien onuradun nagusiak unibertsitateak berak dira, “lan egiteko moduak trukatzera, gizarte-inguruneari buruzko ikuspegiak eta ikuspuntuak irekitzera eta ezkutuko beharrak konpontzera” bultzatzen dituzten heinean.

Programaren edukia

Programan parte hartzen ari diren 14 eta 24 urte bitarteko 16 gazteak Foru Komunitatekoak, Valladolidekoak, Madrilgoak, Gipuzkoakoak eta Granadakoak dira, baita Venezuela, Kolonbia eta Perutik etorritakoak ere. Nork bere ezaugarriak ditu, eta maila desberdinetako desgaitasun fisiko edo intelektualak, baina unibertsitatean parte hartzeko ilusioz beteta daude. Aurreko urtean DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) 4. maila, Batxilergoa edo Lanbide Heziketako Gradu Ertaineko prestakuntza-zikloak egin izana da programan parte hartzeko baldintza bakarra.

Aste honetan, ekimenean parte hartzen ari diren ikasleak unibertsitate giroan murgilduko dira unibertsitateko zenbait ikasleren laguntzaz. Programari atxikitako tailerretan, hezkuntza-eskaintza, unibertsitate-ikasketen orientazioa eta jarduera akademikoak, kultur eta kirol jarduerak eta aisialdi inklusiboko jarduerak jorratuko dira.

Hartara, NUPen, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren nekazaritza arloko ikerketa eta praktiketarako finka eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea ezagutzen ari dira. Jardueren osagarri gisa, musika saioak, Jerónimo de Ayanz Zentrorako bisita eta Arrosadiako campusean dauden ehunka zuhaitz eta zuhaixkaren espezieak ezagutzeko ibilaldia antolatuko dira.

Nafarroako Unibertsitatean, bisitak antolatuko dira Arkitektura, Hezkuntza eta Psikologia, eta Medikuntza Fakultateetara, Zientzia Departamentura eta Komunikazio Fakultatean erabiltzen diren platoetara eta irrati-estudioetara.