2019ko irailaren 10a

Nafarroako Gobernuak Bakearen Nazioarteko Eguna ospatuko du Paco Damasen kontzertuarekin eta Stasa Zajovic aktibista serbiarrak jasoko duen aintzatespenarekin

Kontzerturako sarrera librea da eta txartelak bihartik aurrera eskura daitezke Baluarten
Kontzertua iragartzen duen kartela.
Kontzertua iragartzen duen kartela.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, 2016tik egiten duen moduan, Irailaren 21ean ospatuko den Bakearen Nazioarteko Egunarekin bat eginen du. Nazio Batuen Batzar Nagusiak ezarritako egun hori ospatzeko Foru Exekutiboak ekitaldi instituzionala eta bakearen aldeko kontzertu bat antolatu ditu.

Aintzatespen-ekitaldia Tuterako Castel Ruiz eraikinean izango da irailaren 21ean, 12:00etan. Bertan, Foru Exekutiboak Staša Zajović sarituko du bakearen aldeko konpromiso eta aktibismoarengatik; Belgradoko Beltzezko Emakumeak erakundearen sortzailetako bat eta koordinatzailea izateagatik; gerraren, militarismoaren, gorrotoaren, diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako protesta ez bortitzak sustatzeagatik; eta emakumeen inguruko giza eskubideen gainean hezkuntza-arloan egindako lanarengatik. Saritua Mª Concepción Martín Sánchezek aurkeztuko du, Madrilgo Beltzezko Emakumeen erakundearen baterako sortzaileak.

Ekitaldia Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek zuzenduko du, eta bertan izango dira Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde; Tuterako alkatea, Alejandro Toquero, eta Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo.

“Que a todas las balas se les haga de noche”

Ekitaldi instituzionalaz gain, Nafarroako Gobernuak kontzertu bat antolatu du bakearen aldeko kultura bultzatzeko eta indarkeriarik gabeko gizarte plural eta demokratikoa izaten laguntzeko duen konpromisoa erakuste aldera, arazoak eta desadostasunak elkarrizketaren eta errespetuaren bidez konponduaz eta irtenbideak elkarrekin bilatuaz.

Paco Damas kantautore gonbidatua Bakearen aldeko Musikari izendatu zuen 2010. urtean Bakearen Kultura Fundazioak eta Bakearen aldeko Enbaxadore Spmuda Internacional erakundeak.

Jaengo musikariak sei disko editatu ditu (“Once canciones de amor y una reina”, “Los versos del Quijote”, “Animal de fondo”, “Tristes guerras”, “Que a todas las balas se les haga de noche” eta “Paco Damas canta a Las Sinsombrero”), eta mila kontzertutik gora eskaini ditu Espainian, Latinoamerikan eta Marokon, hogei urtetik gorako musika-karreran zehar.

Justizia sozialarekin, elkartasunarekin, bake-kulturarekin, berdintasunarekin eta abarrekin konprometituta da, eta hezkuntza-arlorako nahiz gizartearentzat oro har proposamen didaktikoak aurkezten ditu haren diskoen eta kontzertuen bitartez.

“Que a todas las balas se les haga de noche – Poetas en Paz” kontzertuan herritarrek zuzenean parte hartuko dute, Paco Damas berak tarte honetarako hautatutako poemak errezitatzeaz arduratuko baitira. Kantautorearekin batera eszenatokian izango dira Pepe Dougan (pianoa), Adri Parker (gitarra akustikoak eta elektrikoak) eta Jairo Samuel (perkusioak) musikariak.

Kontzertua irailaren 22an izango da 19:00etan Baluarteko Ganbera Aretoan. Sarrera doakoa da, eta gonbidapenak Baluarteko leihatilan hartu ahal izango dira irailaren 11tik aurrera.