2019ko abuztuaren 26a

Aierdi lehendakariordeak eta Lizarrako alkateak alokairuko etxebizitza sustatzeko ospitale zaharreko lanak bisitatu dituzte

Eraikin narriatua berreskuratzeko eta gizarte zerbitzuetarako beste toki bat gaitzeko, pasa den urtarrilean Gobernuak zein Udalak sinatutako hitzarmena berretsi dute Etxebizitzako kontseilariak eta Egaren hiriko errejidoreak

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako lehendakariorde eta kontseilari José Mª Aierdik, Lizarrako alkatea den Gonzalo Fuentesekin bildu da gaur, Egaren hiriko Alde Zahar Historikoaren birsorkuntza eta Nafarroako Gobernuak eta Lizarrako Udalak pasa den urtarrilean abian jarritako hiri-hitzarmena berresteko. Lankidetza horren barne hartutako ekintzen artean, alokairuko etxebizitza sustatzeko ospitale zaharraren birgaitzea eta gizarte zerbitzuetarako beste toki baten gaikuntza daude.

Aierdik eta Fuentesek lan bilkura egin dute Lizarrako Udaletxean bi erakundeek sinaturiko hitzarmenaren nondik norakoak errepasatu eta berresteko. “Garrantzitsua da udal korporazio berriek Nafarroako Gobernua tarteko duen apustuari eustea Foru Komunitateko hiri nagusietako alderdi historikoak birgaitzeko, joan den ostiralean Tuterako Udalarekin berretsi genuearen ildo bertsutik”, zehaztu du Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzaren foru titularrak.

Ondoren, Aierdi kontseilariak eta esku-hartze hau sustatu duen Nasuvinsa sozietate publikoko Etxebizitzako buru Alberto Bayonak, adjudikaziodunaren arkitektoekin eta teknikariekin batera, bertatik bertara bisitatu dituzte, duela hiru hilabete Lizarrako Inprenta kaleko 1ean kokaturiko ospitale zaharra birgaitu eta berreskuratzeko bideratu diren lanak, goiko hiru solairuetan alokairu publikoko 14 etxebizitza eraikitzeko eta beheko solairuan dagoen lokala egokitu eta Udalari udal erabileretarako emateko. Lanak Peña Anguiano eta Aguiso eraikuntza enpresek osaturiko aldi bateko enpresa elkarteari esleitu zaizkio eta martxorako bukatuta egonen dira.

700.000 euroko inbertsioa zaharberri lanetarako

Nasuvinsak 700.000 euroko inbertsioa eginen du ospitale zaharra birgaitzeko, eta Lizarrako Alderdi Historiko osoaren hiri-birgaikuntza aurrera ateratzen lagunduko duen esku-hartze honen bitartez, higiezinaren isolamendu termikoa, estalkiaren erabateko zaharberritzea, zurgintza lanen eraberritzea, beheko solairuko instalazio-aretoaren hobekuntza eta atariko irisgarritasuna egokituko dira.

Aldiz, Nafarroako Gobernuak eraikinaren beheko aldean zituen gizarte-zerbitzuen bulegoak Jurramendiko Mankomunitateak Lizarrako Alde Zaharreko Antso Azkarra kaleko 6an duen lokalera aldatuko dira, izan ere, Mankomunitateak 20 urteko dohako emakida egin du, Nasuvinsak eraikinaren erabateko zaharberritzea egin eta ordaintzearen truk.

Aierdi lehendakariordeak gaur Lizarrara egindako bisita Lurralde Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilari berriak Foru Komunitateko alkateekin egin nahi dituen hasierako harremanen barnean antolatu da, foru Gobernuak udalerri horietan gauzatu nahi dituen hiri-birgaikuntzarako eta errentako etxebizitzen sustapenerako jarduketa garrantzitsuen harira.

Ildo horretan, Aierdik Tuteran eman zion hasiera joan den ostiralean oraingo errondari, Tuterako alkate Alejandro Toquerorekin izandako bilerarekin, zeinetan, Nafarroako Gobernuak Ebroko hiriarekin 2018an sinatu eta Coscolineko Labe zaharraren ingurune osoaren birgaikuntza, Loudes auzoaren birgaikuntza energetikoa eta Azucarera industriagunean errentako etxebizitzaren sustapen publikoa gisako proiektuen garapena ekarri duen higirintza gaietarako lankidetza hitzarmena berrestea proposatu zion.