2019ko abuztuaren 21a

Nafarroako Gobernuak Frantziarako joan-etorriak asteartera arte atzeratzea gomendatu du Biarritzen ospatuko den G-7 bileraren ondoriozko trafiko-eragozpenengatik

Departamentuen arteko lantaldea sortu da
Gobernuak Frantziara ez bidaiatzea gomendatzen du Miarritzen ospatuko den G-7 bilera dela eta Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak herritar guztiei eta garraiobide profesionalei gomendatu die abuztuaren 27a, asteartea arte, Nafarroaren eta Frantziaren arteko bidaiak edozein bi norabidetan atzeratzea. Espainako eta Frantziako Gobernuek ostegunetik, abuztuaren 22, astelehena 26 arte trafikorako intzidentziak posibleak direla uste baitute, baita mugako errepide guztietan ere, uda amaierako zirkulazio operazioa eta Lapurdiko Miarritz herrian asteburu osoan ospatuko den G-7 bilera aldi berean izatean.

Nafarroako Gobernuak gomendatu die herritarrei eta garraioko profesionalei, asteartera arte (abuztuak 27) atzera ditzaten Foru Komunitatearen eta Frantziaren arteko joan-etorriak oro, Espainako eta Frantziako gobernuek mugaldeko errepide guztietan ostegunetik astelehenera bitartean (abuztuak 22-26) aurreikusi dituzten gorabeheren harira, izan ere, uda bukaerako trafiko-operazioari, asteburuan Biarritzen egingo den G-7 Goi-Bileraren ondoriozko segurtasun neurriak gehituko zaizkio.

Frantzia eta Nafarroaren arteko ezin atzeratuzko bidaien kasuan, N-135 Iruñea-Frantzia errepidea erabiltzea gomendatzen da Luzainden barna. Itxaroterik ez duten ibilgailu astunen kasuan, aholkua La Jonquerako (Girona) muga-pasabidea erabiltzea da, Espainia eta Frantziaren arteko korridore mediterraneoan.

Hauexek dira Javier Remírez lehendakariordeak gaurko Gobernu bilkuraren ondoren komunikabideen aurrean egindako adierazpenen ildo nagusiak. Barneko kontseilaria den heinean, Remírezek foru Exekutiboari jakinarazi dio gaur, atzo bertan departamentuen arteko taldea eratu zela Biarritzen eginen den G-7 Goi-Bilerak Foru Komunitatean izanen dituen ondorioak kudeatzeko. Talde horretako partaideak dira Barneko zuzendari nagusi Amparo López; Garraioko zuzendari nagusi Berta Miranda; Komunikazio eta Harreman Instituzionaletako zuzendari nagusi Pablo Roncal; Eraldaketa Digitaleko zuzendari nagusi Guzmán Garmendia (telekomunikazioen arloko eskuduntza du); Osasunbidearen ordezkariak; eta Foruzaingoko buru Juan Carlos Zapico.

Goi-Bilerak mugaldeko herrietan izanen dituen segurtasun eta larrialdi arloko ondorioak aztertu eta horien etengabeko jarraipena egitea da lantaldearen helburu nagusia, Nafarroako Foru Komunitateko errepide bidezko trafikoa kontrolatzeaz gain. Taldeak eta honen arduradunek modu koordinatuan lan egiten dute Eusko Jaurlaritzako eta Estatuko Gobernuko segurtasun eta trafiko arloetako arduradunekin. Halaber, maila operatiboan, Furozaingoa Guardia Zibilarekin, Poliza Nazionalarekin, Ertzaintzarekin eta Frantziako Gendarmeriarekin koordinatzen ari da.

Nafarroako errepideen balizko egoerak

Bihar hasita, osteguna, Nafarroako errepide eta autobideetako seinale elektronikoak aipaturiko aholkuak ematen hasiko dira, Nafarroarako hegoaldeko sarbideak barne harturik, eta mugaldeko trafikoaren bilakaerari buruzko informazioa emanen du etengabe. Ahalaber, Foruzaingoaren hiru patruila-autok goizeko, arratsaldeko zein gaueko txandetan lan eginen dute Nafarroa eta Frantziaren arteko pasaerako trafikoa erregulatu eta errazteko, Altsasu, Elizondo (Baztan), Zangoza eta Iruñeko komisarietako beste hogei bat patruilaren laguntzaz, dagozkien eraginpeko eremuetan.

Gainera, Foruzaingoak, Twiterren duen @policiaforal_na kontuaren bitartez, atengabeko informazioa emanen du asteburuan foru errepide-sarean gerta daitezkeen gorabeherei buruz, eta carreteras.navarra.es webgunean zein 848-42 35 00 informazio telefonoan, etenaldi eta pilaketei buruzko informazioa eskuratzen ahalko da. Irunen dagoen Frantziarako muga-pasabideari buruzko informazioa www.trafikoa.eus webgunean kontsultatzen ahalko da.

Kontuan izan behar da abuztuko azken asteburuan pilaketa luzeak gertatu ohi direla Irungo muga-pasabidean, 2018an 14 kilometroko ilarak sortu zirelarik. Biarrizko Goi-Bileraren ondoriozko segurtasun neurriek eragin ditzaketen arazoei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak, trafikoari buruzko eskuduntza duen aldetik, murrizketa prebentiboak ezarri dizkie ibilgailu astunei eta merkantzien garraioari egun horietarako.

Gainera, aintzakotzat hartu du, Euskal Autonomia Erkidegoan gerta daitezkeen zatikako zein erabateko trafiko etenek Nafarroako errepideetan izango luketen eragina, bereziki Altsasun (A-1 Iparraldeko Autobidea eta A-10 Sakanako Autobidea), Leitzan (A-15 Leitzarango Autobidea) eta Beran (N-121-A Iruñea-Frantzia Behobian barna).

Horren harira, Ertzaintzarekin eta Frantziako Gendarmeriarekin elkarlanean, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak, Nafarroatik Frantziara doan trafikoa erregulatzeaz gain, EAEn antola daitezkeen desbideratzeak Nafarroako hiriburuaino erraztasun osoz irits daitezen lan egingo dute, eta bertako industriaguneetan aparkatzeko eremuak prestatuko dira, ibilgailu astunei Nafarroako Autobidean (AP-15) barna korridore mediterraniora jarraitzeko aukera emanez.

Gainera, Barne Departamentuak hornigaiak (bereziki ura) aurreikusi ditu aparkatzeko eremu horietan banatzeko, horretarako beharra izanez gero.

Suhiltzaileen Zerbitzuari dagokionez, Barne Departamentuak Oronoz-Mugairi eta Aurizko parke profesionalak indartu ditu egun hauetarako, eta aldez aurreko deia luzatu die Bera, Lesaka eta Luzaideko bolunarioen parkeei.

Osasun arreta bermatuta Frantziarekiko mugaldean

Bestalde, Osasunbideak adierazi du asteburuan osasun-zentroetako eta kontsultategietako ohiko zerbitzuak normaltasun osoz emango direla Frantziarekiko mugaldean, baita eremu horietako ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuak ere. Prebentzio neurri gisa, anbulantzia kopurua indartuko da Bera, Auritz eta Luzaideko osasun zentroei zerbitzua emateko.

Osasun Departamentua etengabe harremanetan dago Osakidetzarekin (Euskadiko Osasun Zerbitzua) nahiz Baionako Ospitalearekin, hurbiltasunagatik nafar herrietatik Gipuzkoako ospitaleetara zein Baionako erietxera egin daitezkeen ohiko ospitaleratzeak koordinatu eta bermatzeko.

Halaber, Frantziarekiko mugaldean dauden herrietako joan-etorrietan zailtasun handiak gerta daitezkeenez gero, 112 Koordinazio Gelak helkopteroak erabiliko ditu normalean anbulantziaz garraiatuko liratekeen gaixo larriak osasun zentroetara eta ospitaleetara eraman ahal izateko.

Azkenik gogoratu behar da Garraioetako Zuzendaritza Nagusiak etengabeko komunikazio kanala ezarri duela sektoreko elkarte nagusiekin, profesionalei zuzendutako informazioa azkartasunez eta bi norabideetan mugitu ahal izateko.