Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak 137.000 euroko diru-laguntzak emanen dizkie tokiko entitatei jarduera fisikoaren programak bultza ditzaten
2019ko abuztuaren 19a
Nafarroako Gobernuak 137.000 euro banatuko ditu toki entitateendako laguntzetan jarduera fisikoaren aldeko programak bultzatzeko
Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak 137.000 euro bideratuko ditu toki entitateendako laguntzetara 2019-2020 ikasturtean, herritar guztien mesedeko osasun eta jarduera fisikoko proiektuak garatu eta hirugarren adinari zein gaixo kronikoei zuzendutako programa espezifikoak susta ditzaten. Dirulaguntzaren deialdia NAOk argitaratu du gaur.
Laguntzen guztizko zenbateko horretatik, 47.000 euro hirugarren adinekoen nahiz gaixo kronikoen jarduera fisikorako ikastaro eta programak diruz laguntzera bideratuko dira, eta 90.000 euro (horietatik, 50.000 euro Osasun Departamentuak emandakoak dira) jarduera fisiko eta osasunaren arloko toki proiektuetara.
Interesatuta dauden toki erakundeek eskaerak aurkezten ahal dituzte astearte honetan hasi, abuztuak 20, eta irailaren 23ra arte, Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoan dagoen fitxaren bitartez. Fitxa horretan, foru Administrazioaren Erregistro Elektroniko Nagusirako esteka aurkituko dute.
Toki entitateek eskainitako ikastaro eta proiektuen bitartez, Nafarroako Gobernuak Nafar Aktiboa programari atxikitako helburuak bete nahi ditu. Hainbat departamenturen artean gauzaturiko jarduera eta ariketa fisikoaren aldeko ekintza honen bitartez, herritarren bizi-kalitatea hobetu nahi da, Akordio Programatikoa betez eta zahartze aktibo eta osasuntsuaren aldeko estrategiari jarraiki.
Deialdiak hirugarren adinekoendako jarduera fisikoaren aldeko programak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren (KAIMZ) laguntza teknikoaren bitartez koordinatzeko aukera eskaintzen die toki entitateei. Laguntza tekniko hori nahitaezkoa izanen da gaixo kronikoendako programen kasuan. Sedentarismoa prebenitzeko jarduera fisikoaren aldeko toki proiektuei dagokienez, toki erakundearen lidergoa osasun-zentroarekin koordinatu beharko da eta bestelako eragileek ere parte hartzen ahalko dute; adibidez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek.
Diruz laguntzen ahalko diren gastuak dira teknikarien nahiz kirolariek ordainsariak eta Gizarte-Segurantzako gastuak, eta laguntza teknikoari, aseguru-polizei, ikastaroetako partaideen garraio gastuei, kirol materialari zein zabalkunde eta komunikazioari loturikoak.
Programen baldintzak
Entitate antolatzaileek zenbait baldintza bete behar dituzte dirulaguntzak jaso ahal izateko. Hirugarren adinekoendako jarduera fisikorako programen kasuan, parte-hartzaile guztiek 60 urtetik goitikoak izan beharko dute; taldeek gutxienez 8 kide eta gehienez 25 izan beharko dituzte; gehieneko iraupena 8 hilebetekoa izanen da eta irailetik azarora bitartean hasiko dira. Jarduera emanen dutenek kualifikazio espezifikoa izatea ere eskatuko da.
Gaixo kronikoendako jarduera programetan, taldeek 5 eta 15 kide bitartean izanen dituzte eta gutxieneko iraupena 12 astekoa izanen da. Halaber, adierazi denez, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren laguntza teknikoa nahitaezkoa izanen da eta taldeaz arduratzen diren teknikariek hainbat prestakuntza baldintza bete beharko dituzte.
Jarduera fisiko eta osasunari buruzko proiektuen kasuan, deialdiak arreta berezia eman die bizimodu osasungarria sustatzeari, helduen gaitasun funtzionala hobetzeari eta toki inguruneetan ariketa fisikoarekiko nahiz osasunarekiko lotura sendotzeari. Helburu horiek guztiak herritar guztiei zuzenduta daude, baina bereziki 60 urtetik goitikoei.