2019ko abuztuaren 2a

Uztaila oso beroa izan zen ia Nafarroa osoan, tenperatura altuekin egunean eta gauean

Prezipitazioak batez bestekoa baino handiagoak izan ziren, uztailaren 8ko ekaitz gogorrak nabarmenduz

Uztaila oso beroa izan zen ia Nafarroa osoan, tenperatura altuekin egunean eta gauean. Prezipitazioei dagokienez, batez bestekoa baino handiagoak izan ziren, uztailaren 8ko ekaitz gogorrak nabarmenduz, Nafarroako Erdialdean batez ere. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko Departamentuak hilero egiten duen iruzkin meteorologikoan agertzen dira datu horiek.

Tenperaturei dagokienean, beroa izan zen oro har Komunitate osoan, ia Goi Erribera osoa eta Nafarroako Erdialdearen hego erdia hartzen duen tarte batean izan ezik. Kantauriar isurialdean ere uztaila beroa izan da. Behatoki gehienetan batez besteko balioekin izandako tenperaturen aldea 1 eta 2º C artekoa izan da; Goñin, berriz, aldea 2,3ºC-koa izan da, batez bestekoaren goitik, eta Luzaide gehien hurbildu da batez bestekora, 0,3ºC-rekin.

Uztailaren 22tik 25era, bero-bolada handia izan zen Iberiar Penintsula osoan, bereziki Ebroko Haranean, eta Nafarroako behatoki askotan 38ºC-tik gora neurtu ziren, batzuetan baita 40º C ere. Gainera, gutxieneko tenperaturak 20º C-tik gorakoak izan ziren, kantauriar isurialdean eta altitude handiko eremuetan izan ezik.

Bereziki altuak izan ziren uztailaren 24ko eta 25eko gaueko tenperaturak: Tuterako eta Goñiko behatokietan 25 eta 24º C jaso ziren, hurrenez hurren. Hala ere, tenperatura altuena Genevillako behatokian hautsi zen 38,5 ºC-rekin, uztailean ordura arte tenperatura altuena 38º C-koa izan baitzen.

Prezipitazioei dagokienez, batez bestekoaren gainekoak izan ziren, Kodes eta Lokizko mendien inguruan kokatutako behatokiren batean eta Monteagudo-Buñuel-Cabanillas hirukia osatzen dutenetan izan ezik, hilabetea ohikoa izan zen-eta.

Hala ere, hilaren 8ko ekaitza gogorrak medio, bereziki biziak eta etengabeak izanik Cidacos ibaiaren ezker aldean, Izko eta Tafalla-Erriberri mendilerroko hegoaldean, uztaila hilabeterik hezeena izatera iritsi da Aibar, Aribe, Barasoain, Caparroso, Lerga, Erriberri eta Olorizko behatokietan. Zehazki, Erriberriko, Olorizko, Lergako eta Barasoiaingo behatokietan, uztailaren 8an erregistratutako prezipitazioa uztaileko handiena izateaz gain, egun bakar batean erregistratutako handiena izatera ere heldu zen, erregistroak daudenetik.

Gainera, uztailaren 8an, lau geltoki automatikotan, 10 minututan 15 litro baino gehiago erregistratu ziren, eta tartean nabarmentzekoa da Getadarkoa, 25 litro jasotzeagatik.