Descárgate la app
23 udalerrik jasan zituzten kalteak uztailaren 8an izandako euri-jasen eta uholdeen ondorioz
2019ko uztailaren 31a
23 udalerrik jasan zituzten kalteak uztailaren 8an izandako euri-jasen eta uholdeen ondorioz
Jarduneko Nafarroako Gobernuak berretsi egin du, gaurko saioan, Isabel Elizalde Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Agindua, joan den uztailaren 8an Erdigunean izandako ez ohiko eurite eta uholde fenomenoen eraginak jasan zituzten udalerrien zerrenda onesten duena eta fenomeno horiek kalteturiko pertsona fisikoek eta juridikoek izan ditzaketen tributu salbuespenak zehazten dituena, eta baita salbuespen horiek aplikatuko dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak ere.
Jarduneko Nafarroako Gobernuak berretsi egin du, gaurko saioan, Isabel Elizalde Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Agindua, joan den uztailaren 8an Erdigunean izandako ez ohiko eurite eta uholde fenomenoen eraginak jasan zituzten udalerrien zerrenda onesten duena eta fenomeno horiek kalteturiko pertsona fisikoek eta juridikoek izan ditzaketen tributu salbuespenak zehazten dituena, eta baita salbuespen horiek aplikatuko dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak ere.
Joan den uztailaren 23an, Toki Araubideko Foru Batzordeak on ikusia eman zion gaur goizean Gobernuak berretsi duen foru aginduari, uholdeek, haize indartsuek eta meteorologiako bertze fenomeno batzuek eragindako hondamendiak jasan dituzten pertsonei arreta eta laguntza emateko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen 3. artikuluak adierazten duen bezala.
Egun horretan bertan, Elizalde Kontseilariak, nekazaritza sektorean izandako kalteei buruzko behin behineko datuak eman zizkion Nekazaritza Kontseiluari, nekazaritzako azpiegiturei zein hazkuntzatan izandako kalteei dagokienez. Dena den, nekazaritza ustiapenekin erlazionaturiko elementuek jasandako kalteen aurreikuspena falta zen. Halaber, konpentsaziorako aurreikusiriko laguntza ildoen aurrerapena aurkeztu zien sektorearen ordezkariei, bidezkoak izan daitezkeen ekarpenak egin ditzaten.
Pertsona fisikoek eta juridikoek izan ditzaketen tributu salbuespenak eta konpentsazioak, eta Nafarroako Gobernutik egituratuko diren laguntzak, sinatutako aseguru polizen konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira, ordena horretan, eta baita nazio edo Europar Batasun mailan antzeko egoeretarako egon daitezkeen bertze laguntza batzuenak ere. Horrela bada, foru agindua eta zerbitzu teknikoek eginiko txostenak eta balorazioak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora bidaliko dira, eta baita Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara ere, ondore egokietarako.
Kalteturiko udalerriak
Foru Aginduan jasotzen denez, 23 izan dira uztailaren 8ko arratsalde-gauean eta uztailaren 9ko goizaldean izandako ez ohiko euriteak eta Cidacos ibaiaren arroan izaniko uholdeak jasan dituzten gune gisa harturikoak.
Hauek dira: Barasoain, Beire, Caparroso, Eslava, Ezprogui, Garinoain, Ibargoiti, Izagaondoa, Leoz, Lerga, Monreal / Elo, Murillo el Cuende, Olite / Erriberri, Oloriz, Orísoain, Pitillas, Pueyo, Sada, San Martín de Unx, Tafalla, Ujué / Uxue, Unciti eta Urroz Villa.
Ez ohiko euriteak eta ur-emariak
Departamentuko Ekonomia Zirkular eta Ur Zerbitzuak eginiko txostena kontuan izanik, joan den uztailaren 8an meteorologia estazioetan erregistraturiko euriteak ez ohikoak izan ziren Erriberrin, Tafallan, Barasoainen, Lergan, Guetadarren, Monrealen eta Olorizen. Egun horretan 60 eta 170 mm artean jaso ziren sei ordutan. Nafarroako Gobernuaren estazio automatikoen datuek erakusten dutenez, eurite kolpe nagusia Guetadarren jasan zen, ia 25 mm-ko gehieneko intentsitatearekin, 10 minututan. Ondoren behera egin zuen, eta 40 minutu geroago Tafalla izan zen euri gehien jasan zuena, 19,4 mm hamar minututan, alegia. Tafallan eurite hori jasan zenerako, Baldorbako gune garaian (Lerga eta Guetadar) erortzen ari zen ura Cidacos ibairantz zihoan dagoeneko. Horrek azaltzen du zergatik egin zuen gora hain azkar ibaiaren mailak.
Inguruko estazio guztiak aztertuz, agerian geratzen da euriteen gehieneko intentsitatea Tafallan izan zela, eta baita Cidacos ibaiaren burualdean (Lerga inguruan) eta Bizkaiako erreka zuloan (Guetadar). Inguruetan euriteak ez ziren hain indartsuak izan.
Ez ohiko eurite metaketak eragin zituen gertakari hori uztailaren 8ko 17:00etatik 20:00etara izan zen Nafarroako ekialdeko herenaren parte handian, eta Cemboráin, Benegorri, Sansoáin, Gardaláin eta Cidacos ibaietan izandako igoerak eragin zituen, ibai horietara ezkerraldetik heltzen diren ibaiadarren ur-emariak gora egin baitzuen.
Hegoalderago, Erriberrin, Cidacos ibaiaren emari estazioak gainezka egin zuen, eta kalte garrantzitsuak jasan zituen. Horren ondorioz, hurrengo egunean, uztailaren 9an, zerbitzutik kanpo geratu zen, ibaiko putzu erregistratzailea deskonektaturik geratu baitzen. Hala ere, funtzionatzen egon zen bitartean, uholdearen maila gorena eta horren jaitsiera erregistratu ahal izan zituen. Erregistraturiko maila gorena 5,76 metrokoa izan zen, uztailaren 9ko 0:10ean. Dena den, uste denez, horretan eragina izan zuen estazioko eta zubiko barandan gertaturiko tapoiak. Ondoren hautsi egin zen, barandak behera egitean. Mailak zuzendu ondoren, gehieneko altuera 5,15 metro ingurukoa izan zela uste da. Erregistro horrek argi eta garbi erakusten du datu hidrologiko osoen serieak egiten ari diren 29 urteetan estazio horretan erregistraturiko uholde handiena izan dela.
Nekazaritzan izandako kalteen jakinarazpena
Uholdeak jasan zituen ingurura eginiko ikuskapen bisiten ondoren Departamentuko Nekazaritza Azpiegitura Zerbitzuko teknikariek egin dituzten lehenbiziko balorazioak kontuan izanik, nekazaritza azpiegitura publikoek eta Ureztatzaileen elkarteek jasan dituzten kalteak 2,1 milioi eurokoak izanen lirateke. Horietatik 420.000 inguru Ureztatzaileen elkarteei dagozkie, eta gainerakoak titulartasun publikoko kalteak dira, bideak eta isurbideeak, batez ere.
Hazkuntzatan izaniko kalteei dagokienez, Departamentuak dituen behin behineko datu orokorrek eta Agrosegurok jasoriko hondamen parteetan oinarriturik lorturikoek erakusten dutenez, kalteturiko 23 udalerrietan, kalteak jasan dituzten 4.619 hazkuntza hektarea daude, eta kalteen balioa 2.321.334 eurokoa da.
Zehatzago esanez, harri-erauntsiak eragindako 3.814 hektarea daude (3.389 laborea, 384 mahastia eta 41 olibondoa). Egin den galeren behin behineko balorazioa 1.546.943 eurokoa da. Uholdeek 805 hektareatan izan dute eragina (759 laborea, 30 mahastia eta 16 olibondoa). Aurreikusiriko kalteak 774.391 eurokoak dira.
Halaber, lur-sailetako egiturazko elementuek izan dituzten kalteak 700.000 euro ingurukoak izan direla aurreikusi da lehenbiziko balorazio horretan.
Adierazi behar da egun horretan bertan ekaitz indartsuak izan zirela komunitateko bertze puntu batzuetan, eta horiek ere kalte larriak eragin zituztela bertze gune batzuetan. Dena den, koantifikatu gabe daude oraindik.
Bertze kalte batzuk
Toki Inbertsioen 2017-2019 Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 19. artikuluan oinarrituz, 6 udalek eta Mairagako mankomunitateak larrialdi kalifikazioa eskatu dute, 1,5 milioi euroko 19 jarduketa gauzatzeko.
Goi saneamendu sistemaren kalteen aurretiazko balorazioak erakusten duenez, horien zenbatekoa 124.150 eurokoa izanen litzateke une hauetan. NILSAren txostenak erakusten duenez, kalteturiko bost arazketa instalazioetatik, Pueyokoa eta Traibuenasekoa dira kaltetuenak, eta Barasoain-Garinoaingoak, Tafalla-Erriberakoak eta Beire Pitillasekoak garbiketa lanak behar izan dituzte, baina ez dituzte kalte larriak jaso. Pueyoko hondakin uren araztegian kalte bereziak jasan dituzte sarbideak, itxiturak, barrualdeko urbanizazioak, kanpoko landareek eta horiek ureztatzeko sistemak. Traibuenaseko instalazioetan, berriz, kalteak garrantzitsuak izan dira, eta hustubidean eta imhoff tankeen gunean izan dute eragina.
Salbuespenak eta laguntzak
Foru aginduaren terminoen arabera, zerga hauen salbuespena aurreikusten da: lurralde mailako kontribuzioa kalteturiko ondasun higiezinen kasuan, Jarduera Ekonomikoen Zerga eta Eraikuntza, Instalazio eta Obra gaineko Zerga, kalteturiko ehunekoan. Neurri horren ondorioz jaso gabe utziriko diru-sarrerak konpentsatuko dizkie Nafarroako Gobernuak toki erakundeei.
Tributu salbuespenak jaso nahi dituzten pertsona fisikoek eta juridikoek eskaria aurkeztu beharko dute dagokien Udalean. Foru Aginduan zein dokumentazio aurkeztu behar den adierazten da, kalteturiko ondasunak aseguraturik egotearen edo ez egotearen arabera.
Egon daitezkeen laguntza linea posibleei dagokienez, Nekazaritza Kontseiluko kideei Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Zuzendaritza Nagusitik aurreko astean aurreratu zitzaien bezala, titulartasun publikoko nekazaritza azpiegituretan, ureztatzaileen elkarteetako nekazaritza azpiegituretan, nekazaritza edo abeltzaintza ustiapenetako elementuetan eta estalki azpiko instalazioetan (negutegiak) hazkuntzak aurrera eramatearen ezintasunaren ondoriozko lortu gabeko irabazietan izandako kalteak estaltzeko deialdiak egituratzea dago aurreikusirik, uholdeen ondorioz ohiko hazkuntza zikloa gauzatzeko ezintasunaren ondoriozko errenta galera konpentsatzeko.