2019ko uztailaren 30a

“José Lázaro Galdiano” ediziorako Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea asteazken honetan irekiko da

Duela hamarkada bat sortutako golardo honekin, Gobernuak edizio artistikoa duten liburu orokorren eta espezifikoen kalitatea sarituko du

Nafarroako Gobernuak deitutako 2019ko “José Lázaro Galdiano” ediziorako Sarirako hautagaitzak asteazken honetatik, hilak 31tik, aurrera aurkez daitezke. Golardo horrek liburuen edizioaren kalitatea sarituko du.

Gaur NAOn argitaraturiko deialdian jaso denez, saria bi kategoriatan emanen da eta 3.000 eurokoa izanen da kategoria bakoitzean: alde batetik, izaera orokorreko arte liburuak (erakusketen katalogoak, artistei buruzko monografiak, argazkilari baten edo zenbaiten lana biltzen duten liburuak, arte edo diziplina zientifikoren baten gaineko saiakerak, edizio zaindua duten literatura liburuak, etab.), eta bestetik, edizio artistikoa duten pertsona zein entitate bibliofiloendako liburuak, kalitate handiko materialekin eginak, hala nola edizio zenbakitua eta mugatua duten artista liburuak, edo obra klasikoen edizio faksimileak.

Saria irabazten ahalko dute, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, edozein hizkuntzatan eta 1. oinarrian zehaztutako bi kategorietako edozeinetan arte liburuak argitaratu dituzten pertsona fisikoek, enpresak edo pertsona juridikoek, zabalkunderako legezko betekizunak bete badituzte eta 2018. urteko lege gordailua eta ISBNa (International Standard Book Number) baldin badituzte.

Hautagaiak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Nagusian (Karlos III.aren Hiribidea 2, beheko solairua. Iruñea) edo legeak aurreikusitako edozein beste lekutan aurkeztu beharko dira. Aurkezteko epea 2019ko irailaren 16ko 14:00etan bukatuko da.