Autoekin lehiatzen eta Leonardo Da Vinci, datozen udako ikastaroetako gaiak
Tuterako UHUNek antolaturik unibertsitatearen egoitzan bertan izanen dira uztailaren 16 eta 19an
Osteguna, 2019ko Uztailaren 11a

Nafarroako unibertsitateek antolatutako udako ikastaroek datorren astean Tuterako UHUNek antolatutako bi hitzordu eskainiko dituzte. Autoekin lehiatzen: taldeko lanak egiten du posible ikastaroa uztailaren 16an izanen da, eta ostiralean, hilak 19, hasiko da “Leonardo Da Vinci: DNA project”.

-“Autoekin lehiatzen: taldeko lanak egiten du posible” ikastaroan lasterketa-talde batean ingeniariek dituzten funtzioak landuko dira. Hau da, parte-hartzaileek ikusiko dituzte zer karrera mota dauden; kategoria ezagunenak eta arautegiari dagokionez dituzten desberdintasunak; talde-motak eta kideek betetzen dituzten funtzioak. Hortik aurrera, ingeniariak eta haien modalitateak izango ditu ardatz, eta talde batean lan egiten eta egunero erabiltzen dituzten tresnak erakutsiko ditu. Ikastaroa amaitzeko, arlo profesionalean dauden kontratu eta soldata mota desberdinei buruzko saioa egingo da.

-“Leonardo da Vinci: DNA Project”: Leonardo da Vinci, jakin-min handikoa eta asmatzeko gaitasun handikoa, hainbat diziplinatan aplikatzea lortu zuena, Errenazimentuko gizakiaren sinbolo gisa deskribatua izan da. Ikastaroaren helburua Leonardo DNA Project delakoaren helburu zientifikoak ezagutaraztea da, Europako eta Estatu Batuetako hainbat erakundetako diziplina akademikoetan adituak direnek osatua. Xede nagusia da Leonardo da Vinciri egotz dakiokeen DNAren arrastoak dituen material biologikoa lortzeko teknika aitzindariak erabiltzea bere koadernoetatik, ondorengoetatik, hilobietatik eta beste iturri batzuetatik abiatuz. DNA-sekuentziek eta azken proba berriek Leonardoren ikusmen-zorroztasun izugarriari, haren familiaren historiari eta haren aurpegiari buruzko datu berriak ekar ditzakete. Leonardoren ohar-koadernoetako zazpi mila orrialde baino gehiago iritsi dira gaur egunera arte. Material horrek larruazaleko zelulak, listuak edo DNAdun odola eduki ditzake.

Kurtso hauen inguruko informazio gehiago izateko eta matrikula egiteko:

https://udakoikastaroak.navarra.es/