2019ko uztailaren 5a

Ollo kontseilariak 2019ko EuskarAbenturan parte hartzen duten 121 gazteri harrera egin die Orreagan

Espedizio honen bidez, gazteen artean euskararen erabilera indartzeko eta transmititzeko, 798 kilometro eginen dituzte
EuskarAbentura 2019 espedizioko parte hartzaileak.
EuskarAbentura 2019 espedizioko parte hartzaileak.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Jarduneko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok 2019ko EuskarAbentura espedizioan parte hartzen duten 16 eta 17 urte bitarteko gazteri harrera egin die gaur goizean Orreagan. Gazte horiek 25 helduk osatutako lan-taldeak lagunduta jarduera eginen dute.

Espedizio honetako protagonistek Donejakueko bideak jarraituz, 798 kilometro egingo dituzte eta UNESCOko Ondare izendatutako hainbat hiri eta herri bisitatuko dituzte. Halaber, Musikako, dantzako, komunikazioko, kiroleko, soziolinguistikako eta idazketako profesionalek, besteak beste, ordu batzuk partekatuko dituzte parte-hartzaileekin, ezagutzak elkarri trukatzeko.

Gaurtik hasita eta uztailaren 11ra arte Nafarroako leku ezberdinak ezagutuko dituzte, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin EuskarAbenturaren helburuekin bat egiten baitu: Gazte euskaldunen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatu, hauen artean sare bat sortu eta elikatu, zein natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatu.

“EuskarAbenturak esperientzia ugari emanen dizkizue eta taldean biziko zareten egunetan parekidetasuna, bizikidetza, ingurumenarekiko begirunea, eta turismo eredu jasangarria bezalako balioak landuko dituzue, euskara elkarbizitzarako hizkuntza gisa bere aberastasuna bizi eta transmititzearekin batera”, adierazi du Ana Ollok, espedizioko protagonistei egindako harreran.

Bukatzeko, Nafarroan barna ibiliko diren egunetan bizipen “atseginak eta gogobetegarriak” izatea opa izan die, eta gaineratu du, “segi bidean, eta aprobetxatu ibiltzeko, ikasteko, gozatzeko eta gainontzekoekin zein ezagutuko dituzuen inguruekin partekatzeko”.

EuskarAbentura diruzlaguntzeko 18.150 euro (Bez barne)

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuaren bitartez, ekintza hau diruz lagundu du 18.150 eurorekin (BEZ barne) izan ere jarduneko foru Exekutiboaren funtzioetako bat da euskararen presentzia eta gizarte arloan erabilera ezberdinetan hizkuntzaren erabilera sustatzeko sentsibilizazio programak gauzatzea, zein helburu bera duten entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzea.

2016-2019 Euskararen I. Plan Estrategikoa, Nafarroako Euskararen kontseiluak berretsi zuen 2017ko urtarrilaren 19an, eta Nafarroako Gobernuak onartu zuen urte bereko ekainaren 25ean. Bere lehen ardatz estrategikoan, gazteen artean euskararen erabilera balio baikor moduan helarazteko eta indartzeko ekintzak bultzatzeko helburua du.