2019ko uztailaren 2a

Gizarte Segurantzak inoizko historikorik handiena gainditu du ekainean, 289.210 afiliaziorekin

Langabezia 887 pertsonatan jaitsi da hilabetean, eta 1.678tan urtebetean
Gizarte Segurantzak inoizko historikorik handiena gainditu du ekainean, 289.210 afiliaziorekin Irudi galeria

Nafar Lansareko (NL) agentzietan erregistratutako langabetuen kopurua 30.376 pertsonatan kokatu da ekainean.

Ekaineko datuen balorazioa positiboa da, langabeziak behera egin baitu 887 pertsonatan hilabetean ( % -2,84), eta 1.678 langabe gutxiago urtebetean ( % -5,23).

Nafar Lansareko (NL) agentzietan erregistratutako langabetuen kopurua 30.376 pertsonatan kokatu da ekainean.

Ekaineko datuen balorazioa positiboa da, langabeziak behera egin baitu 887 pertsonatan hilabetean (-% 2,84), eta 1.678 langabe gutxiago urtebetean (-% 5,23). Bestetik, enpleguaren sorkuntzari dagokionez, afiliazioak % 0,03ko igoera arina izan du hiletik hilera, 82 afiliazio berri lortuz, eta urtetik urtera igoera % 2,53koa izan da, 7.144 afiliazio berrirekin. Azkenik, kontratu kopuruan % 1,75eko jaitsiera gertatu da hiletik hilera, baina urtetik urterako kopuruak gora egin du (% 1,83). Honela, kopuru metatuetan (urteko lehen erdialdean) kontratu kopurua 2018ko epealdi berekoa baino handiagoa da (% 2,32 kontratu gehiago), urte hartan lortutako kontratazio kopuru historikoa gaindituz.

Laburbilduz, datuek argi utzi dute urte hasieraz geroko langabezxiaren jaitsiera eta enpleguaren sorkuntza indartzen ari direla, eta horri esker, 2019ko lehendabiziko sei hilabeteetako balantzea arras positiboa dela. Horren harira nabarmendu behar da Gizarte Segurantzak inoizko historikorik handiena gainditu duela, 289.210 afiliaziorekin.

Gainera, litekeena da langabeziaren jaitsiera uda igarota ere mantentzea, eta hortik aurrera, intentsitate desberdinetako gorakadak gertatzea, urtaroen araberako joeren ondorioz. Ondorioz, datozen hilabeteotan 30.000 langabetu baino gutxiago egonen dira.

Ildo horretan gogoratu behar da Nafarroako langabezia-mailarik handiena 2013ko otsailean gertatu zen, 56.524 langaberekin. Horrek esan nahi du harez geroztik langabezia % 46,3 murriztu dela, eta horren ondorioz, 26.148 langabe gutxiago daudela erregistratuta. Horrela, egungo langabezia-maila 2008ko azarokoa bezalakoxea da.

Bestalde, Estatuan langabeziaren jaitsiera % 2,07koa izan da hiletik hilera eta % 4,63koa urtetik urtera. Hortaz, langabeziaren jaitsiera nabarmenagoa izan da Nafarroan Estatuan baino, hiletik hilera zein urtetik urtera.

Langabeak babesteko Estatuko sistemaren estaldura-mailari dagokionez, aurkeztutako azken datuek argi utzi dute Estatuko sistemak mugapen nabariak dituela oraindik ere. Hartara, azken datu erabilgarriaren arabera, maiatzean, langabeziagatiko estaldura-tasa % 51,4koa izan da Nafarroan, apirilekoa baino 0,4 puntu handiagoa eta duela urtebetekoa baino 5,5 puntu handiagoa.

Igoera hori gorabehera, argi utzi behar da estaldura-maila horrekin Nafarroako langabeen erdiek baino gehiagok ez dutela sistema horretan estaldurarik, % 53,4k, hain zuzen ere. Hortaz, langabe guztiak kontuan harturik, Nafarroan estaldurarik ez duten 16.700 langabe daude. Horregatik da hain garrantzitsua Errenta Bermatua gisako babesteko tresna propioak izatea. Horren harira gogoratu behar da horren onuradun diren 14.563 pertsonatatik, ia hamarretik lauk langabezia-subsidioa kobratzen dutela; % 39,3k zehazkiago esanda (5.729 pertsona), % 56k pentsio kontributiboa (8.160) eta % 4,6k (674) Laneratzeko Errenta Aktiboa.

Estatuan, estaldura-tasa % 60,1ekoa izan da; hots, Nafarroako langabeak babesteko tasa baino 8,7 puntu handiagoa, nahiz eta urtebeteko epean Estatuko tasaren igoera zertxobait txikiagoa (4,1 puntukoa) izan den.

Gizarte Segurantzako afiliazioa eta kontratazioa

Aurreratu denez, langabeziaren jaitsierari afiliazioaren gorakada arina gehitu behar zaio. Hortaz, enpleguaren sorkuntza finkatzeko joera indartzen ari da.

Datuei erreparatuta, ekainean Nafarroan 289.210 pertsona afiliatuta zeuden Gizarte Segurantzan, aurreko hilean baino 82 gehiago eta duela urtebete baino 7.144 gehiago. Ehunekoetan, gorakada horiek % 0,03ko igoera suposatzen dute hiletik hilera eta % 2,53koa urterik urtera. Afiliazioaren bolumen hau krisiaren aurrekoa baino argiro handiagoa da. Izan ere, serie osoan (2006-2019) izandako enplegu-kotarik gorena da.

Estatuarekin alderatuta, afiliazioaren igoera zertxobait txikiagoa izan da hiletik hilerako zein urtetik urterako kopuruetan. Horrela, Estatuan, hiletik hilerako igoera % 0,39koa izan da eta urterik urterakoa % 2,69koa. Puntu honetan berariaz nabarmendu behar da langabezia-tasaren aldea 6,5 puntukoa dela. Hau da, langabeziaren eragina dexente txikiagoa da Nafarroan eta enpleguaren sorkuntza, antzekoa.

Bestetik argi utzi behar da, gure inguruko autonomia-erkidegoekin (Euskadi, Aragoi eta Errioxa) alderatuta, afiliazioaren urtetik urterako igoera positiboagoa izan dela kopuru erlatiboetan. Adierazi denez, afiliazioaren urtetik urterako gorakada % 2,53koa izan da Nafarroan. Aldiz, Euskadin, igoera % 2,06koa izan da, % 1,95ekoa Errioxan eta % 2,39koa Aragoin. Kontuan izan behar da Nafarroa dela langabezia-tasarik txikiena (% 8,19) duen autonomia-erkidegoa.

Horrekin batera, gogoan hartu behar da afiliazio-kotarik txikiena 2014ko urtarrilean gertatu zela, 243.505 afiliaziorekin. Beraz, ekaineko azken datua kontuan hartzen badugu, 45.705 afiliazio gehiago egon dira, % 18,8ko igoera tarteko.

Kontratazioari buruzko kopuruetan, adierazi den bezalaxe, ekaineko datuek hiletik hileako jaitsiera islatzen dute, maiatzean baino kontratu gutxiago erregistratu baitira. Hartara, 2019ko maiatzean, lantokia Foru Komunitatean duten 34.597 kontratu erregistratu dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Honek esan nahi du aurreko hilabetean baino 618 kontratu gutxiago daudela, hiletik hilerako % 1,75eko igoera tarteko. Hala ere, urtetik urterako kopuruetan, kontratazioak gora egin du, iaz baino % 1,83 kontratu gehiago (623 kontratu gehiago) erregistratu baitira. Gainera, aurreratu den moduan, urteko lehen sei hilabeteetako datu metatuen arabera, kontratuetan % 2,3ko igoera gertatu da 2018ko epealdi beraren aldean, orduan lortutako kontratazio kopuru historikoa gaindituz.

Kontratu-motari dagokionez, ekainean sinaturiko kontratuen % 5,7 mugagabeak izan dira eta % 94,3 aldi batekoak. Hots, 1.961 kontratu mugagabeak dira. Kopuru metatuetan ere (urtearen lehen erdialdean) kontratazio mugagabea kontratazio osoaren % 6,5 izan da. Hau da, 12.519 kontratu mugagabe erregistratu dira 2019ko lehendabiziko sei hilabeteetan. Hala ere, portzentajea 2018koa (% 6,9) baino zertxobait txikiagoa da.

Horren harira, malgutasun handiagoko eredu baten barnean, kontratazio mota baldintzatzen duten alderdietako bat astebete edo gutxiagoko aldi bateko kontratazioaren pisua da. Horrela, ekainean erregistratutako guztizko kontratu kopuruan, % 39,4 iraupen laburreko (<= aste 1) aldi bateko kontratuak izan dira. Urtea hasi zenetik (urtarriletik ekainera) portzentajea % 40,1ekoa izan da, 2018ko epealdi berekoaren (% 40,2) antzekoa. Hortaz, finkatuz doan fenomenoa da.

Bestalde, lanaldiari dagokionez, ekainean erregistratutako 34.597 kontratuetatik, % 29,5 lanaldi partzialekoak dira, 10.197 kontratu guztira.

Langabeziaren datuen banakapena

Enplegu agentziei dagokienez, hileko terminoetan langabeziak behera egin du agentzia guztietan, Lodosakoak izan ezik. Izan bere, bertan, ekainean ohikoa denez, langabeziak gora egin du. Jaitsierak hauek izan dira: Agoitzeko agentzia (%11,3), Altsasu (%7), Doneztebe (%4), Iruñeko agentziak (%3,5), Tafalla (%2,0), Tutera (%1,9) eta Lizarrako agentzia (%1,5).

Lodosako agentziari dagokionez, langabeziak 81 pertsonatan egin du gora, hau da, langabezia tasa %6,7 igo da. Hazkunde hori, ia osorik, elikadura industriatik datorren langabeziak gora egitearen ondoriozkoa da. Abagune horrek argi erakusten du inguru horretako jardueraren adar nagusiaren urtaroen araberako eragina.

Urteko bariazioari dagokionez, langabeziak behera egin du, %1,2ko igoera txikia (15 langabetu gehiago) izan dituen Lodosakoan izan ezik. Horrela, urteko jaitsierak hauek izan dira: Altsasuko agentzian (%11,1), Agoitzekoan (%7,4), Iruñekoetan (%6,3), Tuteran (%4,9), Tafallan (%1,9), Donezteben (%1,9) eta Lizarrakoan (%1,0).

Langabeziaren sexuaren araberako karakterizazioari dagokionez, erregistraturiko langabezian 18.335 emakume ikusten dira. Hilean langabezian dauden emakumeen kopuruak %3 egin du behera (562 gutxiago). 12.041 gizon daude langabezian, hileko %2,6ko jaitsierarekin (maiatzean baino 325 gizon langabetu gutxiago). Beraz, hilabete horretan langabeziak izan duen jaitsiera nabarmenagoa izan da emakumeengan, emakumeek presentzia handiagoa duten jardueretan langabeziak gehiago egin duelako behera, osasun arloko jardueretan edo merkataritzan, adibidez.

Gehitu behar da urteko aldaketa genero ikuspegitik aztertzen bada, langabeziaren banaketa desorekatura itzuli garela hautematen dela, krisiaren aurreko epealdian ez bezala. Gaur egun, langabetu guztien artean, emakumeen ehunekoa %60,4koa da, eta 2009. urtearen amaieran %49koa izan zen. Hau da, hamaika puntu baino gehiagoko aldea dago.

Adin taldeei dagokienez, hilean behera egin du adin talde guztietan erregistraturiko langabeziak, batzuen eta besteen artean intentsitatea berdina ez den arren. 25 urtetik beherako langabetuen taldeak %8,6 egin du behera hilean (247 gutxiago). Gertakari hori, udan aldi baterako enpleguek gora egitearekin dago erlazionaturik. 25 eta 34 urte arteko langabetuei dagokienez, hilean %4,2 egin dute behera (240 gutxiago); 35 eta 44 urte arteko taldea %1,5 jaitsi da (114 gutxiago); 45 eta 54 urte artekoak %2,7 egin du behera (201 gutxiago); eta, amaitzeko, 55 urtetik gorakoen taldea %1,1 jaitsi da (aurreko hilean baino 85 gutxiago).

Horrela, 25 urtetik beherako langabetuen kolektiboa 2.636 pertsonakoa da (guztien arteko %8,7); 25 eta 34 urte arteko langabetuei dagokienez, langabetu guztien %18,2 dira (5.538); 35 eta 44 urte artekoak %23,9 (7.255); 45 eta 54 urte artekoak %23,9 (7.263); eta, amaitzeko, 55 urtetik gorakoen taldea %25,3 (7.684 pertsona). Datu horiek, enplegagarritasunari, jarduketarako ildo eta neurri espezifikoak ezartzeari… dagokionez kontuan izan beharreko alderdi garrantzitsua erakusten dute: Nafarroan langabezian daudenen ia laurdenak 54 urte baino gehiago dituela.

Urteko bariazioari dagokionez, langabezian dauden gazteek %11,6 egin dute behera. 25 eta 34 urte arteko langabetuen taldeak %6,2 egin du behera; 35 eta 44 urte arteko taldea %5,6 jaitsi da; 45 eta 54 urte artekoak %5,4 egin du behera; eta, amaitzeko, 55 urtetik gorakoen taldea %1,6 jaitsi da.

Ikasketa mailari dagokionez, hamar langabetutik zazpik (%71, 21.565 pertsona) ez dute bigarren hezkuntzako lehen etapatik gorako prestakuntzarik. Unibertsitateko prestakuntza dutenen langabezia kopuru osoaren %9,8koa da (2.963 pertsona). Azpimarratu behar da unibertsitate ikasketak dituzten langabetuen artean, hamarretik zazpi emakumeak direla oraindik (%70,7). Beste alde batetik, langabetuen %6,3k Goi Mailako Lanbide Heziketako ikasketak ditu, 1.916 pertsona dira.

Nazionalitateari dagokionez, ekainean langabezian zeuden pertsonen %19,8 atzerritarrak ziren, 6.008 pertsona, hain zuzen ere. Hileko aldaketei dagokienez, atzerritarren langabezia mailak %2 egin du behera maiatzarekin alderaturik (124 atzerritar gutxiago langabezian), eta Espainiako nazionalitatea duten pertsonen artean, jaitsiera %3koa izan da (763 gutxiago hilean). Beste alde batetik, urte osoa kontuan izanik, atzerritarren jaitsiera %3,6koa izan da (225 gutxiago), eta Espainiako nazionalitatea duten pertsonen artean jaitsiera hori %5,6koa izan da (1.453 gutxiago).

Iraupen luzeko langabeziari dagokionez, hau da, urtebete baino gehiago, etenik gabe, langabezian dauden pertsonei dagokiena, 11.484 pertsona dira, eta langabetu guztien %37,8 hartzen dute, maiatzean erakusten zutena (%37,6) baino ehuneko pixka bat altuagoa, baina duela urtebete baino zerbait baxuagoa (%39,6). Alderdi positibo gisa, azpimarratu behar da iraupen luzeko langabezia, langabezia osoa baino gehiago jaitsi dela urtean (%9,5, adierazitako %5,2aren aurrean). Hala ere, iraupen luzeko langabeziak ekainean erakutsi duen joerari dagokionez, gutxiago jaitsi da, %2,4 (iraupen luzeko 281 langabetu gutxiago), langabeziaren osotasunean jaitsiera hori %2,8koa izan den bitartean.

Beste alde batetik, genero ikuspegitik hainbat datu izan behar dira kontuan. Lehenbizikoa, iraupen luzeko langabeziak eragin handiagoa duela emakumeengan. Horrela, Nafarroan langabezian dauden emakume guztien artean, %41,4 iraupen luzeko langabetuak dira. Gizonen kasuan, iraupen luzeko langabetuak langabetu guztien %32,3a dira. Horrekin erlazionaturik aipatu beharreko bigarren gai azpimarragarria, iraupen luzeko langabetu guztien artetik %66,1 emakumeak direla da.

Beste alde batetik adina kontuan hartzen badugu, iraupen luzeko langabetuen %52,3 50 urtetik gorakoak dira (6.008 pertsona). Horrela, adina eta sexua aldagaiak gurutzatuz atera daitekeen datuak hau dio: iraupen luzeko langabetu guztien artetik %33, 50 urteko eta gehiagoko emakumeak direla (3.787 emakume langabetu guztira).

Amaitzeko, ekonomiaren sektoreei dagokienez, langabeziak behera egin du hilean eraikuntzan, eta batez ere zerbitzuetan, eta zertxobait gora egin du lehen sektorean eta industrian. Horrela, nekazaritan eta abeltzaintzan langabeziak pixka bat gora egin du aurreko hilabetearekin alderaturik, %0,3 (6 langabetu gehiago). Industrian, langabeziaren hileko igoera %2koa izan da (82 langabetu gehiago). Eraikuntzaren sektoreari dagokionez, 56 langabetu gutxiago egon dira -%3,6. Zerbitzuen sektorean jaitsiera %3,9koa izan da, eta horrek, termino absolutuetan, sektore horretan 821 langabetu gutxiago egon direla erakusten du. Amaitzeko, aurretik lanik izan ez duten pertsonen kopuruak %3,3 egin du behera (98 langabetu gutxiago hilean).

Urteko terminoetan, azpimarragarria da langabeziak jaitsiera garrantzitsua izan duela sektore guztietan. Dena den, ehunekoei dagokionez, eraikuntza sektoreak izan duen %14,1eko jaitsiera azpimarratu behar da (246 langabetu gutxiago). Lehen sektoreari dagokionez, langabeziak azken urtean izan duen jaitsiera %4,6koa izan da (sektore horretatik etorritako 87 langabetu gutxiago). Industrian, langabeziak %5,5 egin du behera (242 langabetu gutxiago). Zerbitzuen sektoreari dagokionez, %4ko jaitsiera izan du, hau da, azken urtean 835 langabetu gutxiago egon dira. Amaitzeko, aurretik lanik izan ez duten pertsonen langabezia %8,6 jaitsi da urtean (268 langabetu gutxiago).

Aldaketa horiek erakusten dutenez, zerbitzuen sektoreko langabezia erregistraturiko langabeziaren %65,9a da, eta industriatik datorrena, berriz, %13,8a. Eraikuntzatik datorrena %4,9a da, eta lehen sektoretik datorrena %6. Gainerako %9,4a, aurretik lanik izan ez duten pertsonak dira. Gogorarazi behar da 2009ko ekainean industria sektoreko langabezia %22ra heldu zela, 2006an %20,5ekoa zen bitartean.

Langabeziaren hileko jaitsieraren foku nagusi bezala hurrengo jarduera -adarrak nabarmentzen dituzte:

Administrazio Publikoa (166 langabe gutxiago hilabete batean), osasun jarduerak (152 gutxiago), enpleguarekin erlazionatutako jarduerak (147 gutxiago), txikizkako merkataritza (139 gutxiago), familien jarduera, etxeko lanak egiten dituzten langileen enplegu emaile gisa (72 gutxiago).

Langabeziak hilean gora egin duen adarrei dagokienez, urtaroen eragina nabarmena dela hautematen da. Izan ere, hezkuntzarekin erlazionaturiko adarrak azpimarratzen dira (126 langabetu gehiago hilean), ikasturtearen amaieraren ondorioz. Elikaduraren industriatik datorren langabeziak ere gora egin du (146 langabetu gehiago hilean).

Langabeziaren urteko aldaketari dagokionez, jardueraren adar gehienetan behera egin du langabeziak urtean. Hauek nabarmentzen dira:

Txikizkako merkataritza (158 langabe gutxiago 2018ko ekainarekin alderatuz); janari- eta edari-zerbitzuak (137 gutxiago); eraikuntza espezializatuko jarduerak (127 gutxiago), eraikinen eraikuntza (115 gutxiago); familien jarduera, etxeko lanak egiten dituzten langileen enplegu emaile gisa (103 gutxiago), beste jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (92 gutxiago), Administrazio Publikoa (88 gutxiago), nekazaritza, abeltzaintza eta haiei lotutako zerbitzuak (78 gutxiago).

Amaitzeko, urteko langabeziaren igoera eragin duten jarduera gutxien artean Metalurgia azpimarratu behar da; burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko produktuen fabrikazioa (2018ko ekainean baino 90 langabetu gehiago).