Descárgate la app
121 komunikabide akreditatu dira Sanferminetako Nazioarteko Prentsa Bulegoan
2019ko uztailaren 2a
121 komunikabide akreditatu dira Sanferminetako Nazioarteko Prentsa Bulegoan
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako jarduneko kontseilari Ana Ollok Sanferminetako Nazioarteko Prentsa Bulegoa (NPB) bisitatu du astearte honetan. Aurten, 121 komunikabide akreditatu ditu jaietako ekitaldi nagusien berri eman dezaten, eta 2.450 akreditazio-txartel banatu ditu haien artean.
Bisitaldian, kontseilariarekin batera izan dira Pello Pellejero, Komunikazioko eta Harreman Instituzionaletako zuzendari nagusia eta antolaketan jardun duten beste bi erakundeen ordezkariak: Iruñeko Udala eta Nafarroako Kazetarien Elkartea. Udalaren izenean, Turismoko zinegotzi berezi Carmen Alba bertaratu da, eta Patxi Pérez Kazetarien Elkartearen izenean, erakunde honetako lehendakaria baita.
Aurten, NPBak, Iruñeko Udalak emandako 2.450 baimen edo akreditazio txartel banatuko ditu entzierroetarako, Txupinazorako eta Pobre de Mirako, 2018an baino 150 gehiago. Guztira, 121 komunikabide akreditatu dira 2019ko Sanferminetarako, albiste-agentziak, telebistak, irratiak, prentsa eta bestelakoak barne hartuta.
Herrialdeka, kazetariak Estatu Batuetatik, Erresuma Batutik, Frantziatik, Mexikotik, Alemaniatik, Brasildik, Errusiatik, Japoniatik, Kubatik eta Hego Koreatik etorritakoak dira, Estatu barrukoez gain.
Aurtengo proiekturik aipagarrienen artean, Japonia eta Errusia gisako herrialdeetatik etorrirakoak nabarmendu behar dira. Adibidez, NHK Japoniako irrati-telebista publiko nagusiak programa berezia egingo du herrialde osorako. Errusiako turismo eta bidaiei buruzko kanal nagusiak ere talde bat bidaliko du Iruñera, entzioerroei buruzko erreportajea egin dezan.
Entzierroa da ekitaldirik jendetsuena, eta 121 komunikabidetako 389 pertsona akreditatu bilduko ditu. 40 komunikabidetako beste 160 profesionalek Txupinazoaren berri emanen dute Udaletxetik edo Seminario Etxetik. Azkenik, Pobre de Mirako 37 komunikabidetako 90 pertsona akreditatuta daude. Akreditazioak egunekoak eta pertsonalak dira, eta aipatutako hiru ekitaldi horietako bakoitzerako baizik ez dute balio.
Uztailaren 1etik 14ra bitartean, Nazioarteko Prentsa Bulegoak errendimendu betean jardungo du Baluarte Biltzar-Jauregi eta Auditorioan mundu osoko kazetariei arreta emateko. NPBaren 2019ko aurrekontua 35.000 eurokoa da; Nafarroako Gobernuak 30.000 euro emanen ditu, eta Iruñeko Udalak 5.000.
Hamar kazetari
NPBren hemeretzigarren edizio honetan hamar kazetarik lan eginen dute informazioaren arloko profesionalek jaietako hainbat alderdiri buruzko plantea ditzaketen kontsultak artatzeko, modu presentzialean, telefonoz zein posta elektronikoaren bidez.
Nafarroako Ospitalegunean sartuta dauden entzierroko zaurituekiko elkarrizketak tramitatzea da NPBak betetzen dituen beste zereginetako bat.
Gainera, ondoz ondoko hirugarren urtez, San Fermin markaren jarraipena eginen da sare sozialen bitartez.
Ohi denez, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak prestaturiko material lagungarria banatuko da; hala nola, 2019ko Sanferminetako Oinarrizko Gida, mapak, jaietako programak, eraso sexistei buruzko baliabideak eta Iruñeari zein Nafarroari buruzko informazio turistikoa, hainbat hizkuntzatan.
Nazioarteko Prentsa Bulegoak munduko hainbat herrialdetako kazetari eta argazkilariei harrera egiteko esparru zabala du Iruñeko Baluarte Biltzar-Jauregi eta Auditorioko 1. solairuan dituen instalazioetan, eta lan egiteko lekua eskaintzen die behar duten guztiei. Horretarako, Interneterako abiadura handiko konexioaz hornituta dago, argazkiak, bideoak eta bestelako materialak segurtasunez bidali ahal izateko. Horrez gain, telefono mugikorretarako wifi konexioa du, eta pantaila baten laguntzaz, entzierroaren zuzeneko irudiak ikusteko aukera eskaintzen du. Behar duten profesionalek zaintza zerbitzua ere erabil dezakete.
Hauxe izanen da irekiera-ordutegia: uztailaren 1etik 4ra, 10:00etatik 14:00etara; hilaren 5ean eta 6an, 09:00etatik 17:00etara; eta hilaren 7tik 14ra, 7:45etik 17:00etara. Akreditaturiko kazetarientzako arreta telefonoz ere emanen da 948 066 191 zenbakian (eta 192, 193 eta 194 bukaera dutenetan) eta NPB@sanferminprensa.com posta elektronikoko helbidean.