2019ko uztailaren 1a

Foruzaingoko 300 agente egunero arduratuko dira Iruñean eta Iruñerrian bide-arloko eta herritarren segurtasuna zaintzeaz San Fermin jaietan

Beaumont kontseilariak jaien aurreko Segurtasun Batzordean parte hartu du Gobernu Zentraleko ordezkariarekin eta Iruñeko alkatearekin batera
Ezkerra eskuin: Beaumont, Arasti eta Maya.
Ezkerra eskuin: Beaumont, Arasti eta Maya.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Foruzaingoko 300 agente arituko dira egunero herritarren segurtasuna zaintzen San Fermin jaietan; modu horretan, jaietako egun guztietan eta txanda guztietan lan egingo dute 2.700 zerbitzu eskaintzeko, Nafarroan lan egiten duten gainerako poliziekin batera.

Horrela adierazi du gaur goizean Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako jarduneko lehendakari Mª José Beaumontek 2019ko Sanferminen aurreko Segurtasun Batzordearen ondoren eskainitako prentsaurrekoan. Prentsaurrekoa Nafarroako Gobernu Zentralaren Delegazioan egin da, Jose Luis Arasti jarduneko delegatuak zuzenduta, eta bertan izan da, baita ere, Iruñeko alkatea, Enrique Maya. Beaumontez gain, Foru Exekutiboaren aldetik Barneko zuzendari nagusia, Agustin Gastaminza, eta Foruzaingoaren burua, Torcuato Muñoz, ere han izan dira.

Kontseilariak adierazi du Foruzaingoa arduratuko dela herritarren segurtasuna zaintzeaz hiriburuaren erdigunean, jaietako ekitaldi nagusietan; halaber, bideetan segurtasun-gerrikoaren erabilera zainduko du, hiriburuan nahiz sare nagusiko errepideetan; era berean, zezenketa-jaietan Agintaritza Delegatuaren lanak burutuko ditu; eta, azkenik, delituak ikertzeaz eta egileak atxilotzeaz arduratuko da, arreta berezia eskainiaz zorro-lapurrei eta liskarrak edo borrokak eragiten dituztenei.

Delituen prebentzioa

Delituen biktima ez izate aldera, Foruzaingoak zenbait gomendio egin ditu lapurretak edo ebasketak saihesteko jende asko pilatzen den lekuetan edo programaturiko ikuskizunetan. Foruzaingoaren web orrialdean nahiz twitterreko kontuan zabaldu ditu.

Horrez gain, patruilatze-lanak burutuko ditu erdigunean 9 jai-egunetako 24 ordutan, zaintza indartu eta ofizioz nahiz herritarrek egindako eskaeren aurrean esku hartzeko.

Bestalde, Salaketetarako eta Herritarren Arretarako Foruzaingoaren Bulegoa (Gaztelu plazan kokatua, Nafarroako Jauregiaren arkupeetan) indartu egingo da jaietan, eta etengabeko zerbitzua eskainiko du eguneko 24 ordutan. Salaketak jasotzeaz gain, Bulegoak Iruñeko Udalarekin batera lan egingo du galdutako objektuak jasotzeko.

Bide-segurtasuneko jarduerei dagokienean, Foruzaingoak alkoholaren eta drogen prebentziorako kontrolak egingo ditu hiriko irteeretan.

Zezenketak

Era berean, Foruzaingoa arduratuko da zezenketa-jaiak behar bezala garatzeaz eta ordena mantentzeaz, kalean nahiz zezen-plazan eta inguruetan.

Entzierroari dagokionean, Zezen Ikuskizunei buruzko Araudia eta Entzierroaren Ordenantza jarraitzeaz eta betetzeaz eta ordena bermatzeaz arduratuko da Iruñeko Udaltzaingoarekin elkarlanean.

Mugikorretarako My 112 aplikazioa

Hitzaldian, Beaumontek mugikorretarako “My 112” aplikazioa ere aipatu nahi izan du; hots, pasa den astean Nafarroako Gobernuak abian jarritakoa. Hain zuzen ere, pertsona batek, edozein larrialdi-egoeran, mugikorrean instalatutako aplikazio horretatik 112 Sos Nafarroara deitzen badu, pertsona hori zehatz-mehatz non kokatzen den jakin ahal izango da, eta, horrela, larrialdiko zerbitzu publikoak ahalik eta eraginkortasun handienarekin mugitu ahal izango dira. Gainera, App-a doakoa da, eta geolokalizazioa (kokapena mapan) bezalako aparteko funtzioak ditu, zenbait egoeratan hori hil ala bizikoa izan baitaiteke.

Halaber, kontseilariak adierazi du horren erabilpena hedatuz gero, “azkartasun eta arrakasta handiagoa lortu ahal izango dela 112 Sos Nafarroa larrialdiak koordinazio-zentrotik bideratzen den arreta integralean, Nafarroako segurtasun eta larrialdietako baliabide publiko guztiak mobilizatzen baititu (poliziak, suhiltzaileak, osasun-taldeak, Ingurumeneko basozainak, helikopteroak, anbulantziak,…) nahiz Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan diharduten bestelako baliabideak (DYA, Gurutze Gorria, psikologoak, salbamenduko txakurrak, babes zibileko taldeak, e.a.)”.

Ildo horretan, kontseilariak herritar guztiak animatzen ditu mugikorrean aplikazio hau deskargatzera. Aplikazioa doakoa da eta eguneko 24 ordutan erabilgarria. Beaumontek azpimarratu du “aplikazio hau ezartzea urrats oso garrantzitsua dela larrialdiak artatzeko Europa osoan erabiltzen den 112 telefono bakarraren bidez eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea hobetzeko”, eta gogoratu du Nafarroaren kasuan urtean milioi 1 dei baino gehiago kudeatzen direla.

Sanferminei dagokienez, kontseilariak adierazi du aplikazio hau “oso gomendagarria dela San Fermin jaietarako, horren bitartez larrialdiko laguntza eska baitaiteke arlo hauetan: herritarren segurtasuna, su itzalketa eta salbamendua, osasun-larrialdiak, babes zibila edo bestelako laguntza-egoerak. Egoera horiek batzuetan gertatu ohi dira jai hauetan, Iruñean biltzen den jendetza dela-eta”.

Beaumontek aplikazioak eskaintzen dituen abantailak zehaztu ditu. Lehenik eta behin, pertsonek 112 larrialdiko zenbakira deitzean, artatzen dituzten operadoreek pantailan ikus ahal izango dute haien kokapena, eta beharrezko laguntza azkarrago bidali ahal izango dute, koordenatuak eta helbidea (kalea, zk.) ere agertzen baitira, hiri-inguruan egonez gero.

Bigarren, 112 Larrialdi Zerbitzurako balio handiko beste funtzio bat du; hau da, app-a duten eta Babes Zibileko agintariek adierazitako alerta-zonan aurkitzen diren telefono guztietara abisuak egiteko aukera.

Azkenik, aplikazioak gertaeraren inguruko argazki bat bidaltzeko aukera eskainiko du 112 Larrialdietako Zerbitzuak horrela eskatuz gero.