2019ko ekainaren 21a

Gaixotasun onkologikoak dituztenei zein beraien familiei arreta psikologikoa emateko 90.000 euro bideratu ditu Osasun Departamentuak

Espainiako Kantzerraren Aurkako Elkartearen Nafarroako batzarrarekin lankidetza hitzarmena sinatu du 2019rako
Ezkerretik eskuinera, Francisco Arasanz eta Luis Gabilondo hitzarmenaren 
sinaduran.
Ezkerretik eskuinera, Francisco Arasanz eta Luis Gabilondo hitzarmenaren sinaduran.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Osasun Departamentuak 90.184 euroko diru-laguntza emanen du gaixotasun onkologikoak dituztenei zein beraiei familiei arreta psikologikoa eskaintzeko. Arreta Espainiako Kantzerraren Aurkako Elkarteko Nafarroako ordezkaritzak emanen du 2019an.

Horretarako, Osasun arloko zuzendari nagusi Luis Gabilondok eta AECCren Nafarroako lehendakari Francisco Arasanzek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, elkarteak laguntza hori zuzen-zuzenean jaso ahal dezan. Akordioan zehaztutakoaren arabera, AECC, 1992az geroztik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin lankidetzan jardun ohi duen irabazi-asmorik gabeko entitatea da eta laguntza psikosoziala eman ohi die pazienteei, osasun zerbitzuek emadako laguntzaren osagarri gisa.

Gogoratu behar da minbiziaren prebentzioa eta arreta 2014-2020ko Osasun Planean bildutako lehentasunezko ildoetako bat dela. Horren harira, eritasun honi aurre egiteko laguntza psikosozialeko programa bat garatzeko beharra aurreikusi da, eta honen barnean, laguntza gaixoen elkarteekin koordinatuta indartzea da giltzarrizko ekintzetako bat.

Hitzarmenean jaso denez, arazo onkologikoak dituzten pazienteentzako laguntzak, tratamenduan nahiz tratamenduaren ondoren, bizi-kalitatea hobetu, egoera berrirako egokitze-prozesua erraztu eta eritasunari loturiko ahultasun psikologikoa arintzen du, gaixoturiko pertsonarengan zein senitartekoengan.

AECCren Onkologiako Arreta Psikologikorako Programa

Diruz lagunduko diren jarduerak dira minbizia diagnostikatua duten pertsonentzako eta hauen senitartekoentzako laguntza, baldin eta Foru Komunitatean bizi, ospitalizatuta egon edo Osasunbidea-NOZeko medikuntza zerbitzuen tratamendua hartzen ari badira (“Onkologiako Arreta Psikologikorako Programa”).

Laguntza emateko, AECCek nahikoa kualifikazioa duten profesionalak kontratatuko ditu, elkartearen lokaletan nahiz O-NOZaren menpeko ospitaletan, osasun-zentroetan eta zainketa aringarrien unitateetan lan egin dezaten. Medikuek AECCren profesionalen jarduna gidatuko dute Onkologiako pazienteei eman beharreko arretari dagokionez eta modu koordinatuan lan egingo dute.

AECC Nafarroan

2018aren bukaeran, AECCren Nafarroako taldea 11 profesionalek (4 psikologo, 3 gizarte-langile, harrera-etxebizitzen mantentze-lanez arduratzen den pertsona 1, 2 administrari eta koordinatzaile 1); 400 boluntariok eta 6.492 bazkidek osatzen zuten.

AECCek egoitzak ditu Iruñean, Tuteran eta Lizarran eta Nafarroako beste 35 herritan finkatuta dago boluntarioen eta laguntzaileen sare zabalari esker.

2018an, banakako zein taldekako arreta psikologikoa eman zien 1.190 paziente onkologikori eta hauen senitartekoei, eta zerbitzu osagarrien garapena bultzatu zuen 224 pertsonaren parte-hartzeaz, ongizatea sustatzeko jarduerak, aisialdikoak zein erien eta senitarteen intereseko gaiei buruzko tailerrak antolatu zituelarik. Halaber, 283 pertsona profitatu ziren arreta sozialeko zerbitzuaz, eta boluntarioek laguntza eman zieten 367 pertsonari. Gainera, epealdi horretan, 189 pertsona artatu zituen tratamendu anbulatorioa duten pazienteentzako zein joan-etorrian dabiltzan senitartekoentzako aldi bateko harrera-etxebizitzetan, ospitale eremutik gertu.

Horrez gain, elkarteak osasunaz hezteko eta minbizia prebenitzeko programak bultzatu eta kalitateko ikerketa onkologikoa finantzatzen du.