2019ko ekainaren 18a

1.500 ikasle eta irakaslek baino gehiagok parte hartu dute berrikuntza arloko CRISS proiektu europarrean

Foru Komunitateko 14 ikastetxek gaitasun digitalak landu dituzte beste autonomia-erkidego batzuetako eta Europako beste herrialde batzuetako ikasleekin batera

Foru Komunitateko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 1.419 ikaslek eta 254 irakaslek parte hartu dute gaitasun digitala ebaluatu eta akreditatzea xede duen CRISS proiektu europarrean. Nafarroako 14 ikastetxeekin batera parte hartu dute ekimen honetan Andaluzia, Asturias, Katalunia, Valentziar Komunitatea, 

Euskadi, Extremadura, Galizia, Balear Uharteak, Madril eta Murtzia autonomia erkidegoetako ikastetxeek eta Alemania, Kroazia, Frantzia, Grezia, Italia, Erresuma Batua eta Suediako ikasleek.

Europako eskola guztietan gaitasun digitala garatzen, ebaluatzen eta ziurtatzen laguntzea da CRISS (Evaluation and Certification of digital competences in primary and secondary schools) proiektu europarraren helburua. Ekimen hau garatzeko, CRISS partzuergoa sortu da, Nafarroako Gobernuarekin batera beste 15 erakunde partaide dituena; hala nola, Universitat Oberta de Catalunya (UOC), Documenta Creaciones Multimedia Avanzadas SL (MyDocumenta), Andaluziako Juntaren menpeko telekomunikazioen garapenerako Andaluziako Elkartea (Sandetel), Escola Pia de Catalunya eta Europako hainbat erakunde. Guztira, Europako 545 eskolak, 42.636 ikaslek eta 2.389 irakaslek parte hartu dute.

Europako Batzordeak gaitasun digitala edozein gaztek derrigorrezko hezkuntza amaitu baino lehen garatu beharreko giltzarrizko zortzi gaitasunen artean kokatu zuen 2013an, lan-merkatura bazterketa-arriskurik gabe sartzeko aukera izan dezan. Egun, hezkuntza erakunde gehienek erreferentziazko metodologia berritzaile eta integratzailea behar dute ikasleen gaitasun digitala ebaluatu eta akreditatzeko irizpideak eta adierazleak lortzeko.

CRISS proiektua Hezkuntza Departamentuan koordinatzen duen Elena Osések adierazi duenez, “alfabetizazio digitala giltzarrizko zeharkako gaitasuna da lan-merkatuari dagokionez. IKTetarako sarbidetik eta erabileratik harantzagokoa da eta pertsonek teknologien inguruan dituzten trebetasunei eta jarrerei lotuta dago”. Haren hitzetan, “funtsezkoa da eskoletan prestakuntza egokia ematea digitalki gai izan daitezen, ez bakarrik tresna edo aplikazioak erabiltzeko, baita informazioa tratatzeko (bilatu, kontrastatu eta hautatzeko), lan-ingurune pertsonala antolatu eta erabiltzeko, beste batzuekin komunikatu eta lankidetzan jarduteko, nortasun digitala zaintzeko eta gizabidez jokatzeko, besteak beste ".

Estatuan 4.872.336 euroko aurrekontua duen 3 urteko ekimen honek IKT tresnak dituen eportfolio batean oinarritutako plataforma diseinatu du Mydocumentarekin batera, ikasleen gaitasun digitala ebaluatu ahal izateko. Bertan, ikasleek eta irakasleek iazko urte bukaeraz geroztik egindako bilakaera islatzeko ikasketa-agertoki egoera desberdinak jaso dira. Ikasleak Internet bidez sartzen dira eta ikasgelan nahiz etxean lantzen dituzte gaitasun digitalak, curriculumeko zenbait ikasgairen bitartez: geografia, historia, informatika, matematika, artea edota gizarte-zientziak. Horretarako, irakasleek hainbat ikasketa-agertokiren artean hautatzeko aukera dute, ikasmaterialekin ikasgelan zein kanpoan egindako jarduerak barne hartuz.

Programatutako jarduerak gainditzen dituzten ikasleek CRISS partzuergoaren gaitasun digitalaren ziurtagiria jasotzen dute. Agiriak, ikasleak unibertsitatera igarotzeko nahiz lan-merkatuari aurre egiteko beharrezko trebetasunak dituela aitortzen du.

Metodologia

Plataformarako sarbidea Interneten bitartez egiten da eta bertako informazioa une oro eguneratuta dago hodeiarekin duen etengabeko konexioari esker. Haren egiturak laginak ikasketaren ebidentziatzat jaso eta aurkezteko aukera ematen du eta ikasle eta irakasleen arteko etengabeko elkarrizketa errazten du, baita jarraipena, ebaluazioa eta ziurtapena ere. Gainera, inguruneak ikasketa-agertoki malguak eskaintzen ditu, ikasleen motibazioa eta ikasketaren emaitzak hobetzea xede duten jardueren bidez. Azpiegitura honek ikasketa ikasleen nahiz ikastetxeen beharretara egokitzeko aukera ematen du.

Proba pilotuekin bertatik bertara egiaztatu ahal izan da, ikasketaren ohiko baldintzetan, sistemak emandako erantzuna, eta estrategiak finkatu dira teknologia hau edozein ikastetxetan aplikatzeko eta zeharkako beste edozein gaitasunen garapen, ebaluazio eta egiaztapenerako erabili ahal izateko. Plataforma edozein erakunderen neurrira egokitzea da asmoa, azpiegitura teknologikoarekiko bateragarritasuna ere bermatuz.

Europako entitateak

Estatuko bost erakundeekin batera, partzuergoak Europako entitate hauek ere ditu bazkide: EXUS Software LTD (Erresuma Batua), proiektuaren buru bezala, Education4sight GmbH (Alemania), Diginext SARL (Frantzia), University of Zagreb, Faculty of organization and informatics (Kroazia), Hälsinglands utbildningsförbund (Suedia), Regional Directorate of Primary and Secondary Education of Crete (Grezia), Hrvatska Akademska i Istrazivacka Mreza CARNET (Kroazia), Fondazione Hallgarten-Franchetti Centro Studi Villa Montesca (Italia), Arad County School Inspectorate eta UCL Knowledge Lab – University College London (Erresuma Batua).