2019ko ekainaren 17a

Ayerdi lehendakariordearen esanetan, ikusentzunezko sektorea “lehentasunezkoa eta estrategikoa” da Nafarroarentzat

Bertako zein nazioarteko profesionalak biltzen dituen Conecta Fiction ekimenaren 3. edizioa inauguratu du
El vicepresidente Manu Ayerdi pronuncia el discurso inaugural.
El vicepresidente Manu Ayerdi pronuncia el discurso inaugural.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Jarduneko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik ikusentzunezko industriak Nafarroarendako duen garrantzia nabarmendu eta "lehentasunezko" sektoretzat jo du inbertsioen ikuspegitik, izan ere, "sormen industriek eta industria digitalek" Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategian (S3) zehaztutako garapen ekonomikorako sei esparru estrategikoetako bat osatzen dute.

Ayerdi lehendakariordeak Conecta Fiction nazioarteko ekimenaren 3. edizioa inauguratu du gaur arratsaldean. Networkinga, telebistako fikzioaren koprodukzioa eta Europa, Latinoamerika eta Ipar Amerikaren arteko talentuen trukea sustatzea da Conecta Fictionen helburua. Ondorengo egunetan, bertan parte hartuko duten 600 exekutibo eta sortzaile inguruk harremanetan jardungo dute telebista-proiektuak finantzatu eta ekoizteko, ideiak ikasi eta trukatzeko eta epe luzeko aliantzak finkatzeko.

Clavna Nafarroako Ikusentzunezko Klusterrak bultzaturiko ekimen honek Nafarroako Gobernuaren babesa du, SODENAren (Sociedad de Desarrollo de Navarra) eta NICDO (Navarra de Infraestructuras de Cultura, Deporte y Ocio) bitartez. Fundación SGAE Fundazioak ere parte hartu du.

Ekitaldian izan dira, Ayerdi lehendakariordearekin batera, Conecta Fictioneko zuzendari nagusi Géraldine Gonard eta SGAE Fundazioko Ikusentzunezkoen arloko zuzendari instituzional Silvia Pérez de Pablos, baita ekimenean parte hartuko duten ekoiztetxeen ordezkariak ere.

Sormen industrien eta industria digitalen sektoreak 2.370 enpresa eta 6.350 langile ditu eta Foru Komunitateko BEGaren % 4,4 eta enpleguaren % 2,5 eragiten ditu. Horien artean, ehun bat enpresa ikusentzunezko, telebista eta irratigintzaren sektoreari atxikita daude eta 350 lanpostu dituzte gaur egun.

Manu Ayerdiren agerraldia

Ayerdi lehendakariordeak, jendaurreko agerraldiaren hasieran, ekitaldiaren garrantzia nabarmendu du, izan ere, haren iritziz, "aparteko aukera ematen digu gure Komunitatea bistaratzeko eta ikusentzunezko sektoreari egindako ekarpena nahiz hemen dagoen talentu guztia ezagutzera emateko".

Ildo horretan adierazi du, gero eta ohikoagoak diren filmaketek, aberastasun nahiz enpleguaren sorkuntza bultzatzen duen jarduera ekonomiko "garrantzitsua" sustatzeaz gain, "garrantzi handia dute lurraldea, ondarea eta tradizioak aldarrikatu eta ezagutzera emateko. Eta pantailen bitartez, Nafarroaren irudia milaka areto eta etxetara iristen da".

Sektoreak duen garrantziaren harira, lehendakariordeak gogoratu du Nafarroako Gobernuak horrexen aldeko apustu sendoa egin duela, bai pizgarri fiskalen bitartez, baita ekitaldi eta jaialdiei emandako babesaren ildotik; hala nola, Lo que viene, Pamplona negra, Punto de vista, Merkatua… eta abuztuaren 29tik 31ra lehendabiziko edizioa eginen duen Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia. ​​​​​​​