2019ko maiatzaren 30a

Kulturak arte eszenikoen eta musikalen produkziorako laguntzak eman dizkie Nafarroako 13 enpresari eta profesionalei

230.000 euro jasoko dituzte Artem Pro 2019 deialditik

Nafarroako hamahiru enpresa eta profesionalek lortu dituzte Kulturako Zuzendaritza Nagusiak arte eszenikoen eta musikalen produkziorako ematen dituen laguntzak (Artem Pro 2019). Deialdia, 230.000 eurokoa, eskaintza artistiko kalitatezkoa, anitza, berritzailea eta herritar guztientzat interesgarria dena bultzatzeko da.

Laguntzen onuradunak honako enpresa eta profesional hauek izan dira: Producciones Maestras, 25.000 euro, “¡Estás en Babia!” proiektua gauzatzeko; TDiferencia, S.Coop., 23.996 €, “Perdiendo el juicio” proiektua gauzatzeko; Pasadas las 4, 22.070,49 €, “Route 66” proiektua gauzatzeko; Javier Napal Alfaro, 24.986,50 €, “Kimera” proiektua gauzatzeko; Acrónica Producciones, S.L., 23.415,00 €, “Lloviendo ranas” proiektua gauzatzeko; Trokolo Teatro, 16.698,42 €, “”El cuento del carpintero” proiektua gauzatzeko; Suakai Música, S.L., 17.355,14 €, “On the rocks” proiektua gauzatzeko; David Lainez Aguirre, 20.710,31 €, “La casa más pequeña” proiektua gauzatzeko; Iñigo Aguerri Escobés eta Ismael Yagüe García, Mielotxin, 2.152,00 €, “Mielotxin Band” proiektua gauzatzeko; David Almazán Prieto, 4.150,97 €, “La máquina y yo” proiektua gauzatzeko; Atikus: 10.178,77 €, “Maia, una chica del montón” proiektua gauzatzeko; Raúl Madinabeitia Management y Producción, S.L., 14.000,00 €, “Iru“ proiektua gauzatzeko; eta Laura Laiglesia Lizarazu, 18.753 €, “Aita” proiektua gauzatzeko.

Gai eta publiko ezberdinak

ARTEM PRO 2019 deialdian diru-laguntza lortu duten produkzioak arte eszeniko eta musikaletako diziplina ugarikoak dira. Esate baterako, Suakai, Miel Otxin Banda eta Raúl Madinabeitia Management-ek proposatutako ikuskizunetan musika horien oinarria da.

Suakairen kasuan, “On the Rocks” proiektuarekin, ikuskizun dotorea eta intimoa proposatu dute, Iruñeko hiriaren irudietan oinarritutako kontzertua, eguneroko espazioei dimentsio berri bat ematearren.

Miel Otxin folk taldeak bere ohiko errepertorioa banda-musikara egokituko du, tokiko musika-taldeek beren programetan folk musika sartzeko aukera izan dezaten ikuspegi ezberdin batetik.

Bestalde, Raúl Madinabeitia “Iru” proiektuarekin hiru kulturen Erdi Aroko Nafarroan geratzen da, eta ikuskizunean ikus-entzunezkoak garrantzi handia hartuko du musikaren laguntza bezala; Pasadas las 4 taldearen “Route 66”, berriz, haurrei zuzendutako ikuskizunean musika sartzen duen proiektua da, instrumentuen konposizio oso orijinala eta erakargarria eginaz.

Haurrentzako edo familientzako hainbat produkzio daude. Producciones Maestras-ek, esate baterako, “¡Estás en Babia!” aurkezten du, atseginagoak iruditzen zaizkigun lekuetara ihes egiteagatik errealitateak zapaltzen duenean sortzen den irudimenari eta nahiari egindako kantua; Trokolo Teatro Iban Barrenetxearen (Elgoibar, 1973) “El cuento del carpintero” liburu sarituan oinarritu da, Kiriko Liburua 2011 Saria eta Haur eta Gazteen Literaturako 2012 Euskadi Sariak, eszenatokira argitalpenaren estetika eramateko; David Laínezek gerra dela-eta ihes egindako haurren drama jorratzen du “La casa más pequeña” izeneko obrarekin, eta dagoeneko sariak jaso ditu FETEN 209 azokan izandako estreinaldian; eta Atikus maskaren lanean oinarritzen da nerabezaroaren zailtasunez hitz egiteko “Maia, una chica del montón” proiektuan.

Helduentzako arte eszenikoen arloan, proposamenetan arazo eta kezka sozialak nagusi dira. Modu horretan, TDiferenciak, “Perdiendo el juicio” lanarekin, 2016ko Sanferminetan neska gazte bati sexu-abusua egiteagatik zigortuak izandako bost gizonen kasua kontatu nahi du; Acrónica Producciones, S.L. enpresak gaixotasun mentala duten pertsonekin egingo du lan “Lloviendo ranas” proiektuan; eta Laura Laiglesia Lizarazuk, “Aita” lanean, erdibideko adinean aurkitzen diren pertsonek beren guraso zaharrak eta ahulak zaintzean bizi duten egoera landuko du.

Azkenik, zirkoko arteak ere aurkitzen dira diruz lagundutako proiektuen artean; esate baterako, Javier Napal Alfaroren “Kimera” proiektuan elementu eszeniko berezia eraiki behar da, eta David Almazán Prietok ere lortu du laguntza “La máquina y yo” proiektua gauzatzeko, bertan asmatzaile burugabe batek laguntzeko ia batere prest ez dagoen makina bati aurre egin beharko diolarik.