2019ko maiatzaren 30a

Baluarte Fundazioak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak emakumeari protagonismo berezia emanen dion 2019/2020 denboraldia aurkeztu dute

Herrera kontseilariak aurkezturiko programa hamalau orkestra kontzertuk eta musika, lirika eta dantzako beste horrenbeste ikuskizunek osatzen dute

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (NOS) eta Baluarte Fundazioak ondoz ondoko hirugarren urtez elkarrekin gauzatuko duten 2019/2020 denboraldia aurkeztu dute gaur goizean, eta Kultura, Kirol eta Gazteriako jarduneko kontseilari Ana Herrerak nabarmendu duenez, kultura eta ondare propioak sustatzea du helburu, Foru Komunitateko sorkuntza berriari eta artistei laguntzeaz gain.

Hamalau orkestra kontzertuk eta musika, lirika eta dantzako beste horrenbeste ikuskizunek osaturiko programazioa 2019ko irailean hasi eta 2020ko ekainera bitartean luzatuko da, eta horri atxikita garatuko dira, halaber, Baluarte Ganbera eta Baluarte Txiki deritzen zikloak. Ziklo sinfonikoan nahiz Fundazioaren ikuskizunetan, protagonismo berezia izanen dute emakume interpretatzailek eta sortzaileak.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren “Koloreak” izenburuko ziklo berriaren helburua “gure orkestra handiagoa eginen duen soinu-mundu berri bat” sortzea da, taldearen zuzendari titular eta artistiko Manuel Hernández-Silvaren esanetan. Horretarako, musika frantziarraz, espainiarraz eta latinoamerikarraz baliatzen da, NOSek hiru urtetan programatu dituen Beethovenen sinfonia guztien interpretazioa osatzeaz gain.

Ondarea berreskuratzeko ahaleginari dagokionez, Lorenzo Ondarraren Te Deum obraren eta Emiliana de Zubeldiaren Piano eta orkestrarako 2. Kontzertuaren programazioa nabarmendu behar da. Bizitza gehiena Mexikon egin eta bertan hil zen emakume konpositore honen presentziak eta NOSen lan-eskari berri bat jaso duen Teresa Catalán egungo konpositore nafarraren parte-hartzeak ageri-agerian utzi dute emakumeak 2019/2020 denboraldian izanen duen protagonismoa. Horri gehitu behar zaie Alondra de la Parra zuzendariak Orkestra Sinfonikoarekin egingo duen debuteko lana eta ikasturte berri honetan Raquel Andueza sopranoak izanen duen egoitzako artista-lana.

Sei programa zuzenduko dituen Manuel Hernández-Silva titularrarekin batera, beste zortzi zuzendarik –aipatutako Alondra de la Parra barne– eta hainbat solistak NOSen jarduerari eutsiko diote, izan ere, abonuko denboraldiaz gain, La Caixaren Mesias Partehartzailea, Urte Berriko Kontzertua, jarduera pedagogikoa, Nafarroako Ganbera Operarekiko lankidetza eta Iruñetik kanpoko bederatzi herritan antolatuko diren hamazazpi kontzertu ere programatuko ditu. Ohiturari jarraiki, Iruñeko Orfeoia izanen da NOSen abesbatza laguntzailea denboraldi honetan.

Baluarte Fundazioaren programazioa

Fundazioaren denboraldiari dagokionez, formatu handiko opera, lirika, dantza eta antzerki musikala izanen dira ikusgai Baluarteko agertoki nagusian, dantza klasiko eta garaikidearen parte-hartze handiarekin. Programatutako ikuskizunetako bitan –On Kixote eta Elektra– NOSek zuzenean jardungo du Baluarteko pezoian, eta gauza bera gertatuko da Ainhoa Arteta sopranoaren gala lirikoan eta Operaren Lagunen Gaiarre Elkartearen lankidetzaz antolatutako Belliniren Norma operan.

Gehiago irakurri

Elektra eta Norma gisako indar handiko emakumezko pertsonaien protagonismoari eta azken urteotan baritonoak eta tenoreak protagonista izan dituen galan Ainhoa Artetak jarduteari dagokion garrantzia aitortzeko xedez, aparteko zenbait emakume sortzaileren lanak ere programatu dira. Ildo honetan, Blanca Li dantzari eta koreografoaren konpainiak Solstice taularatuko du, eta Patricia Guerrerorenak Gugurumbé deritzon ikuskizuna. Raquel Anduezaren egoitzako lana eta Mitsuko Uchida nazioarteko emakumezko pianistarik handienetakoaren jarduna dira programazioari atxikitako emakumezko artisten zerrendako beste izen garrantzitsu batzuk, eta horrekin batera, West Side Story gisako tituluak eta musika barroko eta sinfonikoaren nazioarteko aukeraketa paregabea eskainiko ditu.

Baluarte Ganberaren edizio berriak ahotsaren inguruko lau ikuskizun izanen ditu ardatz 2020ko otsailetik ekainera bitartean, izan ere, ziklo honetan ere parte hartuko duen Raquel Anduezaren doinuei eta Ainhoa Zubillaga, Miren Urbieta-Vega eta Maite Arruabarrena kantari lirikoen jardunei, Carmelo Gómez antzezle handiaren A vueltas con Lorca ikuskizuna gehituko zaie.

Baluarte Txiki zikloaren kasuan, Iñaki Fortun buru duen Fueradeleje nafar dantza taldearen presentzia nabarmendu behar da, baita Ana Hernández-Sanchiz artista nafarrarena ere, El circo de don Nicanor ikuskizunarekin. Baluarte Txiki zikloak sei ikuskizun eskainiko ditu azarotik apirilera bitartean, eta horietako bik gaztelaniazko zein euskarazko bertsioa izanen dute.

NOSen eta Baluarte Fundazioaren denboraldi berrirako sarreren salmenta abonu osoak eta partzialak berrituz hasiko da, eta jarraian abonu berriak eginen dira. On Kixote balletaren eta Norma operaren bigarren funtziorako sarrerak astelehenean paratuko dira salgai, ekainak 3, West Side Story antzezlan musikalaren zenbait funtziotarako sarrerekin batera.

Bere horretan mantendu dira Gazte Ticket eta Gazte Txartelaren eskaintzak, % 20ko deskontu orokorrekin ziklo osoan eta % 70erainoko deskontuekin funtzio bakoitzaren azken hiru egunetan.