Barkos Lehendakaria buru izan da Hartutako Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkarteari (ADACEN), 25. urteurrena dela-eta egindako harrera ekitaldian

Pertsona kaltetuei arreta osoa emateko egiten duen ahalegina eta gizartea desgaitasunaren aurrean sentsibilizatzeko lana nabarmendu ditu
2019ko maiatzaren 8a
Erakundeetako ordezkariak ADACENeko kideekin.
camera_alt Erakundeetako ordezkariak ADACENeko kideekin.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Lehendakariak, Uxue Barkosek, gaur eguerdian, harrera egin die Hartutako Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkartea (ADACEN) osatzen dutenei, eta kaltetuei arreta osoa emateko egiten duen lana nabarmendu du.

Ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronuen Jauregian izan da, elkartearen 25. urtemugaren testuinguruan. Bertan izan dira, halaber, Eskubide Sozialetako lehendakariordea, Miguel Laparra, eta ADACENeko lehendakaria, José Luis Herrera Zubeldia.

Lehendakariaren hitzaldia

Hitzaldian zehar, Lehendakariak, Nafarroako erakundeen izenean, Elkartea zoriondu du urte hauetan guztietan garatutako lanarengatik, eta aipamen berezia egin die familiei eta elkartearekin esku hartzen duten boluntarioei. “Zuen ahalegina eta inplikazioa –jarraitu du- ezbairik gabe, motore nagusiak izan dira hartutako kalte zerebrala duten pertsonei arreta osoa emateko zerbitzua errealitate egiteko. Bat-bateko egoera horrek batzuetan gogor baldintzatzen du familia, hezkuntza, lan eta gizarte ingurunea”.

Ildo horretan, baita ere nabarmendu du elkarteak, pixkanaka-pixkanaka, baliabide berriak eta laguntza-programak sartu dituela, pertsona horien premia espezifikoetarako.

Era berean, Lehendakariak aipatu duen beste lorpen bat gizartea kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko lana izan da, desgaitasuna (gaixotasunez edo istripuz hartua) duten pertsona horiek artatzeak dakarren errealitatearen aurrean. ADACENeko kideak arreta integraleko sistema sendotzera animatu ditu, zerbitzu publikoekin elkarlanean, “pertsona eta haren ingurune sozial eta familiarra gune bezala hartuta”.

Bestalde, ADACENeko lehendakariak, José Luis Herrerak, elkartearen hasiera gogora ekarri du, eta nabarmendu du gaur egun abangoardian aurkitzen dela errehabilitazio tratamenduetan eta bizi-kalitatea hobetzeko programetan.

“Baina, -azpimarratu du- teknologia ez dela elkartearen gauzarik garrantzitsuena, hori erabiltzeko arrazoia baizik: gure senitartekoekiko sentitzen dugun maitasun izugarria. Duela 25 urte, haien alde borrokatu gabe etxean utzi bagenitu izango zuten bizimodua baino bizimodu hobea emateko dugun gogoa. Horrek bultzatu behar gaitu eguneroko lanean pertsona horien alde lanean jarraitzeko. Horretarako, beti izan den bezala, Nafarroako Gobernuaren laguntza izatea espero dugu, haren laguntzarik gabe aurrean aipaturiko gertaerak lortzea ez baitzen posible izango”.

Mila bazkide

Elkartea 1994. urtean sortu zuten hartutako kalte zerebrala zela-eta, arrastoak zituzten pertsonen senitartekoek, baliabideak eta laguntzak biltze aldera, ospitaleko etaparen ondoren errehabilitazioarekin jarraitzeko, arreta integral, espezifiko eta pertsonalizatuaren bitartez. Gaur egun, 1.000 bazkide inguru ditu, berrogei langile baino gehiago eta dozenaka boluntario.

Egunean 150 bat pertsona artatzen ditu, anbulatorioko errehabilitazio baliabideetan, eta eguneko zentroan eta Mutiloko egoitzan. Azken bi zerbitzu horietan, 3.000 pertsonari eman zaie laguntza 2003an sortu zenetik.

Erakundea aitzindaria da kaltetutako pertsonen errehabilitazioa laguntzeko terapiak eta teknologiak ezartzen, eta enplegurako prestakuntza-zentroa ere badu profesionalen eta boluntarioen prebentzio eta prestakuntza planekin.

Hasi zenetik, ADACENek laguntza, informazioa eta orientazioa eskaintzen die familiei, eguneroko bizimodua normalizatu ahal izateko jarraibideak eta baliabideak emateko; era berean, prebentzio-lanak egiten ditu, bide-segurtasuneko eta iktusaren prebentzioko kanpainen eta abarren bitartez.