Naturaz mugatuak diren Nafarroako 2.000 ustiategi Landa Garapeneko 4,8 milioi euroko diru-laguntzen onuradunak

Landa Garapen Programak, EB eta Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta, mendigunean ekoizteak nekazaritza sektoreari eragiten dion gainkosteari aurre egitea du xede
2019ko apirilaren 16a

Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa Departamentuak naturaz mugatuak, mendialdeko zein berezko beste muga batzuk dituzten 2.081 ustiategiei 2018ko kanpainari dagozkion diru-laguntzen ordainketa osoa egin zien pasaden astean. Ordainketarako guztira 4.879.386 euro bideratu dira, kopuruaren %60a Europako landa garapenerako funtsekin (FEADER) diruz-lagundu da, eta %40a Nafarroako Gobernuak ordaindu du.

Laguntza hauen helburua, eremu horietan egoteak dakartzan ekoizpenaren arloko gainkostuei eta diru-sarreren galerei aurre egitea da. Egindako guztizko ordainketa horretatik, 3.185.189 € mendialdeetako eta goi-mendialdeetako eremuei dagozkie eta beste 1.629.925 € "eremu behartsuak" deritzenei. Horrez gain, 64.271 euroko ordainketa egin zaie “trantsizio eremuak” deritzonetan kokaturiko ustiategiei.

Laguntzak 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapenerako Programaren (LGP) 13. neurriarekin lotuta daude. Gogoratu behar da programa hau 2016an aldatu zela laguntza horietarako zenbatekoa % 50 ere gehitzeko, besteak beste. Aldaketa horren ondoren, Foru Komunitateko lurraldearen % 85 kategoria horietako batean sailkatuta dago.

Guztira, 231 udalerritan barreiatutako 855.000 hektareak baino gehiagok dute laguntza horietako bat jasotzeko eskubidea, eremu horietako ustiategien lehiakortasuna eta bideragarritasuna hobetuz eta landa-eremuetako biztanleriari eutsiz.

Naturaren babesleak

Europar Batasuneko erregelamenduak xedatu duenez, konpentsazio horrek honetarako balio behar die nekazariei: nekazaritza-lurrak erabiltzen jarraitzeko, naturagunea kontserbatzeko, eta kaltetutako eremuetan nekazaritza jasangarrirako sistemak mantentzeko eta sustatzeko, lurrak abandona ez daitezen eta biodibertsitatea gal ez dadin. Haien lanak itxura ematen die eta kontserbatu egiten ditu landa-paisaia eta nekazaritzaren eta basogintzaren mende dauden ekosistemak, eta erabilera-ezak eragin dezakeen narriaduratik babesten ditu.

Laguntzak jasotzeko, ustiategiek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte. Mendialdean kokatuta daudenen kasuan, 1.000 metrotik gorako altueran egon behar dute (haziera-aldi laburra eragiten duten baldintza klimatiko kaltegarriak ezarriz); malda gogorretan (% 20tik gorakoak, mekanizazioa eragotziz eta garestituz) edota bi faktoreak uztartuz (600 metroko gutxienekio altuera eta % 15eko gutxieneko malda).

Mendialdeez kanpoko eremu desfaboratuetan laguntzak eskuratu ahal izateko, lurrek ekoizpen eskasekoak izan behar dute, nekazaritza-jardueren emaitzek batezbestekoaren arras azpitik egon behar dute eta eremuek nagusiki nekazaritza-jarduerari loturiko populazio-dentsitate txikia izan behar dute.

231 udalerri

Goi-mendialdeko eremuan sartu dira Pirinioetako haranak (Aezkoa, Salazar, Erronkari Nabaskoze, Erro, Auritz, Luzaide), Baztan-Bidasoa eta Aralar (Leitza, Araitz…). Laguntza-modulua 106,55 eurokoa da hektarea bakoitzeko.

Mendialdeetan (Esteribar, Ultzama, Basaburua, Larraun, Longida, Leoz, Kodes eta abarretako 74 udalerri), konpentsazioa 76,79 eurokoa da hektarea bakoitzeko.

Azkenik, Erdi Aldeko eta Lizarrerriko 88 udalerri muga natural esanguratsuak dituzten eremuetan daude, aurreko mugaketan baino 32 gehiago. Mugaketa berri hau 2018an jarri zen indarrean.

Gainera, 64.271 euroko ordainketa egin zaie, aurreko sailkapenetik kanpo dauden “trantsizio eremuak” deritzonetan kokaturiko bederatzi udalerritako ustiategiei.