Nafarroako Osasun Zerbitzuak-Osasunbideak Estatuko 8.443 mutualista errezeta elektronikoaren sisteman sartzea aurreikusi du

Osasun Departamentuak berriki ekintza protokoloa sinatu du MUFACE, ISFAS eta MUGEJUrekin
2019ko apirilaren 16a

Osasun Departamentuak eta Estatuko Funtzionario Zibilen Mutalitateak, MUFACEK, ekintza protokolo bat sinatu dute Nafarroako Osasun Zerbitzuan-Osasunbidean (NOZ-O) osasun arreta jasotzen duten mutualitateko funtzionario zibilen kolektiboa Errezeta Elektronikoaren Informazio Sisteman txertatu dadin. Nafarroa lehendabiziko erkidegoa da pasaden azaroan Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluan hartutako konpromisoa betetzen.

Halaber, protokoloa sinatu du Indar Armatuen Institutu Sozialarekin (ISFAS) eta Mutualitate Judizial Orokorrarekin (MUGEJU). Funtzionariek hiru kolektibo hauek NOZ-Ori atxitako 8.443 pertsona biltzen dituzte, guztira; horietarik, 7.549 pertsona MUFACEkoak dira (gehienak, Hezkuntza Departamentukoak), 535 ISFASekoak eta 359 MUGEJUkoak.

Akordioan, beharrezko koordinazio lan guztiak abian jartzea adostu da, aipaturiko funtzionariek eta horien onuradunek prestazio honetarako sarbidea izan dezaten, osasun-arreta hobetuz, pazienteen historia farmakoterapeutikoari buruzko informazioaren kalitatea areagotuz eta sendagaien erabilpenaren segurtasuna bermatuz.

Horrekin batera, prestazio farmazeutikorako sarbidea izateko tramiteak sinplifikatu eta osasun-zentroetako profesionalen gaineko karga administratiboa arinduko da. Orain arte, mutualistek errezeten talonario eraman behar zuten medikuek agindutako farmakoak horietan idazteko, eta ondoren, hori guztia eskuz idatzi behar zen pazienteen historia klinikoan.

Protokoloa Osasun kontseilari Fernando Domínguezek, MUFACEko zuzendari nagusi Antonio Sánchezek, ISFASeko idazkari nagusi José Ramón Plazak eta MUGEJUko kudeatzaile Concepción Sáezek sinatu dute, eta autonomia-erkidego batek mutualismo administratiboko hiru erakundeekin izenpeturiko lehendabiziko akordioa da, Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde-arteko Kontseiluan azaroaren 15ean lortutako akordioaren harira.

Orduko bileran, autonomia-erkidego guztiak Ceuta eta Melillarekin batera kide dituen Lurralde-arteko Kontseiluak osasun-arreta dagokien autonomia-erkidegoko sistema publikoaren bitartez eta errezeta elektronikoari atxikita jaso nahi duten MUFACE, ISFAS eta MUGEJUko mutualisten integrazioa onartu zuen.