Argi berdea eman diote sindikatuekin 2018ko urriaren 4an adostutako pertsonalari buruzko neurriak onartu zituen 1/2018 Foru Lege Dekretuari

Beaumont kontseilariak eta Batet ministroak balizko inkonstituzionaltasunari buruzko auzia konpontzeko Akodioa sinatu dute
2019ko apirilaren 9a
 Beaumont kontseilaria eta Funtzio Publikoko zuzendari orokorra, akordioa 
izenpetu duten sindikatuen ordezkariekin.
camera_alt  Beaumont kontseilaria eta Funtzio Publikoko zuzendari orokorra, akordioa izenpetu duten sindikatuen ordezkariekin.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Lehendaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari María José Beaumontek eta Lurralde-Politika eta Funtzio Publikoko ministro Meritxell Batetek Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzarraren Akordioa sinatu dute, Foru Komunitateko Administrazioaren eta honen erakunde autonomoen zerbitzuko pertsonalarendako kontseilariak eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek 2018ko urriaren 4an sinaturiko Akordioaren araberako neurriak onartu zituen 1/2018 Foru Lege Dekretuaren inguruko ikamikari bukaera emateko.

Kontseilaria pozik agertu da, Funtzio Publikoko zuzendari orokor Amaia Goñi eta akordioa izenpetu duten hiru sindikatuen ordezkariekin batera, Isabel Artieda (LAB), Jesús Elizalde (UGT) eta Cecilio Aterpe (CCOO),   iaz urriaren 4 Akordioaren arabera harturiko neurriei buruzko desadostasunak konpondu izanagatik.

Hainbat lan bilera eta mahai orokorren ondoren, iazko uztailaren 3az geroztik, elkarri proposamenak bidaltzeari ekin zioten Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek, eta horien ondorioz, urriaren 4an, 2018tik 2020ra bitartean funts gehigarriak banatzeko Akordioa mamitu zen, zenbait kolektibori dagozkien gehikuntzak bilduz.

Adostutakoa aplikatzen hasteko, Gobernuak Foru Lege Dekretua onartu zuen urriaren 24an eta Nafarroako Parlamentuak aho batez balioztatu zuen azaroaren 8an. Urriaren 24ko 1/2018 Foru Lege Dekretuan bildutako neurriek zenbait lanposturen mailak egokitu eta lansariak gehitzea zuten helburu, 2018ko urtarrilaren 1az geroko atzeraeraginaz, eta Nafarroako Gobernuak iazko azaroko nominan aplikatu zuen.

Hala ere, abenduaren 10ean, Estatuko Gobernuko Erregimen Juridiko Autonomiko eta Lokaleko zuzendari nagusiak negoziazioak hasteko gonbidapena bidali zion Nafarroako Gobernuari, Foru Lege Dekretuaren 1., 5. eta 7. artikuluen aurkako balizko inkonstituzionaltasun errekurtsoa saihesteko xedez.

Nafarroako Gobernuak gonbidapena onartu zuen azkartasun osoz, gai honetan duen eskuduntza propioaren barnean jardun izanaren ondorioz akordioa berehala lortu zen esperoan. Bi administrazioen arteko Lankidetza Batzarrak elkarrizketak hastea erabaki zuen abenduaren 17an, 2019ko otsailaren 4an Estatuko eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratu zen bezalaxe (23. NAO).

Beaumont kontseilariak Funtzio Publikoko Estatu Idazkariarekin izandako ondoz ondoko zenbait bileraren ondotik, martxoaren 7an, bidekonferentzia bidezko bilera egin zuten, eta honetan, kontseilariak eta Batet ministroak martxoaren 27an sinaturiko Batzarraren Akordioa mamitu zen. Honen arabera, bi aldeek “konpondutzat jo dituzte 1/2018 Foru Lege Dekretuari buruz azalduriko desadostasunak eta ikamikak”, eta Akordioaren berri eman diote Auzitegi Konstituzionalari, bi aldizkari ofizialetan argitaratzeaz gain.

Akordioak aitortu duenez, Dekretuaren 1. artikuluak kolektibo jakin bati lansari osagarri bat esleitzea aurreikusi du, D mailako administrari laguntzaileek eta C mailako administrariek betezen dituzten funtzioen izaerari erreparatuta.

Errepide zaindariak C mailan sartzeari dagokionez (5. artikulua), bi aldeek bat egin dute aginduaren interpretazioan, funtzio publikoan sartzeko nahiz barne promoziorako berdintasun, meritu eta gaitasunaren printzipioak aintzakotzat hartzea funtsezkoa dela aitortuz.

Azkenik, ados agertu dira 7. artikuluan aurreikusitako E·maila desagertzean D mailaren barneko kategoria bereizia sortzen dela nabarmentzerakoan, izan ere, D mailako lanpostuetarako sarbidea edo promozioa ezinezkoak izanen dira horretarako eskaturiko titulazioa ez dagoen kasuetan.

Foru Lege Dekretu berria

Akordioa gauzatutakoan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanean dihardu 2019rako ezarrita zeuden neurri zehatzak aplikatzeko xedez, 2018ko urriaren 4ko Akordioan sindikatuekin adostutakoaren harira, eta horretarako, Gobernuak Foru Lege Dekretu berria onartu eta Nafarroako Parlamentuko Batzorde Iraunkorrari baliozta dezala eskatu beharko dio, aurtengo urtarrilaren 1az geroko atzeraeraginarekin.