2019ko apirilaren 4a

Nafarroako Gobernuak aintzindiaria den ibilgailu astunen kutsaduraren aurkako sistemen iruzurraren kontrako borroka indartu du

Foruzaingoaren Garraio Taldeko 17 kideek formazio zehatza jaso dute eraldaketak antzematen gaitasun gehiago izateko
 Foruzaingoa kamioiei  kontrola egiten.
camera_alt  Foruzaingoa kamioiei  kontrola egiten.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak ingurumenaren babesaren aldeko bere lana indartu du Foruzaingoak ibilgailu astunek kutsaduraren aurka ezartzen dituzten sistemen iruzurrak lehenago antzemateko. Nafarroa aitzindiaria da Estatuan gai horretan, baita horrekin lotutako isunak ezartzen ere.

Berotegi efektuko gasen isuketa zuzenak, CO2ren kopuru baliokideetan neurtuta, 5,74 milioi tonakoak izan ziren Nafarroan 2017an. Garraioa izan zen kopuru horretarako ekarpenik handiena egin zuen bigarren sektorea, % 20,6koa, eta ondorioz, ibilgailu astunetako gasen tratamendu ondoko sistemen manipulazioa saihestea funtsezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokarako.

Horren harira, Nafarroa aitzindaria izan da arau-hauste horiek ikertzen eta horien aurkako zigorrak ezartzen, eta 12.000 euroko isunak ere jarri ditu airearen kalitatea eta atmosferaren babesari buruzko 34/2017 Legea ez betetzeagatik, baita 200 euroko isunak ere, trafikoa, motordun ibilgailuen zirkulazioa eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartu duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako erregelamenduko baldintza teknikoak ez betetzeagatik.

79 espediente

Lehendabiziko salaketa 2016ko azaroan egin zen, eta harez geroztik, 79 espediente ireki dira. Horietarik 72 hasita daude, eta gehienak % 50eko borondatezko ordainketaz eta erantzunkizunaren aitorpenaz itxi dira. Kasuren batean, alegazioak eta errekurtsoak aurkeztu dira. Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko Epaimahaiak horri buruzko lehendabiziko epaia eman du, 000068/2019 zenbakia duen martxoaren 7koa, errekurtsoa baztertu eta Foruzaingoaren ekintza zein Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak tramitaturiko espedientea berresten dituena.

Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak ere Foru Komunitateko Administrazioak abiarazitako prozedura balioztatu zuen iaz, eta beste autonomia-erkidego batzuendako eredu bihurtu da.

Euro 4 araua indarrean sartu zenetik, Europako araudiak gas kutsatzaileen isurketak murriztera behartzen du 2005az geroztik, bereziki nitrogeno oxidoak (NOx). 2014. urtetik aurrera, Euro 6 araua indarrean sartu zelarik, oxidazio katalitiko selektiboaren (SCR) bidezko kutsaduraren aurkako sistemen erabilera finkatu da gas isurketak murrizteko. Katalizagailu horietan dagoen AdBlue izeneko ur eta ureazko osagaiari esker, NOx gasa ur-lurrun eta hidrogeno bihurtzen da ibilgailuetako ihes-hodietara iristen denean, kutsadura % 95 ere murrizten duelarik.

Sistema honen mantentze-lanek duten kostu handiaren aitzakiaz, zenbait garraiolarik (% 15 inguruk, azkenaldiko azterlanen arabera) AdBlue sistema deuseztatzen dute interneten 60 euroko prezioan eros daitekeen gailu baten bidez.

Diagnosirako ekipamendua

2018ko ekainean, Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak ibilgailu industrialen diagnosia egiteko ekipamendua erosi zuen, eta horrek ihes-gasen tratamendu ondoko sistemetan izandako manipulazioak antzematen laguntzen dio Foruzaingoari, ibilgailuen zentral elektronikoetara sartuz.

Ekipamendu hori erosi arte, manipulazio horien detekzioa zenbait zantzuren arabera egiten zen, ia-ia artisau erara, baina zantzu horiek aisago lortzen ahal ziren ibilgailu modelo jakin batzuetan beste batzuetan baino.

Denboraren poderioz, horrelako manipulazioak hobetuz joan dira egunez egun, horien detekzioa saihesteko. Aipaturiko tresnak zentral elektronikoetan metaturiko akatsei buruzko informazioa eskaintzen du, eta ondorioz, sistema horietako matxurek zein manipulazioek eragindako akatsak eta hutsegiteak ezagutzeko aukera ematen du. Halaber, gasen tratamendu ondoko sistemaren egoera denbora errealean ezagutzea ahalbidetzen du.

Ibilgailuen sistema horiek manipulatu direla ondorioztatzeko arrazoibidezko zantzuak bildu ondoren, ibilgailuak tailer ofizial batera bidaltzen dira azterketa zehatza egiteko. Manipulazioa egiaztatzen bada, jabeak ibilgailua konpondu behar du zirkulatzen jarraitu ahal izateko, tailerreko faktura ordainduz, eta 12.000 euroko isuna jartzen zaio.

Foruzaingoko Garraio Taldeko 17 kideek ‘Kutsaduraren aurkako sistemetako eta takografoetako akatsak antzematea’ izenburuko ikastaroan parte hartu dute atzo eta gaur Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolan.

Ikasleek zentral elektronikoetako datuak interpretatzeko duten gaitasuna areagotzea izan da ikastaroaren helburua, kutsaduraren aurkako sistemetan, takografoetan eta abiadura-mugagailuetan gertaturiko iruzurrak antzemateko, istripuei buruzko ikerketetarako informazio baliagarria lortzeaz gain. 16 eskola-orduko ikastaro honetan, Foruzaingoko Ibilgailuen Delinkuentzia Taldeko bi agentek eta Ertzaintzako beste bik ere parte hartu dute.