Lehen Mailako Arretak abian jarritako telemonitorizazioaren bidez, gaixoen autozaintza sustatu du

Arreko kontsultorioan funtzionamenduan jarri den erraminta hau, laster erabilgarri egonen da oinarrizko zazpi guneetan eta 2019 urtean zehar, Nafarroako gainontzeko lekuetan
2019ko apirilaren 4a

Osasunbideak Lehen Mailako Arretan telemonitorizazioa abian jarri du, gaixoek beren etxeetan egiten dituzten neurketak (tentsio arteriala, bihotz-maiztasuna edo gluzemia, beste batzuen artean) beren Osasun-karpeta pertsonalean erregistratzeko, beren osasun autokontrolaren parte gisa. Neurketa hauek behin erregistratuta, pazienteen Lehen Mailako Arretako historia klinikora automatikoki gehitzen dira.

Zerbitzua funtzionamenduan dago jada Arreko kontsultategian, Atarrabiako Oinarrizko Zonan, eta, laster, Agoitz, Azpilagaña, Carcastillo, Elizondo, Noain, Uharte eta Salazar eremuetako oinarrizko osasun-zonetan abiaraziko da, proiektu pilotu moduan. Aurreikusten da urtean zehar erkidego osora zabaltzea.

Telemonitorizazioak datuak jasota uzteaz gainera gaixoei eta profesionalei ohar automatikoak bidaltzen dizkie, eta, haren bitartez, osasun arloko langileek gaixoei mezu pertsonalizatuak bidal diezazkiekete. Gaixoaren eta Lehen Mailako Arretako profesionalen artean internet bidezko komunikazio-bide berri bat da, eta Osasunaren Karpeta Pertsonalean, alegia, osasun-sistema publikoan erabilgarri dauden online zerbitzu guztien integraziorako eremu digital seguruan, gauzatzen da.

Tresna baliagarria da, eta lan-arrazoiengatik edo beste arrazoi batzuengatik osasun-zentroetara bertaratzeko zailtasunak dituzten gaixoen komunikazioa erraztuko du.

Partaidetzan eta komunikazioan aurrerapausoa

Nafarroan, arrisku-faktoreak edo gaixotasun kronikoak dituzten askok gaur egun autozainketako plan bat jarraitzen dute beren tratamenduaren barruan: gaixotasuna ezagutzen dute, ohitura osasungarriak mantentzen dituzte, behar bezala elikatzen dira eta ariketa fisikoa egiten dute. Haietako askok gainera tentsio arteriala, bihotz-maiztasuna edo gluzemia kontrolatzen dute, esaterako.

Hemendik aurrera, profesionalek gaixoekin telemonitorizazioaren bidez neurketak erregistratzea adosten badute, neurketa horiek automatikoki haien historia klinikoan sartuta geratuko dira. Telemonitorizazioa, beraz, gaixoaren eta profesionalaren arteko komunikazioan aurrerapen bat izateaz gainera gaixoek beren autozainketan parte hartzeko aukera bat da.

Hiritar guztien eskura

Lehen Mailako Arretako Gerentearen eta Osasun Arloko informazio-sistemen artean garatutako telemonitorizazioak Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutako segurtasuneko baldintzak betetzen ditu. Haren erabilpenerako ez da aparteko ekiporik behar, ordenagailu pertsonala edo telefono mugikorra edukitzearekin nahikoa da.

Osasun-zentro bakoitzeko mediku eta erizain profesionalak izango dira gaixoei informazioa eman eta prozesu pilotuan parte hartzeko proposamena egingo dietenak, eta, onartuz gero, haien gaixotasunaren ohiko jarraipen eta autozainketa planaren barruan zer neurketa egin adostuko dute. Gaixoen Osasun Zentroko Onarpen Zerbitzuak jakinarazpenetarako eta mezuak jasotzeko helbide elektronikoak eta telefonoak erregistratuko ditu, eta Osasunaren Karpeta Pertsonalaren erabiltzailea ez denak han bertan sarbide-eskaera egin beharko du.