Nafarroako Ogasunak 2018ko errenta kanpaina abiatu eta 65,7 milioi itzuli dizkie 145.080 aitortzaileri, zergadunen erdiei baino gehiagori proposamenak egin dizkielarik

Nafarroako Ogasunak 2018ko errenta kanpaina abiatu eta 65,7 milioi itzuli dizkie 145.080 aitortzaileri, zergadunen erdiei baino gehiagori proposamenak egin dizkielarik

Ostegun honetan hasita aitorpenak Interneten bidez aurkezten ahalko dira, eta hilaren 12tik aitzina, bulegoetan eta entitate laguntzaileetan

2019/04/03
2018ko errenta aitorpenaren aurkezpena

Nafarroako Zerga Ogasunak 2018ko ekitaldiari dagokion Errenta eta Ondarearen Kanpaina abiarazi du ostegun honetan, apirilak 4, zergadunen erdiei baino gehiagori dagozkien 198.782 aitorpen-proposamen aurkeztuz eta online aitorpenak irekiz.

Hilaren 12az geroztik, aitorpenak modu presentzialean egiten ahal dira entitate laguntzaileetan eta Ogasunaren bulegoetan, hilaren 10etik aurrera eskatu beharreko aldez aurreko hitzorduaren laguntzaz. Kanpaina ekainaren 24ra arte irekita egonen da, egun hori barne.

Ogasun eta Finantza Politikako kontseilari Mikel Aranburuk aurkeztu du “Zuk egiten duzu posible. Zuri esker” deritzon kanpaina, PFEZ eta Ondarea Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendari Marta Huarterekin batera.

Aranburuk berariaz nabarmendu du Nafarroako Zerga Ogasunak kanpainaren hasierako aitorpen-proposamena zergadun gehiagori aurkezteko egin duen ahalegina. "Ildo horretan, bihar bertan, zergadunen erdiek baino gehiagok aitorpena egina dutela egiaztatzen ahalko dute”, ziurtatu du.

Horrekin batera, iaz lehendabiziko aldiz abian jarri zen Nafarroa Errenta programa azpimarratu du, “arras programa intuitiboa baita aitorpena Interneten eta lau urratsetan egiteko, eta bihar hasita, horretaz baliatzera animatu nahi ditut zergadunak”.

Apirilak 4, 198.782 aitorpen-proposamen zergadunen erdiendako baino gehiagorendako

Kanpaina abiatzeko, Nafarroako Ogasunak landutako 198.782 aitorpen-proposamen jarri ditu 254.527 zergadunen eskura. Iazko kanpainako zergadun kopurua bere horretan mantenduz gero, ia erdiek egina izango lukete aitorpena, eta ez lukete inongo tramiterik egin beharko, proposamenaren emaitzarekin ados egotekotan.

Ogasunak aitorpen-proposamena egina ote duen egiaztatzeko, ostegunean hasita, apirilak 4, www.zuriesker.info webgunea kontsultatzen ahalko da. Aitorpena egina dutenek une horretan bertan deskargatzen ahalko dute. Gainera, apirilaren 9az geroztik, ohiko postaz iritsiko da etxebizitza guztietara.

Apirilaren 11n, “itzultzeko” emaitza duten aitorpenen zenbatekoak ordainduko dira zergadunen kontuetan. Hartara, aurretiaz landutako 198.782 proposamenetatik, % 57k “itzultzeko” emaitza du eta 145.080 zergaduni dagokio. Guztizko zenbatekoa 65,74 milioi eurokoa da.

Aitorpenen % 34k “ordaintzeko” emaitza du, 54,9 milioi euroko zenbatekoa tarteko. Gainerako % 9k “zero” emaitza du.

Emaitzarekin ados dauden pertsonek ez dute bestelako tramiterik egin behar, itzulketa edo kobrantza modu automatikoan eginen baita proposamenean azaldutako kontu korrontean. Adostasunik ez dagoen kasuetan, aski izanen da ordezko aitorpena aurkeztea eskuragarri dauden bideetako edozeinen bitarten, ekainaren 24ra arte, azken egun hau barne.

Aitorpena egin ez dutenek Interneten bidez egiten ahal dute apirilaren 4tik aurrera, eta modu presentzialean apirilaren 12tik aitzina, Ogasunaren nahiz entitate laguntzaileen bulegoetan.

Internet bidezko aitorpenak www.zuriesker.info webgunean egiten ahal dira Nafarroa Errenta aplikazioari esker edo Ogasunak herritarren eskura jarri duen laguntza programaz baliatuta. Aurreko kanpainan, aitorpenen % 18 bitarteko honen bidez aurkeztu zen.

Nafarroako Ogasunak Iruñean, Barañainen, Tafallan, Tuteran eta Lizarran dituen bulegoetan aitorpenak aurkezten ahalko dira apirilaren 12tik aurrera, eta Doneztebeko bulegoan, kanpaina apirilaren 23an abiatuko da.

Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da aldez aurreko hitzordua eskuratzea, Interneten, www.zuriesker.info webgunearen bitartez, edo 948 505 505 eta 948 505 506 telefonoetara deituz.​​​​​​​

Gehiago irakurri

Bestalde, aurtengo kanpainan, 16 entitate laguntzailek Nafarroako Ogasunarekin batera jardungo dute aitorpenak egiten. Hauexek dira: Nafarroako Rural Kutxa; Laboral Kutxa; Caixabank; Banco Bilbao Vizcaya; Grupo Santander; Ibercaja; Caja España; AEHN; ANAPEH; TARGOBANK; INTIA, S.A.; TRADISNA; Kutxabank; UAGN; Harakinen Gremioa eta Arrain-sailtzaileen Gremioa.

Aitorpenak 12az geroztik aurkezten ahalko dira entitate horien bulegoetan, eta aldez aurreko hitzordua lortzeko, entitate bakoitzak ezarritako jarraibideak bete beharko dira.

Aurreko kanpainetan bezalaxe, Ogasunak pixkanaka-pixkanaka ordainduko ditu “itzultzeko” emaitza duten aitorpenen zenbatekoak; gehienak, kanpaina bera bukatu aitzin, baina ordainketak egiteko muga 2019ko abenduaren 24a izanen da. Kobrantzei dagokienez, 2019ko uztailaren 4tik azaroaren 20ra bitartean eginen dira.

% 0,7ko ekarpena

Zergadunek eskubide osoz erabaki dezakete PFEZaren % 0,7ko ekarpena “Eliza Katolikoari”, “Beste helburu sozial batzuei” edo biei egin nahi ote dieten. Aurretiaz landutako proposamenetan, aurreko kanpainak hautaturiko aukera markatu da.

Nolanahi ere, aitorpena lehendabiziko aldiz egiten dutenen kasuan, aukera hori markatu gabe geldituko da, nori eman erabaki arte. Egoera honetan zegoen aurreko kanpainako zergadunen % 18, eta ondorioz, Nafarroako Ogasunak gogoratu du, Interneten bidez (www.graciasati.info) nahiz zergadunari arreta emateko 948 50 51 52 telefonoan, ekarpen hori esleitzen edo proposamenean markaturikoa aldatzen ahal dela, azken hau deuseztatu beharrik gabe.

488.235 zergadun 2017an

Iazko kanpainan 488.235 zergadunek egin zuten aitorpena, eta guztien artean, 9.210 milioi euroko likidazio-oinarria aurkeztu eta 2.250 milioiko ekarpena egin zuten PFEZeko zergetan (kuota osoa).

Sexuen arabera, gizonezkoek (zergadunen % 49,93) likidazio-oinarriaren % 61 aurkeztu eta kuota osoaren % 63ko ekarpena egin zuten, eta emakumezkoek (% 49,37) likidazio-oinarriaren % 38 aurkeztu eta kuota osoaren % 36ko ekarpena egin zuten.

Errenta-tarteen arabera, zergadunen % 40,29k 12.000 eurotik beherako likidazio-oinarriak aitortu eta guztizko kuota osoaren % 6,71eko ekarpena egin zuen. Zergadunen % 40,42k, 12.000 eta 30.000 euro bitarteko likidazio-oinarriaren barnean, kuota osoaren % 38,95eko ekarpena egin zuen. Halaber, aitorpena egin zutenen % 16,88k, 30.001 eta 60.000 euro bitarteko oinarriari atxikita, guztizko kuota osoaren % 36,65eko ekarpena egin zuen. Azkenik, pertsonen % 2,4k 60.000 eurotik gorako likidazio-kuotak aitortu zuen, guztizko kuota osoaren % 17,7 estaliz.

Aurreko kanpainan, onura fiskalak kuotaren gaineko kenkarietan metatu ziren, izan ere, 2016az geroztik, norbanakoaren gutxienekoa eta aurrekoei zein ondorengoei dagokiena aplikatzen da. Guztira, 2017an, 1.225 milioi euroko onura fiskalak izan ziren, aurreko kanpainan baino 17,7 milioi euro gehiago.

2018ko Ondare Zerga

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin batera, apirilaren 4tik ekainaren 24ra bitartean, biak barne, Ondarearen Kanpaina ere irekita egonen da. Zerga honi buruzko aitorpena egin behar dute milioi bat eurotik gorako ondasunak dituzten zergadunek. Salbuetsita dagoen gutxieneko kopurua 550.000 eurokoa da, eta gogoratu behar da ohiko etxebizitzaren lehendabiziko 250.000 euroak ere salbuetsita daudela.

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012 eta 012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere