Langabezia 146 pertsonatan jaitsi da martxoan eta duela urtebete baino 2.217 langabe gutxiago daude

Langabezia 146 pertsonatan jaitsi da martxoan eta duela urtebete baino 2.217 langabe gutxiago daude

Gizarte Segurantzan, aurreko hilabetean baino 1.390 afiliazio gehiago eta 2018an baino 9.845 afiliazio gehiago daude

2019/04/02
Patxi Tuñón, martxoko langabeziari buruzko datuen aurkezpenean

Martxoaren bukaeran 33.693 langabe erregistratuta zeuden Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NL-NEZ) agentzietan.

Langabezia zein kontratazio eta enplegu sorkuntzari buruzko martxoko datuen balorazioa arras positiboa izan da, zalantza izpirik gabe. Alde batetik, langabezia 146 pertsonatan murriztu da hilabete batetik bestera, eta duela urtebete baino 2.217 langabe gutziago daude, % 6,17ko jaitsiera tarteko.

Bestetik, enpleguaren sorkuntzari dagokionez, afiliazioak % 0,64 egin du gora hiletik hilera, 1.792 afiliazio berri lortuz, eta urtetik urtera igoera % 3,01ekoa izan da, 8.281 afiliazio berrirekin.

Azkenik, kontratu kopuruan % 10,5eko igoera gertatu da hiletik hilera, baina urtetik urterako kopurua bere horretan mantendu da, % 0,7ko jaitsiera arinarekin.

Horren kariaz, litekeena da langabeziaren jaitsiera uda igaro arte mantentzea, eta hortik aurrera, intentsitate desberdinetako gorabeherak gertatzea, urtaroen araberako joeren ondorioz.

Langabeziari dagokionez, hiletik hilerako jaitsiera aurreko urteetako martxoan gertatutakoa baino txikiagoa izan arren, langabeziaren beheranzko joerari itzuli izanak balantze positiboa eskaintzen du azken hamabi hilabeteetako datu metatuari buruz.

Halaber, gogoan hartu behar da Nafarroako langabezia-mailarik handiena 2013ko otsailean gertatu zela, 56.524 langaberekin. Geroztik, langabezia % 40,4 murriztu da, eta horren ondorioz, 22.831 langabe gutxiago daude erregistratuta.

Bestalde, Estatuan langabeziaren jaitsiera % 1,03koa izan da hiletik hilera eta % 4,89koa urtetik urtera. Hortaz, hiletik hilera jaitsiera motelagoa den arren, urtetik urterako beherakada handiagoa izan da Nafarroan.

Langabeak babesteko Estatuko sistemaren estaldura-mailari dagokionez, aurkeztutako azken datuek argi utzi dute Estatuko sistemak mugapen nabariak dituela oraindik ere. Hartara, azken datu erabilgarriaren arabera, otsailean, langabeziagatiko estaldura-tasa % 52,9koa izan da Nafarroan, urtarrilekoa baino 0,8 puntu txikiagoa. Ildo horretan, azken lau hilebetotako goranzko joera eten da. Hala ere, duela urtebetekoa baino lau puntu handiagoa izan da.

Estaldura-maila hori kontuan harturik, langabeen erdiek baino gehiagok ez dute sistema horretan estaldurarik, % 51,5ek, hain zuzen ere. Hortaz, langabe guztiak kontuan harturik, Nafarroan estaldurarik ez duten 17.414 langabe daude. Horregatik da hain garrantzitsua Errenta Bermatua gisako babesteko tresna propioak izatea.

Estatuan, estaldura-tasa % 61ekoa izan da; hots, Nafarroako langabeak babesteko tasa baino 8,1 puntu handiagoa, nahiz eta urtebeteko epean Estatuko tasaren igoera zertxobait txikiagoa (2,8 puntukoa) izan den.

Gehiago irakurri

Gizarte Segurantzako afiliazioa eta kontratazioa

Aurreratu denez, langabeziaren jaitsierari eta kontratazioaren igoerari afiliazioaren gorakada gehitu behar zaie. Hortaz, enplegua sortzen hasi da berriz ere.

Datuei erreparatuta, martxoan Nafarroan 283.544 pertsona afiliatuta zeuden Gizarte Segurantzan, aurreko hilean baino 1.792 gehiago eta duela urtebete baino 8.281 gehiago. Ehunekoetan, gorakada horiek % 0,64ko igoera suposatzen dute hiletik hilera eta % 3,01ekoa urterik urtera. Afiliazioaren bolumen hau 2018ko martxokoa bezalakoxea da.

Nabarmendu behar da martxoan izandako hiletik hilerako hazkunde hau 2007az geroztik gertaturiko handiena izan dela. Orduko hartan, hazkundea % 0,65ekoa izan zen. Horren harira, kopuru absolutuetan ere, egungo hazkundea ordukoa baino zertxobait handiagoa izan da.

Estatuarekin alderatuta, afiliazioaren igoera handiagoa izan da urtetik urterako kopuruetan, baina zertxobait txikiagoa hiletik hilerako kopuruetan. Horrela, Estatuan, hiletik hilerako igoera % 0,82koa izan da eta urterik urterakoa % 2,93koa. Puntu honetan berariaz nabarmendu behar da langabezia-tasaren aldea 4,5 puntukoa dela.

Bestetik argi utzi behar da, gure inguruko autonomia-erkidegoekin (Euskadi, Aragoi eta Errioxa) alderatuta, afiliazioaren igoera positiboagoa izan dela kopuru erlatiboetan. Adierazi denez, afiliazioaren urtetik urterako gorakada % 3,01ekoa izan da Nafarroan. Aldiz, Euskadin, igoera % 1,78koa izan da, % 2,42koa Aragoin eta % 2,24koa Errioxan.

Hiletik hilerako kopuruetan ere, enpleguaren hazkundea handiagoa izan da Foru Komunitatean Euskadin (% 0,47) eta Errioxan (% 0,31) baino, eta Aragoikoa (% 0,71) baino zertxobait txikiagoa.

Kontuan izan behar da afiliazio-kotarik txikiena 2014ko urtarrilean gertatu zela, 243.505 afiliaziorekin. Beraz, martxoko azken datua kontuan hartzen badugu, 40.039 afiliazio gehiago egon dira, %16,4ko igoera tarteko.

Kontratazioari buruzko kopuruetan, adierazi den bezalaxe, martxoko datuak positiboak izan dira erregistratutako kontratuetan gertatu den hiletik hilerako gorakadaren ondorioz. Hartara, 2019ko martxoan, lantokia Foru Komunitatean duten 29.527 kontratu erregistratu dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Honek esan nahi du aurreko hilabetean baino 2.806 kontratu gehiago daudela, hiletik hilerako % 10,5eko igoera tarteko. Bestalde, urtetik urterako kopuruetan, kontratazioari buruzko datuak zertxobait txikiagoak dira, 223 kontratu gutxiagokoa, % 0,7ko beherakada tarteko. Nolanahi ere, urteko lehen hiruhilekoko datu metatuen arabera, kontratuetan % 3ko igoera gertatu da 2018ko epealdi beraren aldean, orduan lortutako kontratazio kopuru historikoa gaindituz.

Kontratu-motari dagokionez, urteko lehen hiruhilekoan sinaturiko kontratuen % 7 mugagabeak izan dira eta % 93 aldi batekoak. Kopuru metatuetan (urteko lehen hiruhilekoan) kontratazio mugagabea kontratazio osoaren % 7,4 izan da.

Horren harira, malgutasun handiagoko eredu baten barnean, kontratazio mota baldintzatzen duten alderdietako bat astebete edo gutxiagoko aldi bateko kontratazioaren pisua da. Horrela, martxoan erregistratutako guztizko kontratu kopuruan, % 39,5 iraupen hori duten aldi bateko kontratuak izan dira. Urtea hasi zenetik (lehen hiruhilekoan) portzentajea % 39,4koa izan da, 2018ko epealdi berekoa baino zertxobait txikiagoa (% 40,8).

Langabeziaren datuen banakapena

Enplegu agentzien arabera, hiletik hilera, langabeziak behera egin du agentzia guztietan, Tuterakoan izan ezik, bertan % 2,7ko igoera izan baitu. Kopuru absolutuetan, 163 langabe gehiago erregistratuak ditu. Hau arras ohikoa da hilabete honetan, nekazaritza sektoreko langabezian gertatu ohi den gorakadaren ondorioz, eta sektore honek pisu handia du Agentzia honi atxikitako eremuan.

Bestalde, hauexek izan dira hiletik hilerako jaitsierak: Doneztebe (-% 4), Lodosa (-% 3,7), Altsasu (-% 2,5), Lizarra (-% 1,3), Iruñeko agentziak (-% 0,8), Agoitz (-% 0,7) eta Tafalla (-% 0,2).

Urtetik urterako aldakuntzari dagokionez, langabezia intentsitate desberdinetan murriztu da agentzia guztietan, Tafallakoan izan ezik, bertan % 0,3ko igoera arina izan baitu, eta Agoizko agentzian izan ezik, langabeziaren urtetik urterako gorakada % 2,2koa izan baita hemen (16 langabe gehiago).

Bestetik, urtetik urtera, hauexek izan dira jaitsierak: Iruñeko agentzietan langabeziak % 8 egin du behera, % 7,3 Altsasun, % 5,9 Lodosan, % 5.5 Tuteran, % 3,7 Donezteben eta % 1 Lizarran.

Langabeziaren ezaugarriak kontuan harturik, sexuaren arabera, 20.063 langabe emakumezkoak ziren, aurreko hilabeteko kopuruari eutsiz (bat gutxiago, alegia) eta 13.630 langabe gizonezkoak, hiletik hilera % 1,1eko jaitsiera izan dutelarik (145 gizonezko langabe gutxiago). Beraz, hiletik hilera, gizonezkoak izan dira langabeziaren jaitsieraren protagonista ia bakarrak.

Bestalde, urtetik urterako aldakuntza genero ikuspegitik aztertuz gero, langabeziaren banaketa orekatuago batera itzuli dela egiaztatzen ahal da. Gizonezko langabeen kopuruaren urtetik urterako jaitsiera % 9,7koa izan da eta emakumezkoena txikiagoa, % 3,6koa). Ondorioz, egun, emakume langabeen kopurua langabezia osoarekin alderatuta % 59,5ekoa da; 2009aren bukaeran, % 49koa izatera iritsi zen.

Adin-taldeei erreparatuta, hiletik hilera langabeziak behera egin du 25 eta 54 urte bitarteko pertsonen artean; zehazkiago esanda, % 1,4 behera 25 eta 34 urte bitartekoen artean (93 langabe gutxiago adin-tarte horretan), % 1 behera 35 eta 44 urte bitarteko taldean (80 gutxiago) eta zertxobai behera 45 eta 54 urte bitartekoen artean (4 langabe gutxiago). Hortaz, langabeziaren hiletik hilerako gorakada muturretan bildu da: % 0,3 gora 25 urtetik beherakoen artean (9 langabe gehiago hilabetean) eta % 0,3 gora 54 urtetik gorakoen taldean (kasu honetan, 22 langabe gehiago).

Honela, 25 urtetik behera 3.111 langabe daude (kopuru osoaren % 9,2), langabe guztien % 18,8k 25 eta 34 urte bitarteko adina dute (6.344 pertsona), % 24k 35 eta 44 urte bitartean (8.098) eta % 24,1ek 45 eta 54 urte bitartean (8.120 pertsona). Azkenik, 55 urte edo gehiago dituzten langabeen pisua % 23,8koa da (8.020 pertsona). Datu hauek ageri-agerian utzi dute kontuan hartu beharreko alderdi bat: Nafarroko langabeen ia laurden batek 54 urte baino gehiago ditu.

Urtetik urtera izandako aldakuntzari dagokionez, gazte langabeen kopurua % 5,6 jaitsi da; 25 eta 34 urte bitartekoen artean, beherakada % 5,9koa izan da, eta 35 eta 44 urte bitarteko langabeen artean % 9,2koa. Bestetik, 45 eta 54 urte bitarteko langabeen kopuruak % 6,5 egin du behera urtetik urtera, eta 55 urtetik gorakoena % 3 jaitsi da.

Ikasketa-mailaren arabera, hamar langabetatik zazpik Bigarren Hezkuntzako lehen etapatik gorako formakuntzarik gabe jarraitzen dute; hots, langabe guztien % 70,9 (23.885 pertsona). Bestalde, unibertsitateko prestakuntza duten pertsonen langabezia % 9,3koa da (3.144 pertsona). Unibertsitateko ikasketak dituzten langabeei dagokienez, adierazgarria da hamarretatik zazpik emakumeak izaten jarraitzen dutela nabarmendu behar da (% 71,6). Azkenik, langabeen % 6,3k (2.133 pertsona) Lanbide Heziketako goi-mailako graduko ikasketak ditu

Bestalde, nazionalitatearen arabera, martxoko langabeen % 19,9k atzerriko nazionalitatea du; 6.711 pertsona, guztira. Hiletik hilerako nahiz urtetik urterako aldakuntzei dagokienez, atzerriko biztanleen langabezia % 2,2 gehitu da otsailetik hona eta espainiar nazionalitatea duten pertsonen langabezia % 1,1 murriztu da hilabeteko epean. Urtetik urterako datuei erreparatuta, atzerriko biztanleriaren langabezia % 5,5 jaitsi da, eta espainiako nazionalitatea dutenenak % 6,4 egin du behera.

Iraupen luzeko langabeziari dagokionez, hots, langabezian etengabe urtebete edo gehiago daramaten pertsonei erreparatuta, 12.159 dira, guztira, guztizko langabeziaren % 36,1. Alderdi positibo gisa, urtetik urterako jaitsiera langabezia osoan izandakoa baino handiagoa izan dela nabarmendu behar da, % 10,1ekoa lehenengoa eta % 6,2koa bestea. Hala ere, hiletik hilerako kopuruetan, % 0,1eko igoera arina gertatu da iraupen luzeko langabezian (iraupen luzeko 11 langabe gehiago), langabezia osoan izandako % 0,4ko jaitsieraren aldean.

Azkenik, sektore ekonomikoen arabera, hiletik hilerako jaitsiera sektore guztietan gertatu da, lehen sektorean izan ezik, % 7,5eko igoera izan baitu (148 plangabe gehiago sektore honetan). Argi utzi behar da hau ohiko kontua dela, izan ere, 2009az geroztik, langabeziak gora egin ohi du urteko hirugarren hilabetean.

Bestetik, modu positiboan nabarmendu behar da industria sektorean hiletik hilera izandako % 2,6ko jaitsiera (120 langabe gutxiago hiletik hilera), eta eraikuntzan beherakada % 2,8koa izan da (46 langabe gutxiago). Kopuru absolutuetan, zerbitzu sektorean gertatu da hiletik hilerako jaitsierarik handiena, 227 langabe gutxiagokoa (nahiz eta kopuru erlatiboetan beherakada hori % 1ekoa baizik ez izan). Azkenik, aurretiaz enplegurik ez zuten pertsonen kopurua % 3,5 gehitu da, hiletik hilera 99 langabe gehiago daudelarik.

Urtetik urterako bilakaerari erreparatuta, nabarmentzeko modukoa da langabeziak sektore guztietan izan duen jaitsiera adierazgarria. Hala ere, ehunekoetan, eraikuntzan izandako % 21,7ko beherakada nabarmendu behar da (445 langabe gutxiago). Bestetik, lehen sektorean, langabeziaren urtetik urterako jaitsiera % 6,1ekoa izan da (139 langabe gutxiago). Industrian, langabeziak % 6 behera egin du (292 langabe gutxiago). Zerbitzu sektoreari dagokionez, jaitsiera % 4,7koa izan da, 1.149 langabe gutxiagorekin. Azkenik, aurretiaz enplegurik ez zuten pertsonen artean, langabeziaren urtetik urterako jaitsiera % 7,7koa izan da, 243 langabe gutxiago daudelarik.

Sektorekako jaitsiera hauek arras positiboak dira, duela bi urtez geroztik hautemandako joera berresten duten neurrian, izan ere, ehunekoetan, langabeziaren jaitsiera nabarmentzeko modukoa izan ohi da krisiak gehien kaltetu dituen sektoreetan; hots, industrian eta, batez ere, eraikuntzan.

Aldakuntza hauen harira, Zerbitzu sektoreko langabezia erregistratutako langabezia osoaren % 66,7 da, industria sektoreko langabezia % 13,6, eraikuntzakoa % 4,8 eta lehen sektorekoa % 6,3. Gainerako % 8,6a aurretiaz enplegurik ez zuten pertsonen langabeziari dagokio. Ildo horretan, berariaz nabarmendu behar da, martxoan, industria sektoreko langabeziaren pisua serie osoko (2006-2019) txikiena izan dela. 2009an, % 23koa izan zen, eta % 20,3koa 2006ko martxoan, egungoa baino ia zazpi puntu handiagoa.

Azkenik, langabezia azpisektore ekonomikoen arabera aztertuz gero, argi gelditu da hiletik hilerako langabeziaren jaitsiera aurreko urteetako martxoan langabezia jaitsiarazi ohi duten adar berberek eragin dutela. Beherakada horiek beste adar batzuetan gertatu ohi diren gorakadek mugatu dituzte; lehen sektorekoak, kasu.

Langabeziak hiletik hilera gehien jaitsi den adarren artean, honako hauek nabarmen daitezke:

Ostaturik gabeko gizarte-zerbitzuetako jarduerak (32 langabe gutxiago hiletik hilera), elikagaien industria (29 gutxiago), handizkako merkataritza eta bitartekariak (29 gutxiago), enpleguari lotutako jarduerak (29 gutxiago), osasun jarduerak (29 gutxiago), kirol, aisialdi eta entretenimenduko jarduerak (26 gutxiago), material eta ekipo elektrikoaren fabrikazioa (25 gutxiago), motordun ibilgailuen, atoien eta erdi-atoien fabrikazioa (25 gutxiago) eta eraikinen eraikuntza (25 gutxiago).

Bestalde, langabeziak hiletik hilera gora egin duen jarduera-adarren artean, honako hauek nabarmendu dira: nekazaritza, abeltzaintza eta hauei loturiko zerbitzuak (153 gehiago) eta aurretiazko enplegurik gabeko pertsonen kategoria (99 gehiago hilabetean).

Langabeziaren urtetik urteko aldakuntzari dagokionez, jarduera-adar gehienetan langabeziak behera egin du.

Nolanahi ere, honako hauek nabarmen daitezke: aurretiazko enplegurik gabeko pertsonak (243 gutxiago urtetik urtera), txikizkako merkataritza (230 gutxiago), eraikuntza espezializatuko jarduerak (214 gutxiago), eraikinen eraikuntza (193 gutxiago), Administrazio Publikoa; nahitaezko Gizarte Segurantza (141 gutxiago), elikagaien industria (131 gutxiago), nekazaritza, abeltzaintza eta hauei loturiko zerbitzuak (121 gutxiago), janari eta edarien zerbitzuak (105 gutxiago), handizkako merkataritza eta bitartekariak (86 gutxiago), bestelako jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (83 gutxiago).

Azkenik, urtetik urtera langabeziak gora egin duen jardueren artean, honbako hauek nabarmen daitezke: metalurgia; burdinazko, altzairuzko eta burdin-aleaziozko produktuen fabrikazioa (61 langabe gehiago urtetik urtera), egoitza establezimenduetako laguntza (27 gehiago), ostatu zerbitzuak (25 gehiago) eta osasun jarduerak (23 gehiago).

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012 eta 012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere