Barkos Lehendakariak gaur goizean sinatu du Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen deialdia

Barkos Lehendakariak gaur goizean sinatu du Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen deialdia

Herritarrek maiatzaren 26an emango dute botoa, eta Legegintzako foru-organo berria ekainaren 19ean eratuko da

2019/04/01
La Presidenta Barkos firma la convocatoria de elecciones al Parlamento de Navarra 

Nafarroako Lehendakariak, Uxue Barkosek, gaur goizean sinatu du Foru Parlamenturako hauteskundeen deialdiaren Foru Dekretua eta asteartean argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, indarrean sartuko den egun berean.

Parlamenturako hauteskundeak maiatzaren 26an (igandea) izango dira, beste hiru hauteskunde-hitzordurekin batera: Europako hauteskundeak eta udalerrietakoak, estatu-eskumenekoak; eta kontzeju-hauteskundeak, Exekutiboak martxoaren 27an, asteazkenean, hartutako Akordioaren bitartez deiturikoak.

Nafarroako hauteskunde-kanpaina 15 egunekoa izango da, eta, beraz, maiatzaren 10eko (ostirala) zero orduetan hasi eta maiatzaren 25eko zero orduetan amaituko da. Gainera, deialdiaren Foru Dekretuan, Nafarroako Parlamentu berria, hautetsontzietatik aterako dena, eratzeko eguna ezartzen da; hain zuzen ere, ekainaren 19an (asteazkena), 11:00etan izango da.

Deialdia sinatzeko ekitaldi instituzionala goizeko 9:00etan egin da Nafarroako Jauregiko Areto Berdean, Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren, Ainhoa Aznarezen, eta Foru Exekutiboaren lehendakariordeak diren Manu Ayerdiren (Garapen Ekonomikoa) eta Miguel Laparraren (Eskubide Sozialak) aurrean, Foruaren Hobekuntzak ezarritako hiru foru-erakundeen ordezkari gisa: Foru Komunitateko Parlamentua, Gobernua eta Lehendakaritza.

Barkos: “2019, hauteskunde-urte giltzarria”

Foru-hauteskundeen deialdiaren Foru Dekretua sinatu ondoren, Barkos Lehendakariak hitza hartu du eta 2019ko ekitaldia “funtsezko hauteskunde-urtea dela esan du: Nafarroako herritarrek hilabete baino gutxiagoko denboran hautatuko dituzte erakunde guztietako eta bakoitzeko haien ordezkariak”.

Nafarroako Lehendakari gisa, Barkosek hausnarketa nagusia Foru Parlamenturako hauteskunde-hitzorduaren inguruan egin du: “nire asebetetzea erakutsi nahi nuke amaitzera doan denboraldiari dagokionean, aldaketa instituzional garrantzitsua izan baita. 2015eko hauteskundeek parlamentu-eszenatoki konplexua utzi zuten. Foru Ganberaren barruan parlamentuko ia zazpi talde izateak argi erakusten du gure komunitateko aniztasun politikoa eta ez zatiketa. Dibertsitate hori 1979ko hauteskundeetatik dator, eta hauteskunde-deialdi guztietan zehar gertatu da. Ziur nago datozen maiatzeko hautetsontzietatik sortuko den Nafarroako etorkizuneko Parlamentuak ere gure Komunitateak duen aniztasun hori islatuko duela”.

Gaur sinatutako deialdiaren Foru Dekretua NAOn argitaratuta asteartean amaituko den legegintzaldia baloratu du Uxue Barkosek: “Nire ustez, gainera, bederatzigarren legegintzaldi honek asebetetze-sentsazioa utzi digu, Nafarroako Gobernuak berak nahiz Parlamentuak gogor lan egin baitute gure gizartea mehatxatzen duten arazo nagusien aurka, eta argi eta garbi uste dut akordio esanguratsuak lortu ditugula Nafarroako gizartearen oraina eta etorkizunerako. Zoritxarrez, ezin izan gara iritsi nahi genuen guztira, baina helmuga garrantzitsuak lortu dira, nire ustez”.

Nafarroako Lehendakariak akordio politikoaren bidetik jarraitzearen aldeko apustua egin du, nafarrek maiatzaren 26an beren nahia azaldu ondoren: “Egoera berri bat irekiko da, Nafarroako herritarrek modu subiranoan erabakitakoa, baina eszenatoki horretan, beste behin, ezinbestekoa izango da ahalik eta akordio zabalenetara iristea, Nafarroako gizartearen benetako premiei irteera eman eta etorkizuneko ekimenak eta proiektuak bultzatzeko”.

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012 eta 012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere