Nafarroako Gobernuak esnetarako latxa arrazako ardien sektorea dinamizatzeko plana aurkeztu du

Nafarroako Gobernuak esnetarako latxa arrazako ardien sektorea dinamizatzeko plana aurkeztu du

Plana INTIAk egin du sektoreko agente guztien ekarpenekin

2019/03/14
IIgnacio Gil, INTIAko arduradunekin eta sektoreko ordezkariekin batera.

Landa Garapen, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia den Ignacio Gilek gaur goizean aurkeztu du Iruñean esnetarako Latxa arrazako ardien sektorea dinamizatzeko plana, Nafarroako mendietan ekoizpen-eredu estrategiko hori indartze aldera.

Planak 165.000 euroko aurrekontua du 2019. urterako, eta zailtasuneko bideetan esnea jasotzea bultzatzeko eta belaunaldi-aldaketa errazteko neurriak jasotzen dira bertan, besteak beste. INTIA enpresa publikoak egin du, bi urtetik gorako parte-hartze prozesu luzearen ondoren. Agente sektorial ezberdinen ekarpen ugari ere jaso dira bertan.

Gaur, ondorio nagusienak ezagutzera eman dituzte sektoreko ordezkarien aurrean. Ignacio Gilek adierazi moduan, “sektoreak paper estrategikoa betetzen du lurraldearen egituratzaile gisa, eta oreka eta enplegua sortzen du jarduera ekonomikoa hainbestekoa ez den zonetan. Horrelako ustiapenik gabe, etorkizunerako aukerak mugatuak dira landa-guneetan, batik bat mendi-inguruetan”.

Halaber, aurkezpenean parte hartu dute Agustín Pobladorrek, Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzukoak, Jesús María Lasartek, INIAkoak, eta Maite Lasartek, ASLANAkoak (latxa arrazako ardien hazleen Nafarroako Elkartea).

Lau ardatz estrategiko eta laguntza-neurri

Planean, lau ardatz estrategikotan antolatutako neurri zehatzak sartzen dira: belaunaldi-aldaketa, sektorearentzako zerbitzuak, elikadura-katea eta produktuaren balorizazioa.

Neurri ezberdinen kontrol, segimendu eta irteerarako, batzorde bat sortuko da, eta batzordea honako hauetako ordezkariek osatuko dute: Landa Garapeneko Departamentua, INTIA, ASLANA, Artzai Gazta, nahiz Erronkari eta Idiazabal babestutako jatorri izendapenetakoak eta industria-sektorekoak. Lehen laguntzak udaberrian ateratzea aurreikusten da, bi hilabete barru.

Beste neurri batzuen artean, nabarmentzekoa da industriarako laguntza-ildoa, 50.000 eurokoa, ekoizpen-bolumen txikiko ustiapenetan edo zailtasun geografikoak dituzten ibilbideetan kokatutakoetan esnea jasotzea bultzatzeko. Halaber, planean jasotzen dira gazta egiteko gutxienez norberaren ustiategiko esnearen %50a erabiltzen duen ekoizlearentzako laguntzak (50.000 euro).

Ezkerretik eskuinera, Poblador, Maite Lasarte, Ignacio Gil eta Jesús Mari Lasarte.

Gazteak lan horretan hastea bultzatzeko, sektorera hurbiltzeko bekak proposatzen dira eta ordezkapenen zerbitzua, enplegu-poltsa kualifikatuarekin lotuta. Sustapenari dagokionean, berriz, latxa ardiaren irudiaren inguruan kanpaina diseinatuko da.

Horrez gain, egitura ahulenak babeste aldera, sektorearen mapa bat egingo da, finkatzea falta zaienak detektatu ahal izatearren.

Bestalde, lehen urratsak emango dira mahai sektoriala ezartzeko; hau da, ekoizpen-sektorearen, industriaren eta administrazioaren artean bitartekari lanak egiteko organoa, balio-katean zehar bidezko banaketa bermatzeko asmoarekin.

219 ustiapen

INTIAk emandako kopuruen arabera, Nafarroan latxa arrazako ardien 1.499 ustiapen daude. Horietatik 219 esnea ekoizten aritzen dira, eta guztira 63.844 buru ugaltzaile jezten dira.

2017-2018 kanpainan zehar, Nafarroako ustiapenek 5,1 milioi litro esne ekoiztu zituzten. Esnearen helmugari dagokionean, 138 artalde inskribatuta daude Erronkariko Gaztaren Jatorri Deituran eta 131 Idiazabal Jatorri Deituran.

Esnetarako latxa arrazako ardien ustiapenak Nafarroako iparraldean kokatzen dira, batik bat ipar-mendebaldeko nekazaritza-eskualdean. Baztanen daude jezteko latxa arrazako artalde gehien (63), eta, jarraian, Araitzen (13). Malerrekan eta Sakanan ere artalde-kopuru handia dago. Ameskoetan, Erron eta Luzaiden beste ustiapen batzuk banatzen dira.

Ustiapen gehienen (182) titularra pertsona fisiko bat da, eta horietatik %60 nagusiki nekazariak dira, eta ustiapena lehentasunezko bezala katalogatuta dago.

Azken 10 urtetan, 37 profesional hasi dira esnetarako latxa arrazako ardien sektorean lan egiten, horietako 11 emakumeak. Guztira, 15 pertsona sozietateetan sartu dira, eta lehen instalazioko planetatik 20 gaztandegiarekin izan dira.