Karlismoaren Museoak erakusketa iraunkorraren berritze eta handitze lanak aurkeztuko ditu

Karlismoaren Museoak erakusketa iraunkorraren berritze eta handitze lanak aurkeztuko ditu

Erakusketa iraunkor berria bihartik, urtarrilaren 22tik, aurrera bisitatu ahal izango da museoaren ohiko irekiera-ordutegian

2019/01/21

Karlismoaren Museoak bere erakusketa iraunkor berria aurkeztuko du, Bigarren Errepublikari eta Gerra Zibilari buruzko edukiak eta diskurtsoa berritu ondoren; era berean, orain arteko denboraldia ere, 1939. urtean amaitzen zena, 1979ko hauteskundeetara bitarte luzatu du.

Berritze-lanei esker, Bigarren Errepublikari eta Gerra Zibilari museoan eskainitako eremu zaharra handitu egin da, bi espazio berriren bitartez. Lehena, Bigarren Errepublikari eskainitakoa, lau gairen inguruan eratu da: Komunio Tradizionalista Bigarren Errepublikaren erreformismoaren aurrean, Komunio Tradizionalistaren berrantolaketa politikoa eta militarra, ideologia tradizionalista eta Komunio Tradizionalista eta nekazaritza-gaia. Bigarren espazioa Gerra Zibilari buruzkoa da, eta ondorengo gaiak garatzen dira: indarkeriaren politika 1936ko uztailaz geroztik, karlismoaren parte-hartzea armada nazional matxinatuan eta karlismoaren mendekotasun politikoa gerran zehar.

Espazio berri horietan museografia berritu egin da denbora-ildo zabalarekin, eta, bertan, tokiko, estatuko nahiz nazioarteko gertaera nagusiak adierazten dira. Horrez gain, irudiak eta pieza berriak sartu dira, tartean, Nafarroako Museoak, Gustavo de Maeztu Museoak utzitako koadroak, eta bilduma partikularrak, banderak eta Karlismoaren Museoko, "Julio Caro Baroja" Nafarroako Museo Etnologikoko eta bilduma partikularretako objektu historikoak. Halaber, mapa berriak eta panel grafikoak gehitu dira, Bigarren Errepublikako hauteskundeei eta Nafarroan gertatutako elkarte karlisten eta elkarte katoliko eta nekazaritza-arlokoen sakabanatzeari buruzkoak, eta Nafarroako errepresioaren biktimei eskainitako mapa; azken horretarako, kontuan izan dira Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsak emandako datuak (Nafarroako Unibertsitate Publikoa).

Bestalde, Gerra Zibilaren amaieratik 1979ko hauteskundeetara (diktadura frankistaren denboraldia hartzen duena) bitarteko edukiak hiru eremutan garatu dira, horietako bakoitza gai batzuen inguruan egituratuta. Lehenengoan, Trilemaren piezen bila (1939-1957), hiru espazio daude: “Konbentzituak eta aurka egindakoak”, “Erregegaiak”, eta “Masa karlistak”. Bigarren eremuan, Francorekin edo Francoren aurka (1955-1968) deiturikoan, hiru gai hauek jorratzen dira: “Kolaborazionismoa eta Carlos Hugoren sustapena”, “Argibide ideologikoa eta erresistentziak”, eta “Masa karlisten bila”. Azkenik, hirugarren espazioan, Karlismoa Tradizionalismoaren eta Francoren erregimenarekiko oposizioaren artean (1968-1977), hiru espazio daude: “Javierismotik Carloshuguismora”, “Tradizionalismo karlista trantsizioaren iritsieraren aurrean” eta “Ahultzea eta gatazka”, Montejurrako 1976ko gertaera tragikoak garatzen diren unea.

Erakusketa-muntaketa berria patioaren goiko galerian kokatu da, eta, horretarako, museografia berria diseinatu behar izan da; hau da, galeria zigzag erako panelen bitartez itxi da. Horrela, ondasun kulturalen erakusketa-zonan argi naturalaren eragina arintzeaz gain, museoa bisitatzen duten pertsonek aukera dute jolas optiko bat egiteko horien gainean inprimaturiko irudiekin. Erakusketa-muntaketak denbora-ildoarekin jarraitzen du, eta, Filmoteka Nazionaletik ekarritako irudiak eta ikus-entzunezko materialez gain, pieza artistikoren bat eta Museoaren funtsetatik ekarritako dokumentu mordoak, karlismoari buruzkoak, osatzen dute.

Gehiago irakurri

Parlamentuko agindua

Karlismoaren Museoa berritzeko, Nafarroako Parlamentuak emandako ebazpena jarraitu da, Kultura, Kirola eta Gazteriak Batzordeak 2017an onartuta. Ebazpen horretan, Nafarroako Gobernuari eskatu zioten Karlismoaren Museoko edukiak berrikusteko, eta 9 hilabeteko epea eman zioten erakusketa iraunkorreko edukiak berrikusteko plana aurkezteko, Karlismoak betetako papera zintzo erakustearren edozein aldagaitan, Bigarren Errepublikan zehar, estatu-kolpe frankista eta errepresioa, Gerra Zibila, frankismoa eta trantsizioa, Montejurrako gertaerak barne, 1979ko hauteskunde demokratikoetara bitarte.

Ebazpen horri jarraiki, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak, Museoen Zerbitzuaren bitartez, Emilio Majuelo eta Francisco Javier Caspistegui historialariei (Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleak, hurrenez hurren) agindu zien erakusketa iraunkorreko edukiak berritzeko eta handitzeko lanen gidoia idazteko. Zehazki, Emilio Majuelori agindu zioten Bigarren Errepublikako eta Gerra Zibileko edukiak berrikusteko gidoi berria egitea eta Francisco Javier Caspisteguiri 1979ra bitarte edukiak zabaltzeko gidoia egitea.

Elebitasuna izatea eta argiteria-sistema hobetzea

Edukiak berritzearekin eta handitzearekin batera, erakusketa iraunkorreko panel, titulu eta kartel guztiak bi hizkuntzatan jarri dira (euskara-gaztelera), testuen irakurgarritasun eta irakurketan irisgarritasun unibertsalarekin adostasun handiagoa duten irizpideak onartzearekin batera, lehendik dagoen diseinu museografikoaren berezitasunak mantentzeko lanen barruan. Halaber, elementu interaktiboak, informazio-liburuxkak eta audiogidak bi hizkuntzatan jarriko dira laster, bisita beste hizkuntza batzuetan ere eskaintzeaz gain. Karlismoaren Museoaren gida 2019an zehar argitaratzea aurreikusten da.

Modu berean, erakusketa iraunkor osoaren argiteria-sistema hobetu da, lehengo argien ordez beste argi egokiago eta eraginkorrago batzuk jarriaz eta piezen prebentziozko kontserbazio-irizpideak nahiz bisitariak erakutsitako edukietara sartzeko irisgarritasun-irizpideak errespetatuaz.

Karlismoaren Museoko erakusketa iraunkor berria bihartik, urtarrilaren 22tik, aurrera bisitatu ahal izango da ohiko irekiera-ordutegian; hau da, asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara, eta igande eta jai-egunetan, 11:00etatik 14:00etara. Museoa bisitatzeko sarrera arrunta 2 euro kostatzen da, baina badira sarrera murriztuaren (1 euro) eta doakoaren aukerak ere.