Osasun Departamentuak lehentasuna emanen dio pazientearen sufrimendua arindu eta honen askatasuna errespetatzeari hiltzeko prozesuan

Osasun Departamentuak lehentasuna emanen dio pazientearen sufrimendua arindu eta honen askatasuna errespetatzeari hiltzeko prozesuan

"Heriotza Duineko Behatokia" abiarazi du, Nafarroan dauden hiltzeko moduak eta heriotzaren prozesuari dagozkion pertsonen eskubideetan emandako aurrerapausoak ezagutzeko

2018/03/20
Osasun Departamentuak lehentasuna emanen dio pazientearen sufrimendua arindu eta honen askatasuna errespetatzeari hiltzeko prozesuan
Osasun Departamentuak Heriotza Duineko Behatokia abiarazi du, Nafarroan dauden hiltzeko moduak ezagutu eta heriotzaren prozesuari dagozkion pertsonen eskubideetan eta bermeetan emandako aurrerapausoak neurtzeko asmoz. Eskubide horiek 2011ko lege batean jasota daude, eta horien artekoak ditugu informazioa jasotzeko eskubidea, esku-hartzeari uko egiteko eskubidea, aurretiazko borondateen agiria, minaren tratamendua, zainketa aringarriak, etxea hiltzea hautatzea, sinesmenen araberako laguntza espirituala, edota senide eta zaintzaileei zuzendutako laguntza, besteak beste.

Halaxe adierazi dute gaur goizean prentsaurrekoan Osasun Departamentuko zuzendari nagusi Luis Gabilondok eta Osasun Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendari Lázaro Elizaldek.

Araudian ezarritakoaren arabera, teknologia, bizitza kosta ahala kosta luzatzeko tresnatzat erabili beharrean, hiltzeko prozesuan sufrimendua arintzea lehentasun izanen duten egoera berrien mesedetan erabili behar da, esku-hartze sanitarioa pertsonen askatasunarekiko, sinesmen pertsonal eta espiritualekiko eta autonomoarekiko errespetuaren menpean jarriz, “heriotza duina” deritzona erraztuz.

Hala ere, alderdi hauek ez dira aski aztertu. Hori dela eta, egokitzat jo da “Heriotza Duineko Behatokia” sortzea, esparru honekiko interesa duten sektore profesionalen eta herritarren partaidetzarako organo kolegiatua.

Behatokia

Behatokia Foru Komunitatean hiltzeko prozesua zaintzeko mekanismotzat eratu da, eta besteak beste, honako alderdi hauetaz arduratuko da: derberdintasunezko egoerak eta heriotza duina izatea zailago duten inguru eta talde kalteberak detektatzea eta egoera hori arinduko duten neurriak sartzea.

Era berean, esparru honetako ikerketa garatu eta bultzatu nahi da, gomendioak eta informazio-proposamenak bilduko dituzten aldizkako txostenak landuz, horien emaitzak gizarteari jakinaraziz eta hiltzeko prozesuak pazienteengan, senideengan eta gizarte osoarengan duen inpaktuari buruzko sentsibilizazioa sustatuz.

Horretarako, beharrezkoa da informazio-iturri egokiak bilatzea Nafarroan nola hiltzen den jakiteko, bereziki osasun-zerbitzuetan, pazienten artean eta gertuko ingurunean; bai eta ikerketako adierazleak zehaztu eta osasun arloko informazio-sistemetan sartzea ere, informazio guztia bildu, prozesatu eta era egokian aztertzeko, aldizkako txostenak eta argitalpenak landu ahal izateko.

Horrela, Behatokiaren zereginen artean, honako hauek nabarmen daitezke: pazienteei, zaintzaileei eta profesionalei zuzendutako inkestak lantzea hiltzeko prozesuari dagokion arreta biopsikozialaka aztertzeko, Historia Klinikoan bildu beharreko aldagaiak zehazteko eta Nafarroan hiltzeko prozesuaren bilakaera ezagutzen lagunduko duten adierazleak aztertzeko; iradokizunak, erreklamazioak eta esker onak biltzeko web esparrua garatzea; pertsonal sanitarioak balioetan duen prestakuntza baloratu eta sustatzea eta esparru honi dagozkion gomendioak eta betebeharrak ezartzea; esparru honen inguruko ikerketa-proiektuak proposatzea; eta Foru Legearen betetze-mailari buruzko eta herritarrek hiltzeko prozesuan jasotako arretaren gaineko gogobetetze-mailari buruzko aldizkako txostenak landu eta beharrezko hobekuntza-proposamenak formulatzea.

Heriotza Duineko Behatokiak Osasun Departamentuaren hiru ordezkarik, Osasunbidearen ordezkari batek, Nafarroako osasun-zentroetako Etika Asistentzialeko batzordeetako buruek, “Derecho a Morir Dignamente” elkartearen ordezkari batek, eta Esku-Hartze Sozialeko Etika Batzordearen ordezkari batek osatutako Batzorde Teknikoa izanen du.

Datu batzuk

2016an, 5.727 pertsona hil ziren Nafarroan, 2.911 gizon eta 2.816 emakume. Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera, heriotzen batez besteko adina 78,3 urtekoa da gizonetan eta 84,5 urtekoa emakumeetan.

Heriotzen % 51 ospitalean gertatu zen, eta gehienak gizonak izan ziren, % 55, emakumeen % 46aren aldean.

Inkesten arabera, biztanle gehienek etxean hil nahi dute, baina % 28 baizik ez dira etxean hiltzen diren gizonak eta % 32 emakumeak. Zendutako gizonen % 11 eta emakumeen % 18 egoitzetan hil ziren.