Nafarroako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena eta biktimekiko babesa erakutsi ditu

Nafarroako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena eta biktimekiko babesa erakutsi ditu

Instituzioko beste ordezkariekin batera, elkarretaratzean parte hartu du, larunbatean izango den Nazioarteko Eguna dela-eta  

2017/11/24
Imagen de la concentración

Nafarroako Gobernuak, Uxue Barkos Lehendakaria buru duela, eguerdian egin den elkarretaratze isilean parte hartu du, emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena eta biktimekiko babesa erakusteko, larunbat honetan, azaroaren 25ean, izango den Nazioarteko Eguna dela-eta.

Ekitaldia Berdintasunerako Nafarroako Institutuak deitu du, eta Nafarroako Jauregiko Karlos III.aren fatxadaren aurrean egin da. Bertan izan dira Nafarroako Gobernuko Uxue Barkos Lehendakaria, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak Manu Ayerdi eta Mikel Aranburu, kontseilariak Maria Solana, Isabel Elizalde, Ana Ollo, Fernando Dominguez eta Miguel Laparra, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko lehendakaria Merche Leranoz, Gobernuko ordezkaria Nafarroan Carmen Alba, , Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria Joaquín Galvez, Nafarroako fiskal nagusia José Antonio Sánchez, Nafarroako herri eta kontseiluetako lehendakaria Pablo Azcona, Nafarroako bizilagunen defentsarako ordezkaria, Javier Eneriz, UPNko parlamentariak Sergio Sayas eta Ana San Martin, Geroa Baiko parlamentaria Unai Hualde, PSNko parlamentariak Maria Chivite eta Guzman Garmendia, EH-Bilduko parlamentariak Mayorga Ramirez, Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz.

Adierazpen instituzionala

Gainera, egunarekin bat eginaz, Nafarroako Gobernuak ondorengo adierazpen instituzionala onartu du:

“Azaroak 25a dela-eta, Nazio Batuen Batzar Orokorrak "Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna" bezala aitortua, Nafarroako Gobernuak beste behin erakutsi nahi du genero-indarkeriaren adierazpen guztiekiko gaitzespen irmoa: bikotearen edo bikote ohiaren indarkeria, indarkeria sexualaren adierazpen ezberdinak, feminizidioa, emakumeen eta neskatilen salerosketa, esplotazio sexuala, adin goiztiarreko ezkontza, ezkontza hitzartua edo behartua, emakumeen genitalen mutilazioa, edota beste edozein indarkeria-forma, emakumeen duintasuna, integritatea edo askatasuna lesionatzen duena edo lesiona dezakeena. Emakumeen aurkako indarkerien adierazpen horiekin guztiekin funtsezko giza eskubideak urratzen dira, emakumeen desberdintasun eta diskriminazioan oinarritzen baitira bizitzaren eremu guztietan, eta biktima eta hurbileko pertsona guztientzat kalte edo sufrimendu fisikoak, sexualak, psikologikoak edo ekonomikoak eragiten dituzte, eta horrek garrantzi handiko inpaktu soziala eta ekonomikoa sortzen du.

Emakumeen aurkako indarkeriaren aurreko erantzun instituzionalak arreta osoa, diziplina anitzekoa, sistematikoa eta iraunkorra bermatzeko konpromisoak eta jarduerak eskatzen ditu, eta ardatz nagusi bezala esku-hartze koordinatua izan behar du, Botere Publikoek jarduteko prozedura homogeneoak ezartzeko aukera ematen duena. Ildo horretan kokatzen da Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriaren aurka koordinatzeko Instituzio arteko III. Akordioa, 14/2015 Foru Legean proposaturiko hobekuntza guztiak bere baitan hartzen dituena, Nafarroan emakumeen kontrako indarkeriaren aurka jarduteko, eta jarduera berrietarako lankidetza instituzionalaren esparrua izan nahi du. Nafarroako Gobernuaren konpromisoa haratago doa, eta koordinazioa izango da Emakumeekiko indarkeriaren aurkako 2016-2021 Ekintza Planaren ardatz estrategikoetariko bat.

Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak gure gizartearen egitura berean finkatzen direnez, emakumeekiko indarkeriaren aurkako erantzun instituzionalak indarkeria-egoeran aurkitzen diren emakumeak eta haien seme-alabak artatzea ziurtatzetik haratago joan behar du. Estereotipoak eta generoaren harreman desberdinak eta hierarkikoak ulertzean oinarrituko da, eta erantzun horren helburua izango da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea, berdintasun-printzipioa zeharka aplikatuaz politiko publiko guztietan, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko mundua lortzeko bermerik onena bezala. Hortaz, botere publikoon erronka da benetako aldaketa soziala lortzea, genero-estereotipoak hautsiaz eta balioak benetan aldatuaz.

Nazioartetik ere eskatzen zaigu berdintasuna lortzen aurrera egiteko, emakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpen errotik ateratzea lortzeko oinarri gisa. Era horretan, 2030 Agendan eta Nafarroako Gobernuak garapen iraunkorraren inguruan bere gain hartutako 17 helburutan, bosgarren helburuan, esate baterako, generoen arteko berdintasuna lortzea eta emakumeei eta neskatilei jabekuntza ematea proposatzen da, mundu baketsua, oparoa eta iraunkorra eskuratzearren. Halaber, bide horretan aurrera egitearekin indarkeriatik bizirik irtendako emakumeak errekonozitzen dira; alegia, jasandako indarkeria gainditzeko osatzeko prozesua hasi duten emakume guztiak. Era berean, bizirik ateratakoek jasandako mina konpontzeko politikak bultzatu nahi dira.

Horrez gain, Nafarroako gizartea erakusten ari den konpromisoa nabarmendu nahi genuke, gure instituzioetatik bultzatzen diren sentsibilizazio-kanpainetan parte hartuaz nahiz emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena publikoki erakutsiaz. Nafarroako Gobernuak herritarrak animatu nahi ditu egun horren inguruan antolatutako salaketa-ekitaldi guztietan parte hartzera, instituzioek eta gizarteak oro har errealitate horren mantentzean dugun erantzukizuna onartzera eta egoera horretan aurkitzen diren emakume guztiak agerian jartzera eta errekonozitzera, betiere haien birbiktimazizazioa saihestuaz.

Azkenik, ziur gaude emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeko eta horren aurka egiteko nahitaez emakume guztien Giza Eskubideak lantzea eta berdintasun nagusia, hots, emakumeen eta gizonen arteko benetakoa eta eraginkorra, lortzea beharrezkoak direla. Eta hori guztia denok batera egin behar dugu, gizarte demokratikoago, solidarioago eta berdintasunezkoagorako bidea egiteko, azken finean, emakumeen aurkako indarkerietatik libre dagoen mundurako bidea”.