Foru Gobernuak Osasunaren ondasunen tasazioa zalantzan jartzen duen txostena bidali du Comptos ganberara

Foru Gobernuak Osasunaren ondasunen tasazioa zalantzan jartzen duen txostena bidali du Comptos ganberara

Iragan apirileko data du agiriak, eta ez zen bidali Comptos ganberara. Txostenaren arabera, balio handiegia eman zaie ondasunei.

2015/08/10
Ogasunaren eraikinaren irudia.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Zerga Ogasuneko tasazioaren sailak egindako txostena bidali du Comptos ganberara. Txostenean, zalantzan jartzen da Tasaciones y Consultoría (TyC) enpresak egindako Osasuna taldearen ondasun higiezinen tasazioa, eta balio handiegia eman zaiela dio. Izan ere, Sadar estadioa eta Taxoareko instalazioak BOE etxebizitzetarako bizitegi-lurzoruan egongo balira bezala zehaztu dira zenbatekoak, baina hirigintzako antolamenduak kirol-hornidurarako lurzoru gisa ditu katalogatuta lursailak.

Gobernuak erabaki hori hartu du txosteneko informazioa garrantzitsua delakoan eta organo fiskalizatzaileari kirol-taldearen ondasun higiezinen tasazioari buruzko ikuspegi osatuagoa izaten lagunduko diolakoan. Txostena iragan apirilaren 30ean bidali zen Ogasunak berak eskatuta, baina orain arte ez da bidali Comptos ganberara.

Lehenik eta behin, tasazio independentea egiteko TyC enpresa aukeratu izana jartzen du zalantzan txostenak, enpresa horixe izan baitzen Osasunak berak aurkeztutako ondasunen lehen balorazioa egin zuena, Ogasunak taldearen inguruko prozedura hasi zuenean. Hortaz, gainera, ondasunak ordainean ematearen zorra iraungitzeko balio izan duen azken balorazioa TyC enpresak berak aurrez egindakoa eta Zerga Ogasunak egindako balorazioa ez bezalakoa da.

Balorazio hori Osasunaren zorra berregituratzeko abenduaren 2ko 26/2014 Foru Legean gehitu zen. Taldearen ondasunen balorazio hau jasotzen du: 23,5 milioi euro Sadar estadioa eta 648.363 euro estadioaren atzeko lurzorua; 14,4 milioi euro Taxoareko instalazioak eta 4 milioi euro Taxoareko lurzorua, eta 403.427 euro Alfontso I.a Borrokalaria kaleko bi pisu. Guztira, 43 milioi euro.

Bestalde, Ogasunak bere egunean egindako balorazioa 30,5 milioi eurokoa izan zen (16,2 Sadar, 371.960 euro bi pisuak, 523.893 euro estadioaren ondoko lurzorua, 7 milioi euro Taxoareko instalazioak eta 6,4 milioi euro Taxoareko lurzorua).  

Txostena

Ogasunaren txostenak azpimarratzen duenez, TyC enpresaren tasazioak ez ditu kontuan hartzen higiezinetan egon litezkeen kargak. Estadioari emandako balioari dagokionez, zalantzan jartzen du enpresaren tasazioak estadioari merkatu-balioa esleituko diola esatea, "merkatu hori ez baitago, ez dagoelako ez eskaintzarik, ez eskaririk".

Lurzoruaren balioari lotuta, hau da, estadioaren zein horren ondoko lurzoruari eta Taxoareko instalazioen lurzoruari lotuta, Ogasunak dio ezin izan direla "etxebizitza babestuen bizitegi-lurzoru bihurtu", hirigintzako antolamendu-planek kirol-hornidurarako lursail jotzen dutelako. Horri lotuta, kontraesantzat jotzen du lurzoru horretan BOE etxebizitzak eraikitzeko aurreikuspena eta 26/2014 legearen 5. artikuluan ezarritakoa. Izan ere, azken horren arabera, Nafarroako Gobernuak lehentasunezko eskubidea izango du eskualdatutako lursailetan kirol-, hezkuntza- edo kultura-jarduerak sustatzeko.

Amaitzeko, estadioaren nahiz Taxoareko instalazioen eraikuntzaren balorazioaren balioa eta zorroztasuna ere zalantzan jarri ditu. Lehenengoaren kasuan, Espainiako bost estadioren eraikuntzaren kostuari buruzko azterlan batean oinarritu dela dio, "izena besterik ez da eman, ez da ekarpenik egin" eta, bigarrenaren kasuan, ez dela hartu kontuan antzinatasunagatiko eskaera.