Unibertsitateko ikasleek Nafarroako eremu hustuetan praktikak egingo dituzte landa inguruneko 'Sustraiak' Erasmus programarekin

Lurralde Kohesiorako Departamentuak eta NUP Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute bigarren urtez jarraian 28 prestakuntza-egonaldi finantzatzeko
2022ko martxoaren 21a
Iosune Pacual, Cristina Bayona, Bernardo Ciriza, Jesús María Rodríguez eta 
Ángel Labiano.
camera_alt Iosune Pacual, Cristina Bayona, Bernardo Ciriza, Jesús María Rodríguez eta Ángel Labiano.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere Fundazioaren bitartez, landa-eremuko Erasmusaren bigarren edizioa jarriko dute abian, «Sustraiak» programa, unibertsitateko ikasleak Nafarroako eremu hustuetara hurbiltzen dituena, lurralde-berrorekari laguntzeko.

Nafarroako Gobernuak eta NUP Fundazioak sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, 28 gaztek 4 hilabeteko prestakuntza-praktikak egin ahal izango dituzte 250 langile baino gutxiagoko erakunde publiko edo pribatuetan, despopulazioak eragindako udalerrietan. Horrela, tokiko garapena sustatu nahi da, gazteak landa-eremuetara errotzea lortu, eta gizartean landa-ingurunearen eta haren aukeren kontzientzia sortu. Gainera, herriak eta landa-eremua ezagutzeko aukera sustatuko da murgiltze-prozesu baten bidez, eta unibertsitateko ikasle horiek ingurune horretan ezartzeko aukera aztertu ahal izango dute praktikak amaitu ondoren, egoki iritziz gero.

Lankidetza hori izenpetzeko ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Bernardo Ciriza Lurralde Kohesioko kontseilariak eta Cristina Bayona Ikasle, Enplegu eta Ekintzailetzako errektoreordeak, Jesús María Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak, Iosune Pascual NUP Fundazioko zuzendari kudeatzaileak eta Angel Labiano Toki Informazioko eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiako Ataleko buruak. Hitzarmen horren arabera, Nafarroako Gobernuak 120.000 euro jarriko ditu guztira prestakuntza-egonaldiak finantzatzeko. Bestalde, NUP Fundazioa arduratuko da erakundeak, proiektuak eta ikasleak hautatzeaz, bai eta programaren kudeaketaz, kontrolaz eta jarraipenaz ere.

Aipatzekoa da iaz abian jarritako programa honen lehen edizioan 9 gaztek beren praktikak osatu zituztela despopulatzeko arriskuan zeuden herrietan, hala nola Allo, Barbarin, Berbinzana, Deikaztelu, Irunberri, Mendaza, Villanueva de Arce, Deierri eta Esan. Horrela, NUPen berezko titulua lortu zuten, TalenUpna zehar-konpetentzia profesionalen espezializazio-diploma.

Ikasturte honetan egindako praktikak

Edozein unibertsitatetako eta TalentUPNA programako titulazioko gazte graduatuek parte hartu ahal izango dute programan, bai eta curriculumetik kanpoko praktiken programari atxikitako NUPeko edozein gradu, master edo truke-programatako ikasleek ere, despopulazioak eragindako udalerrietan.

Parte-hartzaile bakoitzak 3.636,70 euro jasoko ditu ikasketetarako laguntza gisa, joan-etorriak, ostatua, mantenua eta egonaldiaren ondoriozko beste gastu batzuk barne. Programa ikasturte honetan zehar gauzatuko da eta prestakuntza-ekintzak 2022ko azaroaren 20a baino lehen amaitu behar dira.

Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren barruan kokatzen den ekimen hau Foru Gobernuak Erronka Demografikoaren Estrategiaren barruan garatzen dituen jardueretako bat da. Era berean, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak egindako Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (erronka demografikoaren aurkako 130 neurri) parte da.

Gogorarazi behar da 2019. urtearen amaieran Nafarroako Gobernuak Despopulazioaren aurkako Sailarteko Batzordea sortu zuela erronka demografikoari zeharkakotasunetik ekiteko, eta despopulazioaren aurkako borroka kontuan hartu beharreko printzipio gisa txertatu zuela arazoari aurre egiteko ikuspegiren batean kokatzen den Administrazioaren edozein politika edo planetan. Harrezkero, hainbat ekimen jarri dira abian fenomeno hori geldiarazteko, hala nola Allo, Faltzes, Zangoza eta Aragoi Haraneko landa-inguruneko ekintzailetza eta berrikuntza sozialeko ekosistemak, edo «ekin zure ametsari» kanpaina, etorkizunean landa-ingurunean ekintzailetza bultzatzeko helburuarekin. Gainera, Nafarroa Europako Kinesis proiektuarekin elkarlanean ari da gaur egun. Proiektu horri esker, Italiatik, Alemaniatik, Herbehereetatik edo Estoniatik etorritako ikasleek praktikak egin ahal izango dituzte despopulazioak kaltetutako Nafarroako herrietan.

Lau udalerritik bat despopulatzeko arrisku larrian dago

Nafarroan, lau udalerritik bat despopulazio-arrisku larrian dago gaur egun, hau da, Foru Komunitateko 272 udalerrietatik 76, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak egindako azterketaren arabera. Batez ere Pirinioetan, Pirinio aurrekoan, Zangozan, Erdialdean, Lizarraldean eta Larraun-Leizaldean daude.

Edozein despopulazio-maila kontuan hartuz gero (muturreko arriskua, arrisku handia, garrantzitsua, gainbehera handia edo neurrizkoa), 174 udalerri arriskuan daude guztira, guztiak landa-eremuetan.
Eremuka, Pirinioetako eskualdea nabarmentzen da, arrisku larrian baitago erabat, Ezkaroze, Auritz eta Garralda izan ezik, horiek arrisku bizian baitaude. Pirinioaurreko eskualdea muturreko arriskuan dago udalerri guztietan, Agoitz, Elo eta Urroz-Villa izan ezik, ez baitira arriskuan dauden udalerriak. Zangoza Eskualdeko, Erdialdeko Eskualdeko, Lizarraldeko eta Larraun-Leizaldeko udalerri gehienak ere despopulatzeko arriskuan daude. Gainera, Baztan-Bidasoa eta Sakana eskualdeetan ere badira arriskuan dauden udalerriak, baina gutxiago eta arrisku txikiagoa dute.