Sei obra izango dira ‘Nafarroa Shortzinema: film laburren katalogoa’-ren lehen edizioan
Vianako Printzea Erakundea – Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren Ekintza Kulturaleko Zerbitzuak gaur jakinarazi du zeintzuk izango diren ‘Nafarroa Shortzinema: film laburren katalogoa’ proiekturako hautatu diren sei film laburrak; proiektua sektorearen jaialdietan, azoketan eta merkatuetan aurkeztuko da.
Gainera, Nafarroako Filmotekan proiektatuko da, bereziki Nafarroako Filmoteka programaren bidez; baita esparru nazionaleko beste filmoteka batzuetan, kultur-etxeetan eta zinema areto komertzialetan ere.
Epaimahaiak lehenengo edizio honetara aurkeztutako obren “kalitatea bikaina” goraipatu du. Hautatutako film laburrak honakoak dira: “Our voices”, Raul Goñik eta Natxo Leuzak ekoitzia eta Natxo Leuzak zuzendua; S”an Simón 62”, Irati Gorostidi Agirretxek ekoitzia eta Irati Gorostidi Agirretxek eta Mirari Echávarri Lópezek zuzendua; “Hezur berriak”, Skullmendi Films SL-ren ekoizpenarekin eta Aritz Lazkano Vendrellek zuzendua; “Alas / Tierra” Esto no es una poesía, “Garde y Pirenaika”-ren ekoizpenarekin eta Maddi Barberrek zuzendua; “Amanece la noche más larga”, Arquetipo Comunicación SL / New Gravity Laws SL-ren ekoizpenarekin eta Lorena Aresek / Carlos F. de Vigok batera zuzendua; eta, azkenik, “El querer”, Lasai Producciones SL-ren ekoizpenarekin eta Miguel Machettik zuzendua.
Kultur Ekintzatik nabarmendu dute “lehenengo edizio honen baitan dauden sei laburmetraiek Nafarroako laburmetraiaren aberastasunaren eta dibertsitatearen lagin bat dakarkigutela”. Hautatuen artean daude: fikziozko bi obra (“El querer” eta “Hezur berriak”), bi dokumental (“Our voices” eta “San Simón 62”), animazio laburmetraia bat (“Amanece la noche más larga”) eta laburmetraia esperimental bat (“Alas / Tierra”).
Hizkuntzari dagokionez, horietako bitan jatorrizko hizkuntza euskera da. Eta horrez gain, biren zuzendariak emakumezkoak dira eta hirugarren baten ko-zuzentzailea emakumezko bat da. “Gaiak askotarikoak dira; hizpide dituzte egungo krisi migratzaileak, klima aldaketaren mehatxua, edo bestela iragan nahiko hurbil batera garamatzate kontatu gabeko istorioak berregituratzeko”.
Navarra Shortzinema
‘Navarra Shortzinema: laburmetraien katalogoa’ proiektuaren xedea zuzendari eta ekoizle nafartarren laburmetraiak aintzatetsi, sustatu eta barreiatzean datza. Hautatutako obren zuzendaritza edo ekoizpena nafartarra izan behar da, edota ko-ekoizpenen kasuan, ekoizpenaren % 50 nafarra izan behar da. Euskarazko obren kasuan, ez da derrigorrezkoa jatorri nafarra baina bai laburmetraiak Foru Komunitatearekin lotura izatea.
Kontuan hartu diren balorazio irizpideak honakoak dira: kalitate artistikoa (40 puntura arte eman zaizkio), kalitate teknikoa (20 puntura arte), originaltasuna eta proposamen berriak (20 puntura arte) hala nola ekipo tekniko zein artistiko nafarraren partaidetza (20 puntura arte).