2022ko apirilaren 1a

Erregaiaren hobaria aurreratzeko eskaera-inprimakia argitaratu da

Apirilaren 15era arte eska daiteke eta Gobernuak datorren astean zehar ordaintzen hastea aurreikusten du
Saiz eta Irujo kontseilariek Nafarroako hobari energetikoen berri eman dute. Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak dagoeneko argitaratu du txikizkako erregaiak hornitzeko instalazioetarako hobaria aurreratzeko eskaera-inprimakia. Sarbidea Nafarroako Gobernuaren edo Nafarroako Foru Ogasunaren webgunetik egin daiteke, kasu honetan, «Izapide orokorrak» atalaren barruan.

Inprimaki hau produktu energetiko eta gehigarri jakin batzuen publikoarentzako salmenta-prezioan aparteko eta aldi baterako hobaria kudeatzen duten laguntzaileentzat da, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kokatutako instalazioetakoak, eta aurrerapen-eskaera 2022ko apirilaren 15a baino lehen aurkeztu ahal izango da. Eskaera ziurtagiri digitalarekin edo NAN elektronikoarekin edo Gakoa erabilita izapidetu ahal izango da, eta ordainketa datorren aste honetan zehar egitea aurreikusten da.

Ildo horretan, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saizek gogoratu du “inprimaki honen argitalpena lehen urrats bat dela eta horrekin batera beste batzuk ere izango direla nahitaez bete beharrekoak eta Nafarroan neurri hori aplikatzeari babesa eta segurtasun juridikoa emango diotenak. Horren guztiaren ondorioz, aurrerapenak ia berehala ordainduko dira”.

Uste da aurrerapenen neurri horrek 10 milioi euro inguruko kostua izango duela.

Kontseilariak “lasaitasun- eta konfiantza-mezua helarazi nahi izan die kontsumitzaileei eta erantzukizuneko mezua kolaboratzaileei, berme guztiekin lan egitearren”. Modu berean, Saizek gogorarazi du Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala arduratuko dela petrolio-konpainiek bete dezaten, eta, beraz, jarraipen xehatua eta iraunkorra egingo du; Nafarroako Gobernuak ere, duen gaitasunaren heinean, hobaria gidari guztiengana oso-osorik iristea zainduko du.

Ildo berean, prentsaurrekoan izan den Garapen Ekonomikoko kontseilari Mikel Irujok gogorarazi du “Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuko ikuskatzaileak lanean ari direl LED BOEn argitaratu denetik eta operatiboak neurria indarrean sartu denetik (gaur bertan)”.

Erantzun azkarra eta elkarrizketa sektorearekin

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak nabarmendu du ekimena garrantzitsua dela eta berehala jarri dela abian. “Ez da erraza, ezta hurrik eman ere, helburu hori errealitate bihurtzeko beharrezko guztia arbitratzea –esan du-, eta azpimarratu nahi nuke erreakzionatzeko gaitasuna izan dutela bai Espainiako Gobernuak neurri hau gaitzerakoan, bai Nafarroako Gobernuak eskura dituen bitartekoekin azkar eta modu eraginkorrean erreakzionatuz”.

Bestalde, Irujo kontseilariak gogoratu du foru-exekutiboak harreman arina duela 6/2022 Errege Lege Dekretuan jasotako neurri ezberdinen hartzaileen sektore industrial desberdinekin. “Atzo bertan, papergintzaren sektorearekin bildu ginen, gas intentsiboaren industriarentzako zuzeneko laguntzen  onuradunetako batekin, eta hidrokarburoen sektoreko eragileekin ere bai”.

Hidrokarburoen prezioen hobariaren mekanismoa errazago abian jartzeko, une honetatik aurrera aurrerapen-eskaeraren inprimakia eskuragarri izateaz gain, inprimaki hori erraztuko da Nafarroako Zerbitzuguneen Elkartearen bidez, eta ohiko galderak jasotzen dituen dokumentu bat egingo da.

Prentsaurreko osoa