2022ko apirilaren 29a

Vianako Printzea 2022 sarirako lau hautagai aurkeztu dira

Nafarroako Kulturaren Kontseiluak maiatzean erabakiko du zein den aurtengo edizioaren irabazlea

Pedro Salaberri margolariak, Enrique Villarreal El Drogas abeslariak eta Barricada rock taldearen sortzaileak, Jose Luis Lizarraga musikari eta konpositoreak eta Josu Imanol Delgado ekonomialariak osatzen dute aurten Kulturaren Vianako Printzea saria jasotzeko aurkeztu diren hautagaien taldea.

Vianako Printzea sariak Nafarroako Gobernuak deitzen ditu “kulturaren munduan garrantzitsuak izan diren pertsonen edo erakundeen ibilbidea nabarmentzeko eta saritzeko helburuarekin. Horren barruan sartzen dira arte plastikoetan, musikan, literaturan eta abarretan egindako sormena nahiz zientziaren, teknikaren eta ikerketaren arloko lana”, deialdiaren oinarrietan jasotzen den moduan.

Epaimahaia Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kideek osatzen dute; proposamenez gain, merituak eta Nafarroarekin duten lotura berezia aztertzearekin batera, zein hautagai den irabazlea erabakiko du epaimahaiak maiatzean egingo duen bileran.

Egungo edizioan 20.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango da beste behin, eta oso-osorik emango zaio saria lortzen duenari. Sarirako kopuru hori berreskuratu zen 2021. urtean. 

Lau hautagai

Pedro Salaberri Zunzarrenek (Iruña, 1947) “naturaren interpretazioari, paisaiaren adierazpenari eta giza naturaren erretratuari loturiko obra piktoriko zabala garatu du, gure eguneroko bizitza duintzeko bere pintura erabiliaz”, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideak diren hauek aurkeztutako hautagaitzaren arabera: Jose Javier Azanza, Javier Balda, Francisco Javier Chocarro, Susana Garcia, Ana Moreno, Javier Manzanos eta Villar Lopez.

Marrazketa eta pintura ikasketak Iruñeko Arteen eta Lanbideen Eskolan hasi zen egiten. Hautagaitzaren sustatzaileen iritziz, “Pedro Salaberrik begirada ezberdina eta berritzailea eman dio Nafarroako arteari eta kulturari paisaiaren ikuspegian; hots, osatzen duten funtsezko elementuen sintesi batean oinarritutako begirada, estetika erantzi, lasai eta eraginkor batekin”. Sari mordoa jaso ditu, eta obra Estatu osoko hirietan nahiz New Yorken ere erakutsi du.

Enrique Villarreal Armendáriz (Iruña, 1959), “El Drogas” bezala gehiago ezagutzen dena, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Angel Garcia Carreño kideak proposatu du. 40 urtetik gorako musika-ibilbidea du, eta hainbat musika-taldetan parte hartu du. “Punk Sapos Band” eta “Kafarnaún” taldeetan hasi zen, eta 1982an Barricada taldea sortu zuen “Boni” Hernandez, Mikel Astrain eta Sergio Osesekin batera.

Barricadarekin 20 disko baino gehiago argitaratu eta milioi bat ale baino gehiago saldu ditu; era horretan, sarirako mentoreak adierazi moduan, “gaztelaniako rockaren erreferentzia globaletako bat” izatera iritsi da. 90eko hamarkadaren hasieran, Barricadako jarduerarekin batera beste proiektu artistiko batzuk jorratuko ditu; hala nola, “Txarrena” eta “La venganza de la abuela”.

“Tres puntadas” izeneko poema-liburua idatzi du Eva Zanroi izengoitiarekin, eta haurrentzako ere “El ojo de la aguja” edo “Las zapatillas de volar” bezalako hainbat lan argitaratu ditu.

José Luis Lizarraga Gastón Añorben jaio zen duela 82 urte. 14 urterekin itsu geratu zen meningitisaren erruz. Solfeoa eta pianoa ikasi zituen, eta musika-obra askoren egilea da; tartean nabarmenak dira Nafarroako berrehun jota baino gehiago, abestiak, prozesio-martxak, jotak eta Gabon-kantak, e.a., errondaila, akordeoi eta bandarako.

Haren abesti ezagunetako batzuk hauek dira: “Quién no ha corrido el encierro”, “Las caricias de una madre”, “Hay silencio en el Irati”, “A las 12 el 6 de julio un grito suena en Pamplona” edo “Jota de Valdizarbe”, “Que hizo a San Fermín llorar” izeneko obra ezagunetarikoa ahantzi gabe. 

Hautagaitza Buñuelgo Joten Eskola Elkarteak proposatu du; izan ere, abestia “oso ezaguna da, Nafarroako jotaren ahots ugarik grabatutako eta interpretatutakoa”. Gainera, Lizarraga Anaiekin, bere ilobekin, batera aritu da akordeoia joaz hainbat kontzertutan, eta haiekin hainbat disko ere grabatu ditu.

Josu Imanol Delgado Ugarteren (Bilbo, 1965) hautagaitza Comunica Valencia Elkarteak proposatu du, eta, horretarako, idazle alderdia azpimarratu du. Hain zuzen ere, Ekonomiari eta Finantzei buruzko 37 liburu argitaratu ditu, tartean, “El crash del 2007”, “Economía Fácil” edo “Criptomonedas presente y futuro”. Halaber, haren lana nabarmendu du proposamena egin duenak, “ekonomia eta finantza arloko nahiz enpresa mailako kultura zabaltzen eta sustatzen aritu baita”.

Ekonomialaria espezializatua da Finantzetan eta Enpresen Zuzendaritza Estrategikoan, Doktorea Enpresen Administrazioan eta Finantzetan, edota Masterra Enpresen Administrazioan, Unibertsitate Espezialista Finantza Deribatuetan eta Aditua Nazioarteko Banku Negoziazioan.