2024ko urriaren 14a

Sarean Euskaraz jardunaldi-jaialdiak Bigarren Hezkuntzako 8.500 ikasle baino gehiagori heldu da azken zortzi urteotan

Ollo lehendakariordeak ekimen honen VIII. edizioaren bi eguneko jardunaldien irikieran parte hartu du, eta euskal kultura digitala sustatzearen alde Euskarabideak eginiko lana azpimarratu du
Ezkerretik eskuinera, Iñigo Martinez ekitaldiaren antolatzakuntzakoa; Ollo 
lehendakariordea; eta Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea
Ezkerretik eskuinera, Iñigo Martinez ekitaldiaren antolatzakuntzakoa; Ollo lehendakariordea; eta Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea  Deskargatu irudia Irudi galeria

Sarean Euskaraz 2024 jardunaldi-jaialdia Iruñeko Baluarte Jauregian ospatzen ari da gaur eta bihar, hilak 14 eta 15, eta inoizko saio jendetsuena izaten ari da. Izen-ematea sekula baino arrakastatsuagoa izan da eta, orotara, 1.400 gaztek hartzen dute parte Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bitartez bultzatzen duen proiektu honen VIII. edizioan. Aurreko zazpiak kontuan hartuz, 8.500 ikale baino gehiagori heldu da jada. Hala, bi eguneko ekimen honek Iruñerriko 12 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako ikasleak murgilduko ditu, euskaraz, Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) unibertsoan.

Gazteak, hiru txandatan eta beste hainbeste aretotan banaturik, zortzi lantegitan trebatzen ari dira, bi hitzaldi labur entzunez  eta Break Out joko batean zein ‘Egunean Behin’ jokoaren zuzeneko partida batean lehiatuz. Bertan izan dira Ana Ollo, Nafar Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria,  eta Javier Arakama, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea. 

Ollo lehendakariordeak azaldu duenez, “ekimena 8.500 ikasle baino gehiagori heldu da aurtengo eta aurreko zazpi edizioak kontuan izanik, eta benetan esangurutsua da ikasle gazteen artean duen arrakasta”. Era berean, gogora ekarri nahi izan du Europako Kontseiluak berak aintzatetsi duela Euskarabidearen eginkizuna eta Sarean Euskaraz proiektuak euskarazko teknologia berrien zabalpenaren eta euskal kultura digitala sustatzearen alde eginiko lana. “Gure jardunak horretan dirau, euskara gazteen artean erabiltzearen eta eremu digitalean zein teknologia berrietan geure hizkuntza garatzearen aldeko apustu estrategikoarekin”.

Gazteen artean euskara erabiltzearen eta eremu digitalean eta teknologia berrietan euskara garatzearen aldeko apustu estrategikoa Euskarabidearen plangintzarako eta kudeaketarako ez ezik, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren aurrekontu-aurreikuspenerako ere oinarrizko ardatzetako bat da. 

Izan ere, onartu berri den 2025erako aurrekontuen aurreproiektuan euskara oro har eta publiko gaztearekin eta eremu digitalarekin zerikusia duten partidak Ollo lehendakariordeak zuzentzen duen departamentuaren lehentasunetako bat dira. Hala, datorren urterako zenbatekoen sendotze eta igoeran zein departamentuaren kontu guztietan duen pisu espezifikoan islatzen dira, bai eta beste ildo batzuk ere, hala nola helduen irakaskuntzan doakotasunerantz aurrera egitea edo komunikabideei, gizarte-erakundeei eta tokiko erakundeei euskara sustatzeko laguntzak ematea. Gai horiek ere berretsi eta gomendatu ditu Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Hizkuntzen Europako Gutunari buruz plazaratutako azken txostenean.

2017an abiatu zenetik, urtez urte errotu da Sarean Euskaraz, eta euskarazko kultura digitalaren alorreko erreferentziazko hitzordu bilakatu da. Aurreko zazpi urteetan, proiektua 7.150 ikaslerengana iritsi da orotara, jardunaldiak eta ikastetxeetara eramandako ikastaroak kontuan hartuta. Aurten, beste 1.400 ikasle inguru izanen dira bi ekimenen artean eta, beraz, zortzi edizioak batuta Ollo lehendakariak erran duen bezala, 8.550 hartzailerengana helduko da.

Jarduerak hiru guneetan

Partehartzaileek 8:45ean dute hitzordua Baluarten. Egun bakoitzeko ikasleak hiru talde edo txandatan banatuko dituzte, eta ordu eta laurdenean behin egingo dute lekualdaketa. Jardunaldiak 13:45 arte luzatzen dira. 

IKAS aretoan, profesional edo elkarte banak gidatutako zortzi lantegi praktikotan trebatzeko aukera izango dute gazteek: ‘Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak’ (Dj Makala), ‘Bideo mappinga; proiekzioak objektuen geometrietara doitu’ (Elurmaluta), ‘Appinventor. Android telefonoetarako app-ak sortzeko oinarrizko ezagutza’ (Talaios), ‘Errealitate birtuala’ (Protomakers), ‘Arduino; hardware aplikazioetako hizkuntza eta aukerak’ (Protomakers),  ‘3D inprimagailuak’ (Protomakers),  ‘Argazkilaritza mugikorrarekin, Instagram baino gehiago’ (Oier Fuentes), ‘Gamer gela’ (Game Erauntsia). 

ERA aretoan bi hitzaldi labur eta dinamiko antolatuko dira: ‘Pribatutasuna Sarean’, Maider Likonarekin, Gisa elkarteko ingeniari informatikoa. Sare sozialetan erabiltzaileek uzten duten arrastoaz eta horren ondorioez jardungo dira. Bestalde, ‘Harremanak 3.0: like bat eman’ hitzaldiak, Ane Ortize sexologoarekin, esparru digitaleko harreman afektibo-sexualen eredua aztertuko du, eta arriskuak gutxitzeko edo ekiditeko baliabideak jorratuko ditu. 

Azkenik, JOLAS aretoan, euskarazko IKTen inguruko esperientzia ludikoa biziko dira. Break Out jokoan taldeka arituko dira eta giltzarrapo ezberdinekin itxitako kutxa bat zabaltzea lortu beharko dute erlojuaren kontra (Xare), eta ‘Egunean Behin’ jokoaren zuzeneko partida batean lehiatzea proposatuko diete gazteei (Codesyntax). 


Nerabeek euskarazko kultura digitalarekin duten hartu-emana borobiltzera dator aurtengo berritasun nagusia. Atsedenaldiaren ostean eta eguneko bigarren txanda abiatu aurretik zuzeneko musika emanaldia izango da: 10:45etan. Gazteek zuzeneko musika emanaldiaz gozatuko dute, formatu akustikoan. Hain zuzen ere, Ibil Bedi taldeko Amets Arangurenek eta Ibai Osinagak eskainiko dute euren kanta sorta.

Ikastetxeetan eta landa-eremuan ere bai 

Dena den, euskarazko Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKTen) alorrean murgiltzeko esperientzia hori goiz bakar batetik eta Baluarte Jauregitik harago luza dadin nahi dute Sarean Euskaraz egitasmoaren bultzatzaileek. Proiektua iraunkorrago bilakatzeko erronka horretan, ekimena ikasgeletara ere eramanen dute.

Hala, Iruñerritik kanpoko beste 500 gazterengana helduko da proiektua. Zehazki, Altsasu, Bera, Doneztebe, Leitza, Tafalla eta Lekarozko sei institututan hartuko dute programaren lantegi bat edo gehiago. 

Bestalde, digitalizazioa landa garapenerako gakoa dela jakin badakite ekimen honen bultzatzaileek eta, horregatik, urtez urte ahalegin berezia egiten ari dira programa hau Iruñerritik kanpoko herrietara ere eramateko, herritar guztiei zerbitzu berbera eskaintzea delako herrien hustutze-arriskua saihesteko prebentziorik onena. Hala, IKT ikastaro zikloaren bitartez, Sarean Euskaraz proiektuak 15 lantegi antolatu ditu 14 herritan. 

Gazteak, euskara eta teknologia berriak; eta Europako errekonozimendua

Gazteak, euskara eta teknologia berriak dira Sarean Euskaraz ekimenari izaera ematen dioten hiru ardatzak. Gure hizkuntzak etorkizun bizia eduki dezan ezinbesteko bihurtu da gazteak euskarazko kultura digitalean trebatzea, are gehiago pandemiak IKT berrien garrantzia eta digitalizazio prozesuak bizkortu dituen honetan. 

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzea, eta euskarazko kultura digitala ezagutzera ematea dira egitasmo estrategiko honen helburuak. Eta, batez ere, parte hartzaileek ongi pasatu dezaten nahi dute antolatzaileek, gazteek euskarazko teknologia berriez goza dezatela, esperientzia ludikoa izan dadila. Horrenbestez, jaialdi giroa duen jardunaldi bat da; edota jaialdi bat, jardunaldi edukiz hornitua.  

Bestalde, Europako Kontseiluak jardunbide egokien adibide gisa onartu zuen 2021ean Sarean Euskaraz ekimena, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna aplikatzearekin zerikusia duten eskualde eta estatuen jarduerak aitortzeko deialdiaren baitan, hain justu. 

Hala, Europako Kontseiluak aintzatetsi egin zuen Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bitartez bultzatzen duen Sarean Euskaraz proiektuak euskarazko teknologia berrien zabalpenaren eta euskal kultura digitala sustatzearen alde eginiko lana.