2024ko urtarrilaren 30a

Punto de Vistako Sail Ofizialak hamabost herrialdetako hogeita hiru film bilduko ditu

Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarratz lanak inauguratuko du jaialdiaren aurtengo edizioa. Aurten 800 film inguruk eman zuten izena, eta horien artetik aukeratu dituzte sarien lehian arituko diren hamabi film luzeak eta zortzi film laburrak.
Ezkerretik eskuinera, Manuel Asín, Zinemaldiko zuzendari artistikoa, 
Ignacio Apezteguía, Kulturako zuzendari nagusia, eta Teresa Morales de 
Álava, Punto de Vistako zuzendari exekutiboa
camera_alt Ezkerretik eskuinera, Manuel Asín, Zinemaldiko zuzendari artistikoa, Ignacio Apezteguía, Kulturako zuzendari nagusia, eta Teresa Morales de Álava, Punto de Vistako zuzendari exekutiboa  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Gaur aurkeztu dute Punto de Vista - Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren hemezortzigarren edizioa. Martxoaren 11tik 16ra bitarte egingo dute Iruñean. Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du jaialdia, eta gaurkoan Sail Ofiziala aurkeztu dute. Guztira hogeita hiru film izango ditu: sarien lehian arituko diren hamabi film luze eta zortzi film labur, eta lehiaketatik kanpoko hiru pelikula. 

Sail Ofizialean lehian arituko diren lanen artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Mariano Llinás argentinarraren film luze berriaren (Retrato de Mondongo) mundu mailako estreinaldia, Anand Patwardhan Indiako zinema dokumentalaren maisu handiaren azken lana (Vasudhaiva kutumbakam / The World is Family) edo Prix Jean Vigo Dominique Marchaisen La rivière film luzea. Aipatzekoak dira, halaber: IDFA jaialdian eta Sarajevokoan saritu duten Šutnja razuma / Silence of Reason, Kumjana Novakova mazedoniar zinemagile gaztearen lana; 2022an jada jaialdian izan zen Yaela Gottlieb perutarraren film labur bat, ¿Dónde está Mary Anne? izenburua duena, edo Maya Abdul-Malak frantziar-libanoar zinemagilearen Un cœur perdu et autres rêves de Beyrouth lan luzea. Bestalde, hauek dira Sail Ofizialean eta oro har jaialdiko programazio osoan presentzia izango duten gaiak: lehen pertsona, familiako memoria eta memoria historikoa, generoa eta identitatea, migrazio-politikak, klima- eta ingurumen-larrialdia eta gizakion eta beste espezie batzuen aniztasuna.  

Aparteko aipamena merezi dute jaialdia ireki eta itxiko duten filmek; horiek ere Sail Ofizialekoak dira, baina lehiaketatik kanpo daude. Hitzordua martxoaren 11n hasiko da, eta Nafarroan estreinakoz proiektatuko da Zinzindurrunkarratz, nazioartean sari ugari jaso dituen Oskar Alegriaren azken lana: «Zinemagileak bidaia poetikoa egiten du beste garai bateko oroimenean zehar, zeinaren zati batzuk baino ez diren geratzen. Super-8 kamera hartuta, bere aitona-amonek ibili zituzten bidexketara itzultzen da, Artazuko mendietara, Nafarroara, jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratzeko». Bestalde, jaialdia ixteko 2021eko edizioan fokuetako baten protagonista izan zen Pedro G. Romero artista bisual, ikertzaile eta komisarioaren azken film luzea proiektatuko da: De caballos y guitarras. Abiapuntua instrumentu horiekin entzule horientzat (eta mando zein astoentzat) egindako kontzertu baten erregistroa da; Erroman antolatu zuten 2019an, Espainiako Akademian, ondoren zaldien pertzepzioari, gizonezkoen begiradari, kameraren begiradari eta erlazionatutako beste gai batzuei buruzko saiakera gogoetatsu bat proposatzeko. Azkenik, Sail Ofizialean egongo da, lehiaketatik kanpo (Lan sailaren barruan), La vida a oscuras, Fernando Martín Peña argentinar artxibozain eta ikertzaile zinematografikoari buruzko lan eder bat, Enrique Bellandek egina. Martín Peña jaialdian izango da, eta zenbait jardueratan parte hartuko du; laster emango dute horien berri, atala osorik iragartzean.  

Aurtengo edizioan, nabarmentzekoa da jaialdiko Sail Ofizialean estreinaldi ugari izango direla: izan ere, mundu mailako bost estreinaldi, nazioarte mailako hiru, Europa mailako bat eta Espainia mailako hamabi aukeratu dituzte 800 film ingururen artetik. Punto de Vistan ohikoa denez, Sail Ofizialak mundu osoko zinemagile askotarikoen begirada eskainiko du. Saileko hogeita hiru filmek hamabost herrialdetan dute jatorria: Argentina, Belgika, Bosnia-Herzegovina, Kanada, Kolonbia, Hego Korea, Kuba, Danimarka, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, India, Japonia, Ipar Mazedonia eta Peru.

Punto de Vistako Sail Ofizialean lehian arituko diren lanek Nazioarteko Epaimahaiak (laster iragarriko da), Gazte Epaimahaiak eta jaialdiko epaimahaiak emango dituzten sariak irabazteko aukera izango dute. Horien artean daude: Film Onenaren Punto de Vista Sari Nagusia (10.000 euro), Zuzendari Onenaren Jean Vigo Saria (5.000 euro), Film Labur Onenaren Saria (3.000 euro; EITBk babestua), Publikoaren Sari Berezia Film Onenari (1.650 euro) eta Gazteen Sari Berezia Film Onenari (1.500 euro); azken horrek Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntza jasotzen du. Gainera, Nazioarteko Epaimahaiak sari ekonomikorik gabeko bi aipamen berezi ere egin ahal izango ditu.

Punto de Vistako programazio-batzordea Anna Brufauk (aurten sartu da batzordean), Lucía Salasek, Miguel Zozayak eta Pablo García Cangak osatzen dute, eta horiek arduratu dira filmen hautaketaz, Manuel Asín jaialdiko zuzendari artistikoarekin batera. 

2024ko Punto de Vista jaialdiko Sail Ofiziala
 
1.    Avalancha, Daniel Cortés. Kolonbia. 25 min. Espainia mailako estreinaldia.

2.    Corazón embalsamado, Julieta Seco. Argentina. 69 min. Mundu mailako estreinaldia.

3.    De caballos y guitarras, Pedro G. Romero. Espainia. 99 min. Lehiaketatik kanpo.

4.    ¿Dónde está Marie Anne?, Yaela Gottlieb. Peru, Argentina. 6 min. Europa mailako estreinaldia.

5.    El Canto de los Años Nuevos, Alexander Cabeza Trigg. Espainia. 23 min. Espainia mailako estreinaldia.

6.    En communauté, Camille Octobre Laperche. Frantzia. 44 min. Nazioarteko estreinaldia.

7.    Homing, Tamer Hassan. Brasil, AEB. 34 min. Mundu mailako estreinaldia.

8.    Inde Ved Siden Af / My Next Door Neighbours, Maia Torp Neergaard. Danimarka. 18 min. Mundu mailako estreinaldia.

9.    La rivière, Dominique Marchais. Frantzia. 104 min. Espainia mailako estreinaldia.

10.    La suite canadienne, Olivier Godin. Kanada. 68 min. Espainia mailako estreinaldia.

11.    La vida a oscuras, Enrique Bellande. Argentina. 74 min. Lehiaketatik kanpo. Nazioarteko estreinaldia.

12.    Night Walk, Sohn Koo-yong. Hego Korea. 65 min. Espainia mailako estreinaldia.

13.    Ôte-toi de mon soleil, Messaline Raverdy. Belgika. 49 min. Espainia mailako estreinaldia.

14.    Procès-verbal, Matthew Wolkow. Kanada. 5 min. Espainia mailako estreinaldia.

15.    Radiance, Shuhei Hatano. Japonia. 18 min. Nazioarteko estreinaldia.

16.    Remembering Franco, Pedro Pinzolas. Espainia. 69 min. Mundu mailako estreinaldia.

17.    Retrato de Mondongo, Mariano Llinás. Argentina. 121 min. Mundu mailako estreinaldia.

18.    Šutnja razuma / Silence of Reason, Kumjana Novakova. Ipar Mazedonia, Bosnia-Herzegovina. 63 min. Espainia mailako estreinaldia.

19.    Submarino volador, Lucas Zacarias. Kuba. 24 min. Espainia mailako estreinaldia.

20.    Sur le fil d’Ariane, Adina Ionescu-Muscel y Clara Beaudoux. Belgika. 11 min. Espainia mailako estreinaldia.

21.    Un cœur perdu et autres rêves de Beyrouth, Maya Abdul-Malak. Frantzia. 36 min. Espainia mailako estreinaldia.

22.    Vasudhaiva Kutumbakam / The World is Family, Anand Patwardhan. India. 96 min. Espainia mailako estreinaldia.

23.    Zinzindurrunkarratz, Oskar Alegria. España. 89 min. Lehiaketatik kanpo. Nafarroa mailako estreinaldia.


Azucena Vieites, 2024ko Punto de Vistaren irudiaren sortzailea

Jaialdiaren 2024ko edizioaren irudia Azucena Vieitesek sortu du. Hauxe dio artistak berak: “2024ko Punto de Vistaren kartelerako irudia sortzean, pentsatu nuen hobe izango zela aurretik eginda neuzkan piezetan esku hartzea, irudi bat berariaz ekoiztea baino. Aukeratutako irudiak jaialdiko gaien eta proposamenetako batzuen arteko loturak erakusten ditu”. Hala, artistak erabili duen teknikak lotura du Do It Yourself (zuk zeuk egin, ebaki eta itsatsi…) kulturaren moldeekin eta horren genealogietako batzuekin, hala nola surrealismoarekin (aurkitutako objektua) eta ready-made delakoarekin (jada ekoitzitako objektua). Ugaritasuna, zatiketa edo errepikapena irudi absolutuarekiko eta narrazio-forma linealekiko haustura gisa, edo obraren izaera iragankor eta prozesuala, horiexek dira egilearen ekoizpeneko alderdi nabarmenak. Azucena Vieitesen lanak bere lekua du hainbat erakunde eta museotako bildumetan, honako hauetan, besteak beste: Reina Sofia Museoa, San Telmo Museoa, IVAM, Artium, Kutxan Fundazioa, CA2M eta MUSAC.
 

Contactos, X Films edo Bitartekaritza-programa, jada iragarritako edukien artean

Azken asteetan, jaialdiak publiko orokorrak eta profesional zein ikasle akreditatuek ikusi ahal izango duten programazioaren lehen edukiak iragarri ditu.

Contactos sailean beirateen arte gotikoaren eta zinemaren arteko harremanari buruzko film-hitzaldi bat eskainiko da Jerome Hilerren eskutik. Hiler Estatu Batuetako abangoardiako zinemaren mitoa da, eta beste saio osagarri batean gutxitan programatzen diren haren filmak izango dira ikusgai. Horrez gainera, Oteiza Museoan Nestor Basterretxea diziplina anitzeko artistaren gaineko ikus-entzunezko hurbilketa bat proposatuko da, haren urteurrenaren harira. Bestalde, Punto de Vistak X Films proiektua berrituko du. Jaialdiko sail berezienetako bat da, zeinaren bitartez jaialdia film baten ekoizle bihurtzen den. Aurten Celia Viada Caso zinemagilea gonbidatu dute, 2024an filmatuko duen proiektu bat gara dezan, eta 2023an hautatutako proposamen gisa Tránsitos estreinatuko da, Anna López Lunak Super 8 kamerarekin grabatutako sanferminei buruzko ikuspegi pertsonal bat. 

Azkenik, hil hasieran ezagutzera eman zituzten Bitartekaritza-programako jarduerak. Programa horren helburua da jaialdia Iruña osoko ikusleengana iristea, honako hauen bitartez: haurrentzako tailer bat, zinema dokumentaleko bi saio familientzat, Nafarroako Filmotekan saio bat Batxilergoko ikasleentzat eta Gazte Programatzaileak x Punto de Vistaren beste edizio bat. 

Jaialdia hasi bitartean iragarriko dute gainerako programazioa. Aurten egitura sinpleagoa izango du, eta sei sailetan antolatuta egongo da: Sail Ofiziala, Fokuak, Lan, Contactos, X Films eta Bitartekaritza-programa.