Osasun Departamentuak arreta handiz jokatzea gomendatu du tenperatura baxuen alertaren aurrean

Bihar, ostirala, otsailak 10, -4ºC-tik beherako minimoak espero dira Nafarroa osoan
2023ko otsailaren 9a

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) gogorarazi du kontuz ibili behar dela datorren ostiralean, otsailak 10, tenperatura baxuak direla eta Nafarroan izango den arrisku-alertaren aurrean; izan ere, Estatuko Meteorologia Agentziaren (AEMET) eta Osasun Ministerioaren iragarpenen arabera, minimoak -4,6ºC-ra iritsiko dira, ezarritako atalasearen azpitik (-3.7ºC).

2022ko abenduaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra arte indarrean mantenduz, Osasun Ministerioaren eskutik sustatzen den ‘Tenperatura baxuetarako prebentzio jardueren Plan Nazionalak’ dio hotz handiak eragin negatiboa izaten duela osasunean, zuzenean nahiz zeharka. Plan honek prebentziorako eta kontrolerako jarduketak finkatzen ditu, jarduketa maila ezberdinetan egituratuak, tenperaturen jaitsieraren ondorioz jazotako arriskuaren arabera. Baina tenperatura baxuen eraginak ez dira tenperatura altuenak bezain zorrotzak eta bat-batekoak; planaren arabera, hotza, kontuan hartu beharreko ingurumen arriskuko faktore bat da eta osasunean izaten dituen inpaktuak muturreko beroarenak baino are larriagoak izan litezke.

Urte honetan Nafarroarako finkatutako tenperatura ataria -3.7ºC-koa da Iruñan. Planak hiru alerta maila antolatzen ditu, eta horien esleipena Osasun Ministeriotik egiten da, metodologia zehatz bati jarraiki eta erreferentzia gisa izanik hiru egunerako tenperatura minimoen iragarpena.

Hurrengo egunetarako aurreikuspenari helduz, Nafarroan 1 mailako edota arrisku urriko Alerta bat iragarri da otsailaren 10erako, ostirala. Gaur, osteguna, tenperatura minimoak -3,1ºC-ra iritsi dira.

Gomendio orokorrak

Testuinguru honetan, garrantzitsua da herritarrei gomendio orokorrak helaraztea, ohiko arrisku egoerak saiheste aldera.

  • Kanpoan, sudurretik arnastu eta ez ahotik, izan ere, airea berotu egiten da sudur-zuloetan barrena pasatzean, horrela biriketara iritsiko den hotza arinduz.
  • Izotzaren kasuan arreta muturreraino eraman. Hotzarekin lotura duten lesio ugari izotz-plaken gainean labaintzean gertatutako erorketekin lotuta daude. Labaintzearen aurkako oinetakoak erabili, ahal bada.
  • Kontuan hartu arropa finaren hainbat geruzek gehiago babesten dutela lodi bakar batek baino, bere artean aire isolagarriaren ganberak eratzeagatik.
  • Etxean su-ontziak edo tximinia erabiltzen badira, gela sarritan aireztatu, karbono monoxidoa metatzea ekiditeko. Gutxienez egunean bitan, 15 minutuz behin, eta horrela airea berritzen dela bermatuko da. Komenigarria da estufa elektrikoak eta gasdunak itzaltzea gauean zehar.
  • Ez hartu medikuaren errezetarik gabeko medikamenturik; gogoan izan hainbat medikamenturen eraginez, hotzaren eraginpean egoteagatik sortutako arazoak larriagotzen direla.
  • Askotariko elikadura zaindu eta ahal den neurrian, egunero fruta eta barazkiak kontsumitu. Likidoak edan, nahiz eta egarririk ez izan, batez ere ur nahiz edari beroak eta alkoholaren kontsumoa saihestu, hotzaren sentipena mugatzen baitu.
  • Etxetik irten aurretik, aurreikuspen meteorologikoen gainean informatu.
  • Edonork tenperatura baxuekin lotutako arazoren bat jasan lezakeen arren, ahalik eta arreta gorenena eman hotzaren aurrean zaurgarritasun egoeran egon litezkeen pertsonei. Beharrezkoa bada, bere profesional sanitarioarekin kontaktatu.
  • Gripeari eta koronabirusari aurre egiteko txertatzea gomendatzen zaie 60 urteko eta adin horretatik gorako pertsonei eta gaixotasun kronikoren bat jasaten duten haiei (bihotz-biriketakoa, metabolikoa eta immunodeprimituak).

Bestalde, soilik muturreko kasu larrienetan, tenperatura oso baxuen eraginpean egoteak hipotermia eta izozte koadroak errazten ditu.

  • Hipotermia, gorputzean ezohiko tenperatura baxua jasatean jazotzen da, alegia hotz handia egiten duenean, gure gorputzean, bere termo-erregulazio sistemak konpentsatzeko duen ahalmenaren arabera, beroa azkarrago galtzen delako.
  • Izoztea, izozte-puntuaren azpitik dauden tenperaturen eraginez pertsona baten gorputzean atzematen diren lesioen emaitza da. Izozteaz ohartarazten diguten seinaleak dira azalaren inurridura, azal zuria edo horixka edo azal hozmindua edo tinkoa.

Gertatzen denean, garrantzitsua da ibiltzea, oinak edo behatzak izoztuta izaten badituzu, zeren unean-uneko lesioa larriagotu liteke. Lesionatutako gunean ur epeletan, ez beroan, sartu. Aukeran, halaber bere gorputzeko beroa erabil liteke, eragindako gunea kontaktu horrekin berotzeko. Gogoan izan lesionatuta dauden atalek sentsibilitate gutxiago izaten dutela eta oharkabean erre egin litezkeela.

Egoera hauek prebenitzeko, komenigarria da pertsona zaurgarrienak babestea, adibidez adineko pertsonak, etxerik gabeko pertsonak eta pobrezia edo estatus ekonomiko eskasa jasaten dutenak, bereziki hori pobrezia energetikoan gauzatzen denean, eta prekarietate egoeran dauden etorkinak; estres iraunkorreko egoeretan larriagotu litezkeen gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak; haurdun dauden emakumeak; jaio berriak eta bularreko umeak; medikamentuak kontsumitzen dituzten pertsonak, hotzarekin lotutako sintomak larriagotu litezkeenean; mugikortasun murriztuko pertsonak, indargeak, neke fisikoaren edo intoxikazio etilikoaren eraginpean dauden kasuak; aire librean lana egiten dutenak; edo eremu hotzetan aire libreko kirolak praktikatzen dituztenak. Halaber, enpresetarako eta langileentzako gomendioak ematen dira.

Azkenik, zentzuzkoa litzateke hotz eta elur ekaitzaren aurrean ematen diren gomendio orokorrak gogoan hartzea, esaterako, alferrikako lekualdatze guztiak saihestea.