2023ko urtarrilaren 18a

Ollo kontseilariak PLEren adierazpena babestu du, mugako pasabideak irekitzea eskatuz

Pirinioetako Lan Elkartea itxieraren aurka agertu da berriro, eta Mugaz Gaindiko Mekanismoa aplikatzea defendatu du

Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok Pirinioetako Lan Elkartearen jarrera babestu du. Izan ere, bihar Bartzelonan egingo den Frantzia-Espainia goi-bilerak, “aukera ezin hobea ematen du Arantzazun PLEk bere 40. Osoko Bilkuran onartutako lehendakarien adierazpenean jasotako akordio nagusiak kontuan hartzeko”.

Aipatu akordioen artean, “aipagarria da 2021. urteko urtarriletik agintari frantsesek blokeatutako muga-pasabideak zabaltzeko beharra nabarmentzen duena; aldarrikapen hori erabat partekatzen du mugaz gaindiko eremuko aktore multzoak, eta inplikatuta dago, erabat integratutako mugaz gaindiko herritar multzo baten eraketan sakontzen jarraitzeko beharraren jabe izanik”. Era berean, adierazpen horrek aipatzen du “Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Europako Mekanismoa (ECBM) definitu eta aplikatzeko behar saihestezina, lurralde transpiriniotarrak ebatzi behar ohi dituen lege- eta administrazio-oztopoak gainditzen lagunduko duen baliabide bezala”. Ildo horretatik, “Espainiako eta Frantziako estatuei hala nola Europako Batzordeari eskatzen zaie noranzko horri eustea, adostasun bila”.

Bestalde, defendatzen du “hornidura energetikoaren jatorriak dibertsifikatzeko hala nola deskarbonizazioa sustatzeko mesedegarriak liratekeen azpiegitura transpiriniotarren garapena babestea, energia berriztagarrien iturriak baliatuz, esaterako hidrogeno berdea eta biometanoa”. Eta Osoko Kontseiluak dokumentuan erreklamatu zuen “Autonomia Eskualdeak eta Erkidegoak erabaki prozesuetan barne hartzea”.

Azkenik, aipatu adierazpenak nabarmentzen du “hidrogeno berriztagarria sustatzearren lankidetza transpiriniotarreko Protokolo baten erabilera bultzatzeko konpromisoa, xedea izanik hidrogenoaren ekonomia hedatzeko mugaz gaindiko eremu bat sortzea, lurralde horien posizionamendua sendotzeko eta estatu hala nola Europa mailako estrategietan finkatutako deskarbonizazio helburuak lortzea ahalbidetzeko”.

PLEko kideen arabera “Espainiako eta Frantziako Gobernuak elkartzeak aukera bikaina suposatzen du, gai hauen harira, Estatu bien arteko harremanak sendotzerakoan eta prest azaldu dira ekarpena egiteko, dagozkien eskumenetatik, eztabaidari nahiz Pirinioetako lurraldeen lehentasunetan aurrerapausoak emateko lankidetzari”.

Adierazpen osoa eskuragarri dago euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, frantsesez eta okzitanieraz.

Lurralde lankidetza sustatzea

Pirinioetako Laneko Erkidegoa (PLE), erronkak kontuan hartuz, aberastasunak zainduz eta lurralde lankidetza sustatuz, gehienbat bere lurraldeetako herritarren bizimoduaren onerako mugaz gaindiko lankidetza bultzatuz, Pirinioetako mendigunearen garapenari ekarpena egiteko helburu nagusia duen nazioarteko partzuergoa da.

PLEko kide dira Pirinioetako lurraldeak: Akitania Berria, Okzitania, Katalunia, Aragoi, Nafarroa, Euskadi eta Andorrako Printzerria.

PLE 1983an sortu zen, Pirinioetako eremua beste muga europar batzuetan dauden erako mugaz gaindiko lankidetza egitura batez hornitzekotan dabilen Europako Batzordearen babesarekin.

2005ean, PLE partzuergo bihurtu zen, Espainiako zuzenbide publikoarekin lotura duen entitate juridikoa izanik; eta horrek esku-hartzeko orduan bultzada berri bat eman zion, bereziki funtsen kudeaketaren eta Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027), POCTEFA 2014-2020 nahiz POCTEFA 2007-2013 programa europarren esparruan.